Genetikaren Oinarriak: Mendelen Legeak eta Herentzia
Clasificado en Biología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,22 KB
Genetika eta Oinarrizko Kontzeptuak
Genetika: Herentziaren mekanismoak eta haiek arautzen dituzten legeak aztertzen dituen zientzia da.
Gako-terminoak
- Genea: ADN zati bat da eta herentziazko karaktere bat zehazteko beharrezko informazioa du. Gene batek kromosoma batean duen kokapen finkoari locus esaten zaio.
- Aleloa: Karaktere jakin bat kontrolatzen duen gene batek izan ditzakeen aukerei alelo deritzo.
Mendelen Hiru Legeak
Genetikaren oinarriak hiru legeren bidez laburbiltzen dira:
Lehen legea: Karaktere baterako homozigotoen gurutzaketa
Haziaren kolorearen karaktererako homozigotoak ziren bi banako gurutzatu zituen Mendelek. Hazi horiak zituen banako homozigoto gainatzaile bat (AA) eta hazi berdeak zituen banako homozigoto azpirakor bat (aa) gurutzatzean, lehen belaunaldiko (F1) banakoak heterozigotoak (Aa) ziren eta hazi horiak zituzten. AA landareak A alelodun gametoak sortzen zituen, eta aa landareak a alelodun gametoak. Bi gametoak bateratzean (Aa) heterozigotoa sortuko da. Karaktere batean desberdinak diren bi linea puru gurutzatzen direnean, ondorengoak uniformeak dira.
Bigarren legea: Karaktere baterako hibridoen gurutzaketa
Lehen belaunaldiko hibridoak gurutzatzean, aleloak bereizi eta gametoetan bakoitza bere aldetik banatzen da.
Hirugarren legea: Bi karaktereren diferentzia
Mendelek bi karakteretan desberdinak ziren progenitore homozigotoak aukeratu zituen. Guraso-belaunaldiak genotipo hauek zituen: HHLL eta hhll. Bi progenitoreek gameto bana sortu zuten eta hauek alelo pare bakoitzeko gene bat zuten: HL eta hl. Meiosiaren ondoren lau gameto sortzen dira: HL, Hl, hL eta hl. Aleloak bakoitza bere aldetik heredatzen dira eta ausaz konbinatzen dira ondorengoetan.
Herentzia Motak eta Sexu-Determinazioa
Bitarteko herentzia
Bi aleloek beren informazioa proportzio berean adierazten dutenean gertatzen da. Ondorengoak hibridoak eta heterozigotoak dira, eta haien fenotipoan progenitoreen tarteko ezaugarriak agertzen dira.
Zuhaitz genealogikoak
Horiei esker, zenbait familiatan dauden gaixotasunak herentziazkoak diren ala aleloak gainartzaileak ala azpirakorrak diren zehaztu daiteke. Horrez gain, bikoteen seme-alabek herentziazko zenbait gaixotasun izateko arriskua duten jakin daiteke.
Sexuari lotutako herentzia
Gizakiongan, kromosoma-determinazioaren bidez zehazten da sexua, heterokromosoma edo sexu-kromosomek zehazten baitute. Sexu-kromosometan dauden geneek zehazten dituzten karaktereak sexuari lotutako karaktereak dira.
- Segmentu homologoa: Bi kromosometan berdina den segmentua da eta karaktere berberetarako geneak ditu. Horri esker, X eta Y kromosomak meiosian elkarrekin parekatu eta, ondoren, bereizi egiten dira.
- Segmentu bereizgarria: Segmentu hori desberdina da bi kromosometan. X kromosomaren segmentu bereizgarrian dauden geneei ginandriko esaten zaie, eta Y kromosomaren segmentu bereizgarrian daudenei, holandriko.