Jasangarritasunerako Hezkuntzaren Bilakaera eta Testuingurua
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,53 KB
1.1. Jasangarritasunerako hezkuntzaren testuingurua
Lehen aipatu dugun bezala, 1972. urtetik aurrera, mugarri nagusi asko egon ziren mundu jasangarriago bat lortzeko. Horien artean, Brundtland txostena egon zen, oso garrantzitsua izanik; baina, horretaz aparte, beste asko egon zirela aipatu behar da.
Brundtland txostena egin eta bost urtera, Rio de Janeiron batu ziren berriro ere, Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Biltzarrean, eta bertan Agenda 21 sortu zen. Agenda 21ek hezkuntza, trebakuntza eta kontzientzia hartzea sustatzen du ildo desberdinetan, hala nola pobrezia murriztea, garapen jasangarria areagotzea eta ozeanoen babesa; hori guztia idatziz jaso zen.
2000. urtean, New Yorken, Milurtekoko Goi-bilera egin zen eta bertan Agenda 21ean aipatzen direnekin lotutako helburuak jaso ziren: muturreko pobrezia eta gosea desagertzea, genero-berdintasuna eta emakumeen autonomia sustatzea, haurren heriotza-tasa murriztea, garapenerako nazioarteko elkartzea sustatzea, eta abar.
2002. urtean, Johannesburgen, NBEk UNESCOri Jasangarritasunerako Hezkuntzaren Hamarkada sortzea eskatu zion. Nahiz eta UNESCO horretan lan egiten egon, 2015. urtera arte ez zen 2030 Agenda onartu. Agenda horren helmuga hezkuntzaren eta ikaskuntzaren arlo guztietan ekimenak sortzea eta areagotzea da, garapen jasangarria lortzeko aurrerapausoak azkartzeko. Horretarako, Agendak lehentasunezko bost alor identifikatzen ditu:
- Politikak sustatzea.
- Jasangarritasuna testuinguru pedagogikoetan sartzea.
- Hezitzaileen eta prestatzaileen gaitasunak areagotzea.
- Gazteei autonomia ematea, hauek mobilizatu ahal izateko.
- Tokiko komunitateak eta udal-agintariak premiatzea, hezkuntza-programak lantzeko.
Gainera, 2030erako Garapen Jasangarrirako Agendak 17 helburu (GJH) zehaztu ditu, bost dimentsio hartuz: pertsonak, planeta, oparotasuna, bakea eta lankidetza. Helburu horiek guztiek herrialde eta eskualde guztien garapen-politikak bideratu beharko dituzte. Hona hemen 17 helburuak:
- Pobreziaren amaiera: pobrezia eta ahultasuna jaistea, babes soziala...
- Goserik ez izatea: elikadura osasuntsua, elikaduraren ekoizpena...
- Osasuna eta ongizatea: sexu- eta ugalketa-osasuna, HIESA jaistea...
- Kalitatezko hezkuntza: hezkuntza inklusiboa.
- Genero-berdintasuna: pertsona guztien ahalduntzea.
- Ur garbia eta saneamendua: higiene-sarbidea hobetzea, kalitatezko ura denontzat...
- Energia merkea eta ez-kutsagarria: energia eskuragarria, fidagarria eta jasangarria.
- Taxuzko lana eta hazkunde ekonomikoa.
- Industria, berrikuntza eta azpiegitura: azpiegitura erresilienteak eraiki.
- Desberdintasunen murrizketa: herrialdeen arteko desberdintasunak murriztea.
- Hiri eta komunitate jasangarriak: hiri seguruak, erresilienteak eta inklusiboak.
- Ekoizpen eta kontsumo arduratsua.
- Klimaren aldeko ekintza: neurri urgenteak.
- Urpeko bizitza: ozeanoak, itsasoak eta ibaiak mantentzea.
- Lurreko ekosistemen bizitza: desertifikazioari aurka egitea, habitat naturalak.
- Bakea, justizia eta erakunde sendoak: gizarte baketsua.
- Helburuak lortzeko aliantzak.
Jasangarritasunerako hezkuntza Euskadin
Euskadiko jasangarritasunerako hezkuntzari dagokionez, 1982. urtean hasi zela esan dezakegu. Urte horretan, Sukarrietako Eskola Saiakuntzarako Zentroa sortu zen. Urte horietan, gertaera garrantzitsu gehiago ere egon ziren; horien artean, Ingurumen Hezkuntzarako Euskadiko I. Jardunaldia, Ingurugiro Etxea museoaren sorrera eta IHDZren sorrera (1989an Bilbon eta 1991n Gipuzkoan).
XXI. mendeari dagokionez, ingurugiro hitza erabili ordez, jasangarritasun hitza erabiltzen hasi zela azpimarratu behar dugu. Mende honetan, aurreko urteetan bezala, gertaera garrantzitsuak egon ziren. Honako hauek azpimarratu nahi ditugu: Txingudiko Ekoetxea sortu zen 2003an; Eskolako Agenda 21 programa martxan jarri zen Euskadiko ikastetxe guztietan; eta IHDZ izena eman ordez, Ingurugela deituko zaio aurrerantzean.