Irudi fotografikoaren sorrera eta sistema optikoa

Clasificado en Física

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,22 KB

Irudi fotografikoaren sorrera

Filmaren gainean proiektatzen da objektiboa zeharkatzen duen irudia, baina negatibo bat da sortutako irudia.

Argi-sortak emultsioa ukitzen duen bakoitzean, kristal-sor bihurtzen dira zilarrezko bromuro molekulak filma errebelatu arte. Irudi sorra deritzo horri. Filma inpresionatzen duen argi-sortak hainbat intentsitate du, argazkia atera zaion objektuaren zatien argitasunaren arabera. Esate baterako, aurpegi baten argazkia ateratzen badugu:

  • Zati ilunek (ileak edo begiak, adibidez) argitasun txikia dute eta, beraz, eragin txikiagoa dute filmaren emultsioan.
  • Atalik argitsuenek (bekokiak, adibidez), aldiz, gehiago estimulatzen dituzte molekula sentikorrak.

Laburbilduz, argitasun handiagoa dagoen tokian, gehiago erreakzionatzen du material sentikorrak eta ilundu egiten da. Hala lortzen da argazkian ateratako irudiaren negatiboa; negatiboko alderik ilunenak aurpegiko alderik argienei dagozkie, eta gardenak, berriz, alderik ilunenei.

Zuri-beltzeko eta koloretako filmak

Zuri-beltzeko filmak kolore guztiekiko sentikorrak dira, eta kolore horiek gris-sorta zabalean ematen dira. Bestalde, elkarren gainean jarritako hiru emultsio ditu koloretako filmak, bakoitza oinarrizko kolore batekiko sentikorra: gorria, berdea eta urdina. Koloreak hautatuz egiten da kolorearen azken erreprodukzioa.

Positibatzeko prozesua

Finkaturiko negatiboa handigailuan sartzen da argazki-papera positibatzeko: alderantzizko prozesuaren bidez, handigailuaren lanpararen argi gutxiago uzten dute sartzen negatiboko alde ilunek. Hori dela eta, argazki-paperak argi gutxiago jasotzen du, eta emultsio gutxiago du. Horrexegatik ageri dira alde horiek argiago. Alderantziz gertatzen da negatiboko alde argiekin: argi gehiago pasatzen uzten dutenez gero, ilunagoa egiten dute argazki-papera. Hala lortzen dira argazkiak positiboan.

Sistema optikoa

Sistema optikoa osatzen dute kamerako lenteek. Errealitatearen irudia kameraren barruko aldean jarritako filmean proiektatzea eta tratatzea da lenteen funtzioa. Atal honetan azaldutakoak argazki-kameretarako zein zinema-kameretarako balio du.

Entradas relacionadas: