Garoa eta Itzulera baten istorioa: Azterketa Literarioa

Clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,51 KB

Garoa (Txomin Agirre, 1912)

Sarrera eta testuinguru historikoa

Aztergai daukagun pasartea Txomin Agirrek (1864-1920) idatzitako Garoa eleberriari dagokio, 1912an argitaratua. Agirre apaiz eta idazlea ohiturazko eleberri apologetiko edo idealizatzailearen arkitekto nagusia da. Auñamendiko lorea (1898) lanaren ondoren (lehen euskal eleberritzat hartua), itsasoko bizitza islatu zuen Kresala (1906) idazlanean, eta mendiko zein baserriko mundua Garoa maisulanean.

Testuingurua: 1876an foruak deuseztatu ondoren, euskal gizarte tradizionalak krisi identitario sakona jasan zuen. Industrializazio masiboak, hiritartzeak eta immigrazioak euskararen esparru soziala txikitu eta hirietan burgesia handi erdalduna sortu zuten. Giro honetan, Euskal Pizkundea eta Sabino Aranaren inguruko abertzaletasuna (EAJ) jaio ziren, "Jaungoikoa eta Lege zaharra" lelopean, euskara aberriaren bereizgarri nagusitzat joaz.

Denbora eta diskurtsoaren egitura

Eleberriak Oñatiko Aloña mendiaren magalean dagoen Zabaleta baserriko bizimodua kontatzen du. Gaia euskal baserriaren eta gizarte tradizionalaren goraipamena da, mundu perfektu, kristau eta aldaezin gisa. Ordena narratiboak egitura klasiko bati egokitzen zaio, helburu didaktiko eta moralizatzailearekin. Denboraren hurrenkera erabat lineala da, naturaren eta baserriko lanen zikloei lotutakoa.

  • Iraupena: Deskribapen luze eta etnografikoak (janzkera, ohiturak) direla eta, etenaldiak edo pausak ugariak dira.
  • Maiztasuna: Berbaldi iteratiboa nagusitzen da ("Zabaletan urtero egiten zen bezala..."), bizitza errepikakor eta segurua islatuz.

Espazioa: Baserria gotorleku gisa

Zabaleta baserria unibertso osoaren ardatza da: gune sakratua, garbia eta babestua. Bertan gordetzen da euskal esentzia puruena. Aitzitik, hiria (Gasteiz, Madril) espazio arrotz eta negatibotzat hartzen da. Agirrek euskal mendiak goraipatzen ditu esaldi ospetsu honekin:

"Gipuzkoatik begiratuta, lurralde onak ziran Amerikakoak: Ameriketatik begiratu ezkero, askozaz hobeak Gipuzkoako mendi-basoak".

Pertsonaiak eta narratzailea

  • Joanes artzaina: Zabaletako nagusia, euskaldun idealaren irudia da: noblea, zintzoa eta tradizioaren zaindari monolitikoa.
  • Malentxo eta gazteak: Zaharren jakinduria errespetatzen duten pertsonaiak dira.
  • Narratzailea: Heterodiegetikoa eta orojakile iruzkingilea da. Zuzenean hitz egiten dio irakurleari, hura hezteko asmoz.

Testuartekotasun doktrinal indartsua du, garaiko katolizismo integratzailearen eta abertzaletasunaren testu-sareetan oinarritua: Fedea, Abertzaletasuna eta Euskalduntasuna. Utopiari eusteko idatzitako liburua da.


Itzulera baten istorioa (Martin Ugalde, 1990)

Sarrera eta testuingurua

Pasarte hau Martin Ugaldek (1921-2004) idatzitako Itzulera baten istorioa liburuari dagokio, 1990ean argitaratua. Idazleak 1936ko gerrak suntsitutako familiei eskaini zien lana. Ugaldek berak exilioa pairatu zuen Venezuelan. Eleberri hau 1990eko "Jon Mirande" sariaren irabazlea izan zen eta errealismo psikologikoaren fruitu berantiarra da.

Testuingurua: Gerra Zibilaren ostean, diktadurak zentsura eta euskararen aurkako jazarpena ezarri zituen. Euskal Herritik 150.000 lagunek ihes egin behar izan zuten. 1956-1975 artean, belaunaldi berrien loraldia etorri zen (Itxaropena, Kulixka Sorta eta Lur argitaletxea).

Denbora eta diskurtsoaren haustura

Eleberriak neska gazte baten garapena kontatzen du (10 urtetik 19ra), Caracasen bizi denetik Euskal Herrira bueltatzen den arte. Bildungsroman egitura du, baina diskurtsoa hautsi egiten da barne-monologoen eta oroitzapenen bidez. Denbora erabat apurtzen da analepsien (flashback-ak) bidez.

Espazioen arteko talka

  • Venezuela (Caracas): Babesgune eta askatasunaren ikur da, Avila mendi garaia ardatz hartuta.
  • Euskal Herria: Itzulera gertatzean, espazioa hotza, iluna eta itogarria bihurtzen da. Santurtziko Serantes mendia "tititxo bat" iruditzen zaio protagonistari Avilaren ondoan.

Pertsonaiak eta ikuspuntu narratiboa

  • Alaba (izenik gabea): Nortasun zatitu eta lausoaren islatzailea da.
  • Aita (Tasio): Gerraren trauma jasan eta Euskal Herri idealizatu batekin obsesionatutako pertsonaia.
  • Besteak: Rosa (laguntzaile indiarra) eta Mme. Simone (erizain frantsesa), exiliatuen sareko kideak.

Narratzailea: Barnediegetikoa eta autodiegetikoa da (Alaba). Fokua pertsonaia bakar bati lotuta dago etengabe, fokalizatu sumaezinak (pentsamenduak, beldurrak) menderatzen dutelarik kontakizuna. Ez da narratzaile orojakile tradizionala; barne-monologo intimista bat da, non askotan narratarioa aita bera den.

Testuartekotasuna eta ondorioak

Venezuelako kreol doinuen, gaztelania amerikarraren eta euskararen arteko interferentziak agertzen dira. Martin Ugaldek bere bizitza propioaren zati bat berridazten du fikzioaren bidez. Eleberri honek erabat hausten du ohiturazko ereduarekin: Garoa-ren utopia perfektuaren aurrean, obra honek utopia horren suntsipena eta ezinezko itzulera erakusten ditu, identitate zatituan zentratuz.

Entradas relacionadas: