Frankismoaren Oinarri Ideologiko eta Politikoak
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,64 KB
Frankismoaren Oinarri Ideologikoak
1. Faxismoaren ideologia eta alderdi bakarra
Alderdi bakarra ezarri zuen: Falange Española y Tradicionalista de las JONS. Karlistetatik faxista porrokatuenetaraino doazen talde desberdinak derrigorrez batu zituen. Kontra zeudenak fusilatuak edo kartzelatuak izan ziren. Francok Falangeren sinboloak eta parafernalia erabili zituen. Botere guztiak batu zituen eta, buruzagi faxistek bezala, titulu berezia hartu zuen: “Caudillo”. Francok antzinako inperio espainiarraren handitasuna lortu nahi zuen. Baina eredu faxista ez zen erabat nagusitu Espainian, armadak alderdiak baino indar handiagoa zuelako eta Francok ez zuelako Hitlerrek edo Mussolinik zuten karisma pertsonala.
2. Antikomunista eta antiliberala
Iraultza komunista eragoztea altxamenduaren arrazoietako bat izan zen. Gerra bukatu aurretik, Espainiak Anti-Komintern Ituna (III. Internazionalaren aurkakoa) sinatu zuen Italia eta Alemaniarekin batera. Franco asko poztu zen Hitlerrek Sobietar Batasuna inbaditu zuenean, eraso horrek bere antikomunismoa justifikatzen baitzuen.
3. Nazional-katolizismoa
Elizak “Gurutzada Santu” gisa aurkeztu zuen gerra. Francok bere burua Espainia salbatzeko Jainkoak aukeratutako gizontzat ikusi zuen. Diktaduran, erregimenaren eta Elizaren arteko kolaborazioa erabatekoa izan zen. Elizak edozein erakundek nahi lukeen guztia izan zuen: irakaskuntzaren kontrola, dirua, elizgizonen mantenurako baliabideak eta gizartean eragin handia izatea.
4. Nazionalismo espainiarra
Militar irabazleek zein Falangek zentralismorako joera zorrotza izan zuten. Nazionalismo espainiarra erregimen frankistaren helburuen oinarrizko zatia izan zen, eta herria mobilizatzeko formula gisa erabili zuten nazioarteko isolamendu urteetan.
5. Nazionalsindikalismoa
Frankismoa kapitalista izan zen, helburu sozioekonomikoetan jabetzaren printzipio liberalen eta sindikatu, lan eta politika arloetako kontrol faxistaren arteko nahasketa izan arren.
Frankismoaren Oinarri Politikoak
1. Lanaren Forua (1938)
Lan munduko harremanak arautu eta ekonomia antolatzeko oinarriak ezarri zituen. Beharrezko sindikatu bakarra Falangeren menpe geratu zen eta lan antolaketaz arduratu zen. 1943an, gaixotasun, amatasun, zahartzaro, elbarritasun eta istripu aseguru-sistema bat ezarri zen.
2. Gorteen Legea (1942)
Erakunde legegilea zen itxuraz; praktikan, ordea, Francok egindako legeak onartzera mugatzen zen. Partaideak “Prokuradoreak” ziren: batzuk Francok zuzenean izendatuak eta besteak ofiziozkoak. 1968tik aurrera, prokuradoreen herenak familiak ordezkatuko zituen, sufragio zentsitarioaren bidez aukeratuak. Beraz, ez ziren Gorte errepresentatiboak.
3. Espainiarren Forua (1945)
Bigarren Mundu Gerra amaituta promulgatu zen, Erreferendum Legearekin batera, potentzia garaileen aurrean demokrazia itxura azaltzeko beharra ikusi zuelako. Falangistak baztertuak izan ziren; hala ere, lege hauek ez zuten sistemaren demokratizazioa ekarri, Francok botere absolutua gorde baitzuen.
4. Erreferendum Legea (1945)
Espainiarren Forua osatzeko emana, sufragio unibertsala aitortuta zegoela erakutsi nahian. Erabaki garrantzitsuak hartzeko erreferenduma egiteko aukera ematen zuen, baina koakzioek eta beldurrak emaitzak baldintzatzen zituzten.
5. Ondorengotzako Legea (1947)
Espainia erresuma gisa aldarrikatu zuen, Franco biziarteko Estatuburu berretsi zuen eta errege izango zena aukeratzeko ahalmena bere esku utzi zuen. Borboien dinastiako buruak ez zuen lege hau onartu, eskubide dinastikoak ez baitzituen errespetatzen.
6. Mugimendu Nazionalaren Printzipioen Legea (1958)
Aipatutako lege guztiak biltzen zituen. Doktrina falangista instituzionalki ezartzea eta Falange Española y Tradicionalista alderdi bakarra izatea berresten zuen.
7. Estatuaren Lege Organikoa (1966)
Erregimena modernizatzen eta demokratizatzen ari zela erakusteko egindako irudi-garbiketa izan zen. “Demokrazia organikoa” deiturikoaren bidez, ordezkaritza politikoa gizartearen talde naturalen bitartez bideratzen zen. Lege honek aurrerapen txiki bat suposatu zuen: familiak ordezkatzen zituzten prokuradoreen herena familiaburuek aukeratuko zuten sufragio bidez. Estatu-burutza Francoren eskuetan geratu zen, eta gobernu-lehendakaritza banatu egin zen, nahiz eta lehendakaria Francok izendatu eta haren aurrean erantzule izan.