Fronte Popularra eta Gerra Zibila Euskal Herrian: Kausak eta Ondorioak
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,49 KB
Fronte Popularra: Kausak eta Sorkuntza
Fronte Popularra 1936an sortutako ezkerreko eta errepublikanoen koalizioa izan zen. CNTren boto-eskariari esker, diktaduraren aurreko azken hauteskunde demokratikoetan gobernua lortu zuten. Hau ondorengo arrazoiengatik gertatu zen:
- 1934ko urriaren 4an, iraultza bilakatu zen alderdi sozialistak deitutako greba orokorraren errepresioak zauri handia eragin zien ezkerreko alderdiei, liderrak espetxeratu edo erbestera ihes egitera behartuz. Alderdi politikoak lider argirik gabe geratu ziren, noraezean.
- Lerroux eta CEDAren gobernuak, aurreko gobernu ezkertiarrak martxan jarritako erreformak geldiarazten ari zen, oraingoan iraultzaren aitzakia erabiliz. Besteak beste, Kataluniako estatutua indargabetu zuten.
- Falangea indartzeak gizartean eragina izan zuen; eskuineko alderdiak ere erradikalizatu egin ziren, faxismora gerturatuz.
CEDA gobernuan egonik, erreformak geldirik zeuden, eta ezkerrekoek Errepublika arriskuan ikusten zutenez, koalizio bat sortzeko ideia izan zuten. Errepublikanoek sozialistak konbentzitu nahi zituzten. Adostasuna lortzea zaila zen, eta programa idazteko arazoak izan zituzten. Errepublikano moderatuak sozialista iraultzaileekin borrokan aritu ziren, adostasunera iritsi nahian. 1934ko gertakarien ondorioz zigortutakoei amnistia ematean ados zeuden, baina lurren kolektibizazioaren eta bankuen nazionalizazioaren ideietan desadostasunak zituzten. Errepublikanoek modu moderatuan egin nahi zituzten eraldaketak, eta sozialistek, berriz, modu erradikalean beren programa politiko osoa inposatu nahi zuten.
Azkenean, koalizioa sortu zuten, gutxieneko adostasun batzuetara iritsita. 1936ko hauteskundeetara aurkeztu eta irabazi egin zituzten; aldea txikia izan zen, eta eskuin-ezker banaketa argia zegoen.
Fronte Popularraren Ondorioak eta Gerra Zibilaren Hasiera
Fronte Popularrak 1936ko hauteskundeak irabazi ondoren, gobernua eratu zen, Manuel Azaña buru zela. Gobernuan errepublikanoek bakarrik hartu zuten parte; sozialistak kanpo geratu ziren. Gobernuak 1934ko gertakarien ondorioz zigortutakoei amnistia zabala eman zien, Kataluniako estatutua berrezarri eta nekazaritzako erreformak jarri zituen martxan.
Zenbaitentzat, ezkerraren gobernua (sozialista eta anarkistekin) Espainiarentzat kaltegarria zen; ez zuten gustuko izango, eta horren kontra egitea beharrezkoa zela ulertu zuten. Hainbati ez zitzaien hauteskundeen emaitza gustatu, eta joko-arauak jarraitu beharrean, indarrez nahi zutena inposatzea erabaki zuten. Beraz, eskuineko hainbat talde gobernuaren aurkako konplota antolatzen hasi ziren. Tentsioa etengabe gora joan zen, gobernuko desadostasunak eta aurkaritzak kontuan hartuta. Errepublikaren aurkariek gero eta indar gehiago izan zuten, eta parlamentuan bertan ere Errepublikarekin amaitzearen beharraz hitz egiten zuten.
Emilio Mola buru zuen konspirazio militar honek CEDAko masa katolikoaren laguntza, oligarkia monarkikoaren eta Falangearen babesa izan zuen. Une hartan eskuinaren eta ezkerraren artean zegoen tentsioaren adibide dira Castillo tenientearen eta Calvo Soteloren hilketak, 1936ko uztailean. Kalean hil zituzten: bata Falangeko milizia armatuek, eta bestea aurreko hilketaren erantzun gisa.
Dena eztanda egin zuen uztailaren 17an. Estatu-kolpea eman zuten monarkikoek, faxistek, karlistek, katolikoek eta militarrek. Gobernu demokratiko eta legitimo baten aurka altxatu ziren, eta erasoari, zilegi zen gobernuak erantzun militarra eman behar izan zion. Horrela hasi zen Gerra Zibila.
Gerra Zibila Euskal Herrian: Gertaerak eta Kausak
1936ko Gerra Zibila Euskal Herrian ere gertatu zen, eta oso gogorra izan zen. Hasieran, Eusko Jaurlaritza sortzea zaila izan zen, Araba matxinoen esku geratu zelako. Emilio Mola jenerala matxinoen buru zen, eta haren armada karlistek eta Espainiako militar batzuek osatzen zuten. Euskaldunek ere armada bat sortu zuten, Eusko Gudarostea, baina armak eta baliabideak falta zituzten.
1936ko irailean, Gipuzkoa matxinoen esku geratu zen. Gudarosteak defentsan jardun zuen, eta 1937ko apirilean, Intxortako Batailan, matxinoen aurreraldia moteldu zuten. Hala ere, gerora, matxinoek Euskal Herria kontrolatu zuten, eta errepresio latza hasi zen. Asko fusilatu eta hil zituzten, batez ere Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian.
Gainera, gerra-hegazkinek herritarrak bonbardatu zituzten, eta Bilbo 1937ko ekainaren 19an erori zen. Azpiegitura industrialak ere suntsitu zituzten. Azkenik, Santoñako Paktoan, EAJko ordezkariek Euskal Herriko borrokaren amaiera sinatu zuten, baina Espainiako Errepublikako gobernuak hori traiziotzat jo zuen.
Gerra Zibilaren Ondorioak Euskal Herrian
Gerra Euskal Herrian oso gogorra izan zen. 15.000 soldadu inguru hil ziren borroketan, bi aldeetakoak kontuan hartuta. Matxinoek 5.000-5.800 pertsona hil zituzten Euskal Herriko lau probintzietan, eta Nafarroan 3.000 inguru, nahiz eta han ez zen borroka zuzenik egon. Gainera, 38.000 haur atzerrira bidali zituzten gerratik ihes egiteko, eta beste asko kartzelaratu edo zigortu zituzten.
Politikari dagokionez, Francok irabazi zuenean, Errepublika desagertu zen Espainian, eta Euskal Herrian ere autogobernua galdu zen. Hurrengo 40 urteetan, frankistek botere osoa izan zuten, eta jende asko zapaldu zuten politikoki eta sozialki. Azkenean, 1978an Espainiako Konstituzioa onartu zen, eta 1979an Euskal Autonomia Estatutua sortu zen, euskal herritarrek autogobernuaren zati bat berreskuratuz.