Informazioa aro digitalean: Askatasuna ala kontrola?
Clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,63 KB
Gaur egun, inoiz baino informazio gehiago dugu eskura: sare sozialak, albiste digitalak, adimen artifiziala edo bideo-plataformak etengabe ari dira datuak eskaintzen. Baina horrek benetan askeago egiten gaitu? Zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta hobeto pentsatzen dugu? Edo, kontrara, informazio gehiegiak manipulazio eta mendekotasun berriak sortzen ditu? Arazo hau kontuan hartu behar da, gure askatasuna eta pentsatzeko gaitasuna jokoan jartzen direlako. Informazio digitalak askatasuna eman dezake, baina arrisku handiak ere baditu.
Kontrola eta manipulazioa aro digitalean
Alde batetik, esan daiteke aro digitalean informazio asko izateak ez gaituela benetan aske egiten. Karl Marxek defendatuko lukeen bezala, garrantzitsuena ez da zenbat informazio dagoen, baizik eta nork kontrolatzen duen informazio hori. Plataforma handien jabeek (kapitalak) kontrolatzen badute informazioa, zer ikusi, zer pentsatu edo zer kontsumitu erabakitzeraino iristen dira. Horrek ez gaitu aske egiten, masak sortu baizik, pertsonak beren kabuz hausnartu beharrean pantailen menpe bihurtzen direlako. Gainera, fake news edo manipulazio politikoaren bidez, informazioa kontrol sozialerako tresna bihur daiteke. Beraz, informazio ugaritasunak ez du zertan askatasuna ekarri; askotan, dependentzia, kontrola eta nahasmena ere sor ditzake.
Ezagutza eta autonomia intelektuala
Bestalde, informazio digitalak aukera handiak eskaintzen ditu pertsonak autonomoagoak izateko. Immanuel Kantek defendatzen zuen bezala, gizakiak “sapere aude” edo “ausartu pentsatzera” egin behar du. Internetek ezagutza unibertsala eskuragarri jarri du: edozeinek ikasi dezake filosofia, zientzia edo politika bere etxetik. Horrek autoritate tradizionalen mendekotasuna murriztu dezake eta pertsona kritikoagoak sortu. Gainera, sare sozialen bidez injustiziak salatzeko edo munduko arazoen berri izateko aukera dugu. Informazioak, modu arduratsuan erabiltzen bada, askatasun intelektuala eta parte-hartze demokratikoa indartu ditzake.
Ondorioa: Pentsamendu kritikoaren garrantzia
Nire ustez, aro digitalean informazio asko izateak askatasuna handitu dezake, pertsona bakoitzak aukera gehiago dituelako ikasteko eta mundua ulertzeko. Hannah Arendtek defendatzen zuen pentsamendu kritikoa ezinbestekoa dela gizakiak libre izateko. Gaur egun, interneten bidez injustiziak salatu eta ideiak partekatzeko aukera dugu, lehen ez bezala. Hala ere, informazioa arduraz erabiltzea beharrezkoa da manipulazioan ez erortzeko. Horregatik, teknologia tresna ona izan daiteke askatasuna indartzeko.