Gutun hunkigarria: distantzia, amaren osasuna eta maitasuna
Clasificado en Latín
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,21 KB
Mikel maitea,
Dagoeneko igaro dira zortzi hilabete Kanadara joan zinenetik eta umezurtz sentitzen naiz zu gabe. Bakardade sentsazio hau oso bitxia egiten zait, edozein momentutan agertzen delako:
- Parrandan egon eta bat-batean zure begirada botatzen dut faltan.
- Klaseko mahaikidea zu ez izatea sinesgaitza egiten zait oraindik.
- Zapatuetan portaleko txirrinak jotzen duenean “Mikel da” pentsatzen dut, eta gero errealitateak kao uzten nau.
Nori bururatu behar zitzaion Batxillergoa atzerrian ikastea?
Sentimenduak paperean
Badakizu gutunak idaztea zaila egiten zaidala, are gehiago bihotzeko kontuak letren bitartez kanporatu behar baditut. Baina horretan ere exijentea izan zinen: “Idaztekotan, gutunak idatzi gero! Ez ditut nahi posta elektroniko hotzak, antzina idazten ziren gutun luzeak eta sentikorrak baino!”. Beno ba, nire barruko tximeleta-burrunba paperean jartzen ahaleginduko naiz, makina bat aldiz zure besoa nire lepo inguruan sentitzen nuen bitartean egiten nuen bezala.
Amaren osasuna eta bizigogoa
Amaren istripuak lur jota utzi gintuen etxeko guztiok, baina ni batez ere; badakizu zein harreman berezia dudan nire amarekin. Ictus bat izan ei da eta, hasieran medikuek oso larritzat jo bazuten ere, badirudi gure amaren bizigogoak traba guztiak gaindi ditzakeela. Hor, nonbait zeuden berbak berreskuratzen joan da eta, jostunek arropa baten atalak batzeko haria eta orratza erabiltzen duten bezala, nire ama hitz-dantza amaigabean dabil bere bizitzaren soinekoa berregin eta jantzi nahian.
Eguzki izpiak: Sara
Azken hilabeteetako lainoen artean, ordea, eguzkiaren izpiak ere agertu dira. Zenbat aldiz esan zenidan nire begiek dir-dir egiten zutela hura ikustean? “Eskuak izerditan dauzkazu eta arnasa eten egiten zaizu” esaten zenidan. Ezetz erantzuten nizun, baina orain baietz esan behar dizut. Oso haserre egon naiz zurekin, nik neure burua ezagutzen dudan baino hobeto ezagutzen nauzulako. Arrazoia zeneukan: Sara maite dut eta Sarak ni maite nau. Bat-batean dena da erraza eta zurekin konpartitu nahi dut. Etorri arin, Mikel!
Beti zure lagun,
Leire