Frankismoaren Hasierako Legeak: Errepresio Politikoa eta Autarkia Ekonomikoa
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,79 KB
TESTUA: Erantzukizun Politikoen Legea (1939)
Kokapena
Aztergai dugun testua historikoa da, lehen mailako iturria. Formaren aldetik juridikoa da, lege-artikuluen sorta bat baita. Egilea Gobernua da, eta Francok sinatua dago. Helburu publikoa du, altxamenduarekin bat ez zetozen guztiak zigortzeko erabili zen legea baita; hortaz, eduki politikoa du. Erantzukizun Politikoen Legea 1939ko otsailaren 9an onartu eta 13an BOEn argitaratu zen. Espainiako Gerra Zibilaren amaieran sartu zen indarrean.
Analisia
Ideia nagusia
Gerra Zibila amaitu ondoren, gobernuak errepresioa bideratzeko onartutako legeetako bat da.
Ideien sailkapena
Garaileen ustez, garbiketa egiteko garaia heldu da. Lehenengo paragrafoan azaltzen den bezala, erantzukizun politikoak eskatzeko ordua heldu da. Bigarren paragrafoan, nork ezarriko dituen zigorrak adierazten du.
- 1. artikuluan: Nortzuk jotzen diren erantzule politikotzat aipatzen da.
- 2. artikuluan: Legez kanpo geratzen diren alderdi eta erakundeak zehazten dira.
- 3. artikuluan: Legez kanpo geratzen direnek jasoko dituzten zigorrak aipatzen dira.
Inguru Historikoa
1936ko otsailean, Bigarren Errepublikako azken hauteskunde libreak egin ziren, eta Fronte Popularrak irabazi zuen. Hurrengo 40 urteetan ez zen hauteskunderik izango.
1936ko uztailaren 18an, eskuin muturreko jeneral talde batek Errepublikaren aurkako altxamendua abiatu zuen, Francoren gidaritzapean. Errepublikaren aldekoek erresistentzia handia erakutsi zuten.
Bi aldeek laguntza militarra eskatu zuten. Nazionalek (matxinatuek) Alemaniaren eta Italiaren laguntza jaso zuten, eta errepublikanoek, berriz, SESBen eta Nazioarteko Brigaden laguntza izan zuten.
Gerra Zibila hasi zen, eta 1937an Iparraldeko frontea erori zen. 1938an Aragoi eta Katalunia ere galdu zituzten errepublikanoek, eta 1939ko hasieran Francoren armadak Madril hartu zuen.
Gerra amaitzean, Francoren diktadura ezarri zen, Errepublikako lan politiko, sozial eta kulturala deuseztatu zuena. Diktadura autoritario eta militarra izan zen, eta demokraziarekin amaitu zuen.
Gerra amaitu eta berehala, errepresio gogorra hasi zen, eta "Erantzukizun Politikoen Legea" erabiliz, erregimenaren aurka zeudenak atxilotu, espetxeratu eta exekutatu zituzten.
Gerra ondoren, Espainia eta Euskal Herria lurralde suntsitu eta baliabiderik gabe geratu ziren. Demografiaren aldetik galera handiak izan ziren, hildakoak, gaixoak eta erbesteratuak kontuan hartuta.
Erbesteratu asko izan zen, baina errepublikano asko Espainian geratu ziren eta garaileen errepresaliak jasan zituzten.
Garrantzia
Erantzukizun politikoei buruzko legeak alderdi, erakunde eta elkarte politiko zein sozial ugari legez kanpo utzi zituen. Erregimen berriak gerra deklaratu zien liberalismoari, demokraziari, sindikalismoari eta komunismoari. Errepresio bortitza oso eraginkorra izan zen, eta gizartearen desadostasuna gorabehera, oposizio sendo eta antolaturik sortzea eragotzi zuen.
TESTUA: Nazio-intereseko Industriak Babesteko Legea (1939)
Kokapena
Jatorriaren arabera, lehen mailako iturria da, dokumentu historikoa. Formari eta edukiari dagokienez, juridiko-ekonomikoa da. Testu publikoa da, espainiar guztiei zuzenduta baitago. Egilea: Francisco Franco, estatu- eta gobernu-burua. Nazio-intereseko industriak babesteko lege hau BOEn argitaratu zen 1939ko urriaren 25ean, gerra amaitu eta hilabete gutxira.
Analisia
Gaia
Interes nazionaleko industriak babesteko legea.
Ideia nagusiak
Ideia nagusiak Espainiaren egoera ekonomikoari, egoera hobetzeko erregimenaren nahiari, interes nazionaleko industrien garrantziari eta horien onurei buruzkoak dira. Testuak ikuspegi ideologiko mistiko-erlijiosoa du.
Lehenengo paragrafoan, gerrak argi utzi du zein garrantzitsua den defentsa- eta ekonomia-beharrak ziurtatzen dituzten industriak lurraldean bertan izatea.
Hurrengo bi paragrafoetan, Espainiak inportatzeari utzi eta bertan ekoizten dena kontsumitu behar duela azaltzen du, eta, horregatik, nazio-intereseko industriak sortzeko laguntzak emango direla dio.
- 1. artikuluan: Azaltzen duenez, beharrik ez badago eta inbertsio pribatua erakarri behar bada, nazio-intereseko industria deklaratzeko aukera egongo da, aurretiazko txostenak egin ondoren.
- 2. artikuluan: Behin nazio-intereseko industriatzat hartuta, Estatuak abantaila batzuk emango dizkio (lurrak desjabetzeko erraztasuna, zergen murrizketa...).
- 3. artikuluan: Estatuak esku hartuko du industria ezartzean eta haren martxan.
- 6. artikuluan: Enpresa emakidaduna egonkortu eta martxa ekonomikoa ziurtatutakoan, ez ditu onura horiek jasoko, baina Estatuaren esku-hartzetik libre geratuko da.
Inguru Historikoa
Gerra Zibilaren ondorioak Espainiako ekonomian oso larriak izan ziren: per capita errenta jaitsi zen eta industria-ekoizpena gerra aurretik baino txikiagoa izan zen. Erregimen frankistak sistema autarkikoa ezarri zuen, Alemaniako eta Italiako ereduei jarraikiz, kanpoarekiko mendekotasuna saihesteko. Horretarako, industria propioa behar zuen, eta INI (Industria Institutu Nazionala) sortu zen, industria militarrari eta sektore estrategikoei arreta berezia eskainiz, hala nola ontzigintzari, siderurgiari eta ibilgailuen industriari.
Estatuak merkataritza-ekintza guztiak kontrolatu zituen, esportazioak handituz eta inportazioak murriztuz, herrialdearen beharrak baliabide propioekin asetzeko asmoz. Nekazaritzak laguntza gutxi jaso zuen, eta ekoizpena jaitsi zen, lehorteak eta prezio ofizialen ezarpena zirela eta. Elikagaien eskasia handitu zen, eta gobernuak errazionamendu-liburuxkak ezarri zituen.
Lehen urteetan, oinarrizko industrian arrakasta lortu zen, baina kanpoko lehiarik ez zegoenez. 1953tik aurrera sistema ahultzen hasi zen, eta 1959ko Egonkortasun Planarekin Espainiako ekonomia liberalizatu zen, teknokraten garaia hasiz eta 60ko hamarkadan "mirari ekonomikoa" deitutakoa gertatuz.
Garrantzia
Testu hau garrantzi handikoa da. Frankismoaren politika ekonomikoaren bidea (autarkia) zein izan zen erakusten du. Ondorioz, nekazaritza-mundua oso kaltetua izan zen, eta, beraz, ez zuen garai hartako gose izugarria eten. Lege honek ez zuen bere helburua lortu, eraginkortasun txikia izan baitzuen. Gainera, 1959tik aurrera baztertu egin zen.