Gustave Flaubert eta Madame Bovary: Errealismoaren Gailurra

Clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,19 KB

XIX. mendeko testuingurua eta Errealismoa

Kokapena: XIX. mendean hainbat aldaketa eman ziren gizartean eta hauek arte-adierazpenetan eragina izan zuten, batez ere literaturan. Demografia-hazkunde izugarria gertatu zen; industria eta komertzioaren garapen azpimarragarria egon zen, eta horren ondorioz, burgesia guztiz finkatu zen. Industrializazioak beste maila sozial bat sortu zuen: langileria.

Zientzia, ideologia eta filosofia

Teknologia eta zientzia esperimentaletan sekulako aurrerapenak eman ziren. Ideologikoki proletargoak indarra hartu eta antolatzen hasten da: sozialismoa, komunismoa eta anarkismoa jaiotzen dira. Erlijioak indarra galduko du sektore batzuetan eta zientzia fede berria izango da. Filosofian positibismoak indarra hartuko du.

Gustave Flaubert: Estiloaren maisua

XIX. mendearen bigarren erdia eleberriaren urrezko garaia izan zen. Europa osoko idazleek jarrera kritiko eta errealistaren bidez deskribatzen zuten gizarte berria. Frantziak idazle bikainak izan zituen, adibidez, Gustave Flaubert (1821-1880). XIX. mendeko eleberrigilerik handientzat hartua izan da.

Nobela modernoaren oinarriak finkatu zituen, pertsonaien psikologia-hausnarketa eta giroen deskribapenak inoiz ez bezala lantzeagatik. Objektibotasuna bilatzea eta estilo egoki bat garatzea ziren bere helbururik handienak. Normandiako herrixka txiki batean sartuta igaro zituen bere bizitzako urterik gehienak idazten; idazketa eta estilorako ardura obsesiboa zela eta, lau-bost urte eman ohi zituen nobela bakoitza burutzen.

Madame Bovary (1856)

Madame Bovary 1856. urtean idatzi zuen. Arruntasun herrikoi itogarrian girotutako emakume ameslari baten kasua deskribatzen du. Emma protagonista, herri txiki bateko sendagile batekin ezkonduta, aspertuta bizi da eta zenbait abentura erotiko izango ditu. Azkenean, bere harreman guztiak suntsituta eta zorrak janda, beste irteerarik ez du ikusiko, eta bere buruari amaiera ematea erabakitzen du.

Edukia eta pasartearen analisia

Pasarte hau nobelako 3. zatian kokatzen da, hau da, amaieran. Emma hilda dago eta gaubelan bere hurbilekoenak daude. Arsenikoa hartu eta gero aurkitzen du heriotza, ordu askotan izugarrizko minak jasan eta gero. Botika hori Homaisen etxetik lortzen du.

Eleberri honetan argi ikusten dira medikuntzaren aurrerapenak. Pertsonaia biek medikuntzarekin harreman estua dute:

  • Charles Bovary: Medikua da.
  • Homais: Botikaria eta auzokoa.

Flauberten aita ere medikua izan zen eta idazleak oso ondo dokumentatu zituen deskribatzen diren prozesu guztiak. Gertakarien sinesgarritasuna nobela errealistaren ezaugarri garrantzitsuenetariko bat da.

Zientzia vs. Erlijioa

Pasarte honetan Homais botikariak eta Bournisien apaizak elkarrizketa bat mantentzen dute. Homais zientziaren ordezkaria da, aurrerapenen aldekoa; garaiko burgesia ondo irudikatzen du eta Ilustratuak behin baino gehiagotan aipatzen ditu. Bournisien apaizak, berriz, antzinako baloreak gordetzen ditu, fede-gizona da.

Gizonezkoen estereotipoak

Emmak beste gizon batzuengana joko du: Rodolphe eta Leon. Flaubertek irudikatu zuen pertsonaia garaiko emakumearen antitesia da. Gizonei buruz, hiru estereotipo desberdin aurkezten ditu idazleak:

  • Charles Bovary: Gizajoak ez du ikusi nahi bere emaztea atsekabez beteta dagoela.
  • Rodolphe: Sedukzioaren artea ondo ezagutzen du, luxuaren irudia da.
  • Leon: Gazteak maitasun platonikoa erakusten dio Emmari nobelaren lehenengo zatian.

Balorazioa

Errealismoan kokatzen diren lan literario askoren artean, Madame Bovary gehien nabarmentzen denetariko bat da. Nobela luze baina irakurterraza da, hasieratik amaierara arte Emmak harrapatuta mantentzen duelako irakurlea. Indar handia duen pertsonaia da eta XIX. mendean, emakumearen papera guztiz definituta zegoenean, Emmak estereotipo hori apurtzen du eta bere borondateak agintzen dionari egiten dio kasu. Sentimendu eta pasioz bere barne-mundua ezagutzeko aukera ematen du.

Entradas relacionadas: