Frankismoaren finkapena, desarrollismoa eta oposizioa
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,85 KB
Sarrera
Aurreko 20 urteetan erregimen frankistaren oinarriak ezarrita, hirurogeiko hamarkadan erregimena guztiz finkatu zen, bere gainbehera hirurogeita hamarreko hamarkadan gertatu zelarik. Espainiak garapen handia bizi zuen arlo ekonomikoan; ez, ordea, arlo politikoan, zeinean Francok erregimen diktatoriala mantendu zuen hil arte.
7.1. Garapen ekonomikoa eta gizarte-eraldaketak
50eko hamarkadan autarkiarekin amaitu zen, zeinek kalte handia ekarri zion Espainiari (ordainketa-balantza negatiboa, urre-erreserben galera, nekazaritzaren produktibitate eskasa, inflazioaren gorakada). Horretarako, aurreko gaian ikusi genuen moduan, 1957an Francok teknokratak jarri zituen gobernuan (Opus Deikoak, ekonomia irekitzearen aldekoak, baina kontserbadoreak). Egonkortze Planaren (1959) bitartez, pezeta debaluatu, gastu publikoa murriztu eta merkatuen irekiera eman zen. Bide beretik, hau osatzeko lau urteko hiru Garapenerako Plan diseinatu zituzten gobernuko teknokratek:
Helburuak eta neurriak
- Helburuak: Ekonomia garatzeko erreformak egitea, Espainia nazioarte mailan potentzia ekonomiko bihurtzea eta defizita gainditzea.
- Hartutako neurriak: Lehentasunezko sektoreak zehaztu eta horietara inbertsioak bideratu zituzten. Ekimen pribatua sustatu zuten abantaila fiskal eta maileguen bidez.
- Garapen guneak (Garapenerako poloak): Burgos, Valladolid, Vigo, A Coruña, Huelva, Sevilla eta Zaragoza bultzatu zituzten.
Emaitzak eta "Espainiako miraria"
Garapen ekonomikoak desarrollismo izeneko aldiari hasiera eman zion, defizita gaindituz. 1960-1973 bitartean hazkundea sekulakoa izan zen eta "Espainiako miraria" esan zioten: nazio-errenta hirukoiztu egin zen eta BPGa urtero %7 igo zen. Honek lau oinarri izan zituen: industria, emigrazioa, turismoa eta atzerritar kapitalak.
Gizarte-aldaketak eta ondorioak
Emigrazioa eta hirien hazkundea
Industriaren garapenaren eraginez, espainiar askok emigratu zuten landa-eremuetatik industria-guneetara, Espainian bertan. Beste batzuk atzerrira joan ziren, Alemania eta Frantziara batez ere, soldata hobeagoek erakarrita. Hauek ekarritako kapitalek merkataritza-balantza orekatu zuten. Biztanleriaren hazkundea ere gertatu zen, heriotza-tasa txikiagotu eta jaiotza-tasa handitu zelako. Emigrazioaren ondorioz, hirien hazkunde kontrolik gabea eman zen.
Ingurumena eta lurralde-desorekak
Industria eta turismoaren hazkundea ekologia errespetatu gabe eman zen, ingurumenean arazo larriak sortuz. Lurraldeen arteko aldeak areagotu ziren: 70eko hamarkadan Espainia herri garatua zen, baina desoreka handiekin. Eskualde garatuenak Euskadi, Madril eta Katalunia ziren. Beste muturrean, bi Gaztelak, Aragoi, Andaluzia eta Extremadura zeuden, garapen-guneak sortu arren (Valladolid, Vigo, Zaragoza, Burgos).
Lege-aldaketak eta irekitze intelektuala
Gizarte Segurantzako Oinarrien Legeak (1963) hobekuntzak sartu zituen: jubilazio ordaindua, osasun-kobertura zabala eta opor ordainduak. Zentsura egon arren, nolabaiteko irekitze intelektuala eman zen; Fraga Iribarnek Prentsaren Legea (1966) eman zuen, aurretiazko zentsura ezabatuz, baina a posteriori-koa mantendu zuen. Beraz, isunak eta espetxeratzeari eutsi zioten. Halere, lege honi esker, Matesa ustelkeria-kasua prentsan argitaratu zen.
Estatutuaren Lege Organikoa (1967): erregimen frankistaren "oinarriko legeen" azkenengoa izan zen. Lege honek aurrekoak biltzen zituen, baina berritasun batekin: Estatuburua eta gobernuburua banatzea. Hala ere, Francok ez zuen 1973ra arte indarrean ipini, Carrero Blanco gobernuburu izendatu zuenean.
7.3. Oposizioaren gorakada eta erregimenaren erantzuna
1960tik aurrera aldaketa politikoen aldeko nahiak gero eta handiagoak ziren:
- Municheko Biltzarra (1962): Europako Mugimenduaren V. Biltzarrean, 118 politikari espainiarrek (nazionalistak, sozialistak, monarkikoak) erregimenaren izaera antidemokratikoa salatu zuten. Francok errepresioarekin erantzun zuen, parte-hartzaileak erbesteratuz edo Kanarietara bidaliz.
- Komunismoa: PCE alderdiak, Dolores Ibarruri eta S. Carrillok zuzenduta, gorakada handia izan zuen eta errepresiorik gogorrena jasan zuen.
- Lan-mundua eta Unibertsitatea: Grebak eta sindikatuen legalizazio-eskariak ugaritu ziren. Langile Komisioak (CC.OO.) ezkutuan aritzen ziren. Unibertsitatean mobilizazioak ohikoak ziren eta poliziak maiz esku hartzen zuen.
- Nazionalismoak eta Eliza: Periferiako nazionalismoak (EH, Katalunia, Galizia) indartu ziren. ETAren ekintzak, Burgosko prozesua eta Carrero Blancoren hilketa nabarmendu ziren. Klero berria ere diktaduratik urruntzen hasi zen, eta 1971n Elizak barkamena eskatu zuen Gerra Zibilaren ostean berradiskidetze-tresna izaten ez jakiteagatik.
Erregimenaren immobilismoa
Erregimenaren erantzuna errepresioa eta immobilismoa izan zen. TOP (Tribunal de Orden Público) sortu zen delitu politikoak epaitzeko. Ahalegin erreformista batzuk egon ziren erregimena arlo ekonomiko eta sozialera egokitzeko, baina oinarrizko askatasunak aitortu gabe. Uste zen desarrollismoak erregimena sendotuko zuela oparotasunaren bidez.
Bankuen boterea eta krisi politikoa
Ekonomia-jarduera berriek banku-sektorearen garapena bultzatu zuten, oligarkia boteretsu bat eratuz (zazpi banku handienek baliabideen %80 kontrolatzen zuten). Carrero Blancok, 1969an presidenteorde izendatua, irmo eutsi zion irekitasun-ahaleginak gelditzeari. Barne-desadostasunek, teknokraten eta falangisten arteko talkek eta oposizioaren indarrak erregimenaren finkapena kolokan jarri zuten.