Gabriel Aresti: Euskal Poesia Sozialaren Ahotsa

Clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,44 KB

Gabriel Aresti: Bizitza eta Ibilbidea

Bilbon jaio zen 1933an eta Bilbon hil 1975ean. Euskaldun berria izanagatik, zeharo barneratu zituen euskara eta euskal literatura-tradizioa. Ez hori bakarrik; luzaroan merkataritza-ikasketak egin eta kontable aritu arren, garaiko euskal kulturako pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa bihurtu zen: euskara batuaren bultzatzaile, argitaratzaile, antzerki-taldeen zein idazleen sustatzaile... Hainbat lan idatzi zituen, sorkuntzazkoak asko, baina baita hainbat saio eta itzulpen ere (Baudelaire, Eliot...).

Poesia Sozialaren Aitzindaria

Literaturgintzan, poesia sozialagatik da ezaguna Aresti: gizatasuna eta sozialismoa oinarri, poeta herri jazarri eta isilduaren ahotsa da. Ikuspegi horretatik, berak eman zion ahotsa euskal poesia sozialari. Lapurtera klasikoa eta euskara herrikoia maisuki uztartzen jakin zuen, euskara batu argi eta zuzena lortzeko.

Lan Nagusiak eta Estiloa

Lehen uzta, oihartzun handiena lortu duena, apika, Harri eta Herri (1964) izan zen. Ondoren etorri ziren Euskal Harria (1967), Harrizko Herri Hau (1970) eta Azken Harria (1976), guztiak asmo eta estetika berekoak. Poesia sozialaren aurretik baina, oihartzun handirik lortu ez arren, bide poetiko sendoa egina zuen Arestik. Aldi horretan, Miranderen eragina nabarmena zen mintzamoldean, baina ezari-ezarian aldatu eta herrikoitasun handiko batuerara jo zuen, Bizkaitarra trilogian, kasu. Aipatu beharrekoa da, halaber, poesia sinbolista: Maldan behera (1959). Sinbolo eta motiboen ugaritasuna medio, oso poesia konplexua da.

Arestiren Ezaugarri Literarioak

Arestiren lan osoari begira, ondoko ezaugarriak bereiz daitezke:

  • Berritzailea: Gaietan (momentuko arazoak) zeharo berritzailea da.
  • Sustraiak: Euskal sustrai tradizionaletara lotua, bai neurtitz modura (askea), bai eta hizkeran ere (herrikoia).
  • Gaiak: Hainbat gai eta motibo errepikatzen ditu: egia, justizia, bakea, askatasuna...
  • Sinbologia: Garrantzi berezikoak dira etxea (herria, hizkuntza, izena, familia, iragana eta etorkizuna) eta J. Oteizaren bidetik, herria (historiaurreko garai mitiko, eredugarri, harmoniatsu eta utopikoaren ispilu).

Arestik etorkizun hobearen iragarletzat du poeta, baina zenbaitetan utopia ez ezik, ezkortasuna ere nabari da bere lanetan.

Entradas relacionadas: