Frankismoaren Legeak eta Oposizioa (1939-1967)

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,05 KB

TESTUA: Erantzukizun Politikoen Legea (1939-02-09)

Gobernuak (...) uste du unea iritsi dela Erantzukizun Politikoen Lege bat emateko, balioko duena beren egite edo ez-egite larriekin matxinada gorria gorpuzten lagundu zutenei alde horretatik dituzten erruak garbitzeko (...).

Zigorrak ezartzeaz arduratuko diren auzitegietako kideak Armadaren, Magistraturaren eta Falange Española Tradicionalista y de las JONSen ordezkariak izango dira (...).

artikulua

Erantzule politiko deklaratzen dira 1934ko urriaren 1etik 1936ko uztailaren 18ra bitarte Espainiari jasanarazi zitzaion era guztietako subertsioa eragiten edo areagotzen lagundu zuten pertsona fisikoak nahiz pertsona juridikoak, eta orobat bigarren data horretatik aurrera, beren egintza batzuekin edo gelditasun larriarekin, Mugimendu Nazionalaren kontra aritu direnak edo daudenak.

artikulua

Aurreko deklarazioaren ondorioz (...) legez kanpo gelditzen dira 1936ko otsailaren 16an egindako hauteskundeen deialdia egin zenez geroztik Fronte Popularra osatu duten alderdi edo talde politiko eta sozial guztiak, eta orobat harekin bat egin duten edo hari atxiki zaien alderdi eta taldeak hor egin izan hutsagatik, erakunde separatistak eta Mugimendu Nazionalaren Garaipenari kontra egin dioten guztiak.

artikulua

Legez kanpo deklaratutako alderdi, talde eta erakundeek osotara galduko dituzte era guztietako eskubideak eta ondasun guztiak.

Iturria: Boletín Oficial del Estado, 1939ko otsailaren 13a.


TESTUA: Munichen Hartutako Erabakia (1962-06-07/08)

Europar Mugimenduaren Kongresua

Europar Mugimenduaren Kongresuak, Munichen 1962ko ekainaren 7an eta 8an bilduta, iritzi dio ezen, edozein herrialdek Europan sartu nahi badu, izan atxikita edo izan elkartze bidez, herrialde horrek erakunde demokratikoak izan beharko dituela; horrek, Espainiaren kasuan, Gizakiaren Eskubideei buruzko Europar Konbentzioaren eta Europako Gizarte Gutunaren arabera, hau esan nahi du:

  1. Benetan ordezkaritza bidezkoak eta demokratikoak diren erakundeak eratzea, zeintzuek bermatzen baitute gobernua herritarren onespenean oinarritzen dela.
  2. Pertsonen eskubide guztiak egiazki bermatzea; bereziki, norberaren askatasunari eta adierazpen-askatasunari buruzkoak, gobernuaren zentsurarik gabe.
  3. Erkidego naturalen izaera berezia aitortzea.
  4. Askatasun sindikalak oinarri demokratikoen gainean baliatu ahal izatea eta langileek beren oinarrizko eskubideak defendatu ahal izatea; besteak beste, greba-eskubidearen bidez.
  5. Iritzi-korronteak eta alderdi politikoak antolatzeko aukera izatea, oposizioaren eskubideak aitortuta.

Kongresuak itxaropen sendoa du aurreko oinarri horien araberako eboluzioak aukera emango duela Espainia Europan sartzeko, haren funtsezko osagaia baita; eta adierazgarritzat dauka Kongresuan partaide izan diren espainiar ordezkari guztiek adierazi izana seguru daudela espainiar ordezkari gehienek nahi dutela eboluzio hori zuhurtzia politikoaren arauen arabera egitea, egoerak aukera ematen duen bezainbesteko azkartasunarekin, denen zintzotasunarekin eta eboluzio-prozesuaren aurretik, prozesuan bertan nahiz prozesuaren ondoren bortxakeria aktibo nahiz pasiboari uko egiteko konpromisoarekin.

Iturria: Munich (Alemaniako Errepublika Federala), 1962ko ekainaren 8a.


TESTUA: Estatuaren Lege Organikoa (1967-01-11)

Orain arte promulgatutako legeek erakunde-antolamendua behar duten gai gehienak hartzen dituzte (...). Iritsi da Estatu nazionalaren erakundetzea burutzeko une egokia (...). Horren kariaz, (...), honako hau xedatzen dut:

artikulua

1. Espainiar estatua, erresuma gisa eratua, erkidego nazionalaren erakunde gorena da.

artikulua

1. Subiranotasun nazionala bakarra eta zatiezina da, eta ezin da ez ordezkatu ez laga.

II. Espainiar estatuaren erakunde-sistema botere-batasunaren eta funtzio-koordinazioaren printzipioetan oinarritzen da.

artikulua

Honako hauek dira Estatuaren oinarrizko xedeak: Espainiako gizakien arteko eta lurren arteko batasunaren defentsa; Nazioaren osotasuna, independentzia eta segurtasuna mantentzea (...). Hori guztia Mugimendu Nazionalaren Printzipioen inspirazioarekin eta haiekiko leialtasun zorrotzenarekin (...), printzipio horiek, beren izaeragatik beragatik, iraunkorrak eta aldaezinak baitira.

artikulua

Estatuburua nazioaren ordezkari gorena da; nazio-subiranotasuna pertsonifikatzen du; botere politiko eta administratibo gorena erabiltzen du; Mugimenduaren Buruzagitza Nazionala du, eta Mugimenduaren eta Erresumako gainerako Funtsezko Legeen printzipioak zorrotz betetzen direla zaintzen du (...): legeak promulgatu eta berresten ditu (...); lurreko, itsasoko eta aireko armaden gaineko aginte gorena du; (...); haren izenean administratzen da justizia; grazia-eskubidea erabiltzen du; enpleguak, kargu publikoak eta ohoreak ematen ditu, legeek xedatutakoaren arabera; ordezkari diplomatikoak akreditatu eta hartzen ditu, eta Erresumako Funtsezko Legeen arabera dagozkion guztiak egiten ditu (...)

artikulua

1. Gobernuburuak espainiarra izan behar du, eta estatuburuak izendatuko du Erresumako Kontseiluak proposatutako hirukote batetik hautatuta.

Iturria: Boletín Oficial del Estado, 1967-01-11.


TESTUA: Baionako Hitzarmena (1945-03-31)

Euzkadik Frantzian dituen erakunde politiko eta sindikalek, zeinak, Euzkadiko Gobernuarekin batuta, Francok zuzendutako matxinada-mugimenduaren aurka heroikoki borrokatu baitziren, honako hau adierazi nahi dute, etorkizunari begira bakoitzak dituen berezitasun ideologikoei uko egin gabe eta hipotekatu gabe:

  1. Berretsi egiten dutela altxamendu militarra zela-eta 1936ko uztailaren 18an abiarazitako ekintza gauzatzeko indar-batzea. Batura hura era organikoan islatuta geratu zen 1936ko urriaren 7an, Euzkadiko Gobernua osatu zenean, Jose Antonio Agirre jaun txit gorenaren lehendakaritzapean, Errepublikako Gorteek bozkatutako Estatutuaren arabera.
  2. Gobernu horretan konfiantza osoa dutela eta beharrezko laguntza eskainiko diotela, euskal herriaren bidezko ordezkari gisa, baldin eta haren helburu politiko eta sozialak jasotzen baditu.
  3. Normaltasun demokratikoa berriz ezarritakoan euskal herriak askatasunez adieraziko dituen nahiak errespetatu eta defendatuko dituztela.
  4. Euzkadiko Gobernuak egin beharreko lanean aholku eman eta lan hori prestatu eta babestuko duen erakunde aholku-emaile bat eratuko dutela gerraren ondorioz euskal lurraldetik kanporatu dituen erregimen antidemokratikoa erortzea lortutakoan. Erakunde horren funtzionamendua araudi egoki baten bidez arautuko da.
  5. Penintsulako herri, alderdi politiko eta erakunde sindikal guztiekin batera borrokan jarraituko dutela, arlo guztietan, Francoren gobernuaren, Falangearen eta beste edozein diktadura-erregimenaren aurka, bai eta demokraziaren kontrako eta monarkia berrezartzearen aldeko bestelako mugimendu guztien aurka ere, halakoak agertuko balira.

Entradas relacionadas: