Inperialismoa: Zergatiak, Ondorioak eta Erresistentzia

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,54 KB

Inperialismoaren Zergatiak

Inperialismoaren arrazoiak anitzak izan ziren, ekonomikoak, politikoak, ideologikoak eta estrategikoak, besteak beste.

Arrazoi Ekonomikoak

  • Hazkunde Demografikoa: XIX. mendean zehar Europako populazioa hazi egin zen, eta bere beharrak asetzea Europak zituen baliabideekin ezinezkoa zen. Horrek 40 milioi europar beste kontinenteetara migratzea ekarri zuen. Emigranteak burgesak eta langileak ziren; lehenek aberastasun gehiago lortzeko helburua zuten, langileek, berriz, bizi-baldintzak hobetzea bilatzen zuten. Ondorioz, bi taldeak politika inperialisten alde agertu ziren.
  • Industriaren Hazkundea: Industrializatutako herriek, asmakizun eta material berriak sortzeko, kolonietan bilatu behar izan zituzten energia-iturri eta lehengai berriak.
  • Merkatu Berrien Beharra: Produkzioaren hazkundeak nazio hauek kolonietan merkatu berriak bilatzera bultzatu zituen, produkzio-soberakinak eros zitzaten.
  • Garraio Bide Berriak: Untzigintzan aurrerapen handiak eman ziren, lurrun-makina erabiltzen eta metalezko ontziak egiten hasi zirenean. Teknika berrien aplikazioak ere zailtasun geografiko handiak gainditzen lagundu zuen; horrela, leku berrietara iritsi ziren.
  • Kapital Inbertsioak: Inbertsio berriek monopolioak sortzea ekarri zuen, lehengai eta energia-iturri berrien merkatua kontrolatu nahian. Banku-sistema ere monopolioetan antolatu zen, kolonietan enpresa handiak eraikiz hango baliabideak esplotatzeko.
  • Eskulan Indigenaren Erabilpena: Eskulan merkea zenez, eraikuntza handiak merke egitea errazten zuen; horrela, Suez eta Panamako kanalak eraiki ziren, eta enpresek etekin handiagoak lortzen zituzten.

Arrazoi Politikoak

  • Ospe Nazionala: Estatuburu askok politika kolonialaren bitartez beren nazioen hegemonia eta ospea handitzeko modua ikusi zuten. Hauek nazio bat boteretsu izateko koloniak eduki behar zituela pentsatzen zuten.
  • Gehiegizko Nazionalismoa: Nazionalismoa muturrera eraman zutenak, kasu batzuetan, inperialistak bihurtu ziren.

Arrazoi Ideologiko eta Erlijiozkoak

  • Gizaki Zuriaren Gorentasunaren Teoria: Darwinek biologiaren teoria politikara eraman zuten. Horrela, indartsuenaren legea aplikatzen da; hau da, bakarrik garatuko dira eta mantenduko dira nazio indartsuenak, konkistatzaileak direnak, inperio bihurtzen direnak. Politiko batzuek, Pearson edo Lord Rosenberg, adibidez, inperioa arraza zuriaren gorentasuna zela zioten.
  • Idealismo Erlijiosoa: Erlijioaren izenean misiolariak herri hauek kristautzera joan ziren, eta politikoek arrazoi erlijiosoak ere aprobetxatu zituzten herriak konkistatzeko.
  • Abentura-Espiritua eta Esplorazioa: Abentura-espirituak esploratzaileak agertzea ekarri zuen. Pertsonaia hauek leku berriak esploratu nahi zituzten, baina, aldi berean, interes inperialistei bidea ireki zieten herri batzuetan. Horrela gertatu zitzaien Livingstone, Stanley edo Iradier euskaldunari.
  • Populazioaren Sostengua: Jendea estatuen kolonizazio-kanpainen alde azaldu zen; beraz, gobernuek populazio guztiaren sostengua zuten.

Arrazoi Estrategikoak

  • Merkataritza-Bideen Kontrola: Merkataritza-bideak kontrolatzeko nahiak enklabe estrategikoen konkista ekarri zuen, adibidez, itsasarteak.
  • Gatazkatsuak diren Lekuen Kontrola: Potentzia handiek esku-hartze politika garatu zuten leku gatazkatsuak kontrolatzeko.
  • Jarraipenezko Inperioak Sortzea: Jarraipenezko inperioak sortzeko nahia, hau da, kostalde batetik bestera, Britainia Handiak Afrikan egin zuen bezala.
  • Elkarte Geografikoen Interesak: Aurkikuntzak egiteko diru-laguntzak ematen zituzten Elkarte Geografikoek askotan interes zientifikoak baino ekonomiko eta estrategikoak zituzten.

Inperialismoaren Aurkako Erresistentzia

Inperialismoaren aurka jendea ere agertu zen, eta, gainera, askotan, inperialistek zailtasunak izan zituzten.

  • Alderdi Sozialisten Oposizioa: Alderdi sozialistek inperialismoa amorala zela pentsatzen zuten.
  • Kolonizatutako Herrien Erresistentzia: Kolonizatutako herriek erresistentzia gogorra erakutsi zuten.
  • Beltz-Tratularien Eragina: Kolonizazioa beltzen merkataritzarako kaltegarria zen; horregatik, beltz-tratulariak indigenak kolonizatzaileen aurka altxatzera bultzatu zituzten.
  • Klima eta Ingurune Zailtasunak: Klima eta ingurune berrira moldatzea askotan zaila izaten zen kolonizatzaileentzat.

Inperialismoaren Ondorioak

Kolonizatutako Herrialdeentzat

  • Politikan: Administrazio modernoa eta antolamendu politikorako Europako ereduak ezarri ziren. Mugak egiterakoan ez zituzten kontuan hartu bertako desberdintasunak, eta horrek arazoak ekarri zituen.
  • Ekonomian: Sail handien nekazaritzan eta meatzaritzaren ustiapenean oinarritutako ekonomia nagusitu zen.
  • Gizartean: Gizarte tradizionala desagertu zen, eta indigenak baztertu egin zituzten. Heriotza-tasa txikitu egin zen, Europako osasun-ohitura batzuk ezarri baitziren.
  • Kulturan: Mendebaldeko zibilizazioa kolonietan inposatzeak krisi sakona eragin zuen bertako kulturetan.

Herrialde Kolonizatzaileentzat

  • Ekonomian: Potentziek beren hazkundea jarraitu ahal izan zuten. Lehengaiez hornitu ziren eta koloniei industriako produktuak saldu zizkieten; horretaz gain, trenbideak, errepideak eta portuak eraiki zituzten. Honi guztiari esker irabazi handiak lortu zituzten.
  • Kulturan: Mendebaldeko kultura hedatu zen kontinente guztietan, eta europarrek beste zibilizazio batzuk ezagutzeko aukera izan zuten. Dena den, mendebaldekoek zuten nagusitasun-sentimendua areagotu zen.
  • Nazioarteko Ondorioak: Potentzien arteko harremanetan tirabirak sortu ziren, eta horrek Lehen Mundu Gerra piztea ekarri zuen. 1890eko hamarkadan zenbait itun sinatu ziren. Alde batetik, Aliantza Hirukoitza (Alemania, Austria-Hungariako Inperioa eta Italia) eta, beste aldetik, Entente Hirukoitza (Britainia Handia, Frantzia eta Errusia). Gastu militarrak handitu ziren, eta belizismoa eta abertzaletasuna piztu zituzten. Kolonia berriak lortzeko, herrialdeen arteko borrokek 1914ko Lehen Mundu Gerraren sorrera eragin zuten.

Entradas relacionadas: