Kanpo-eragile Geologikoak eta Erliebe Formak

Clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,17 KB

Izotz Glaziarraren Eraketa

Izotz glaziarra uraren zikloaren parte da. Bi prozesuren bitartez sortzen da:

  • Trinkotzea: Elur-malutak izotzezko kristal txikiz osatuta daude, eta aire asko dute. Elurra metatzen denean, presioak beheko geruzen trinkotzea eragiten du. Horrela, elur pikortsua sortzen da (aire gutxiagokoa), eta gero elur trinkoa. Prozesuak jarraitzen badu, izotz glaziarra eratuko da.
  • Urtzea eta berriro izoztea: Tenperaturak gora egiten duenean, gainazaleko elurra urtzen hasten da. Geruza horiek tenperatura baxuan daudenez, ura izoztu eta izotz bihurtzen da.

Glaziar Motak

  • Kasko glaziarrak: Poloetako eskualdeetan kontinente-eremu izugarriak hartzen dituzte, eta horietan izotz-masaren hedadura ez du topografiak mugatzen.
  • Glaziar alpetarrak: Poloetako eskualdeetatik kanpo egoten dira.

Glaziar Alpetar Baten Atalak

  • Zirkua: Eremurik garaiena, sakonune formakoa.
  • Haran glaziarra: Izotz-masak behera egiten duen bidea.
  • Amaierako eremua: Tarterik baxuena, morrena metatzen den lekua.

Higadura Glaziarraren Formak

  • U formako haranak: Glaziar alpetarrek U formako haranak eratzen dituzte.
  • Haran esekiak: Garai bateko glaziar-adarren haranak dira.
  • Ertzak eta hornak: Higaduraren ondorioz, isurialdeen banalerroetan ertz zorrotzak eratzen dira.
  • Aintzirak: Glaziarrak bere ibilgua are gehiago zulatzean sortzen dira.

Higadura Eolikoa

Higadura Eolikoaren Formak

  • Basamortu-zoladura: Deflazioaren emaitza da.
  • Albeoloak: Harea-aleek zenbait arrokaren gainazalean talka eginda sortutako barrunbe txikiak dira.
  • Arroka fungiformeak: Abrasio eolikoa lurzorutik hurbilen dauden eremuetan altuenetan baino handiagoa denez, forma bereziko arrokak sortzen dira.

Higadura Eolikoaren Baldintzak

  • Material solteak egotea: Haizeak ezin ditu kohesionatuta dauden arrokak mugitu, ezta tamaina handiko zatiak ere.
  • Landaredirik ez egotea: Landareen sustraiek lurzorua finkatu eta atxiki egiten dute.

Sedimentazio Eolikoaren Formak

  • Dunak: Haizeak garraiatutako harezko mendixkak dira.
  • Loessak: Haizeak garraiatutako material finak (limoak) metatzean sortzen dira.

Itsasoko Uraren Mugimenduak

  • Olatuak: Haizeak ur gainean sortutako uhin-mugimenduak dira. Atalak: gandorra, behe-atala edo harana.
  • Itsasaldiak: Ilargiaren eta Eguzkiaren erakarpen-indarrek eragindako itsas mailaren goranzko eta beheranzko oszilazioak dira.
  • Itsaslasterrak: Itsasoko ur-masa handien translazio-mugimendu jarraituak dira.

Itsasertzaren Higadura

Olatuen higadura uraren zuzeneko ekintzak nahiz urak garraiatzen dituen materialen kolpeek (itsas abrasioa) eragiten dute. Olatuen talkak itsaslabarraren oinarria higatu eta azpijana sortzen du. Gaineko arrokek hegal bat eratzen dute, pitzatu eta erori egiten dena.

Itsas Higaduraren Formak

  • Itsaslabarra: Forma ohikoena da, itsasoaren eta lurraren arteko desnibel nabarmena.
  • Abrasio-plataforma: Itsaslabarraren oinarrian dagoen gainazal horizontala da.
  • Lurmuturrak eta badiak: Itsas higadurarekiko erresistentzia desberdina duten materialek sortuak dira.
  • Arku naturalak: Lurmuturrak zeharkatzen dituzten hutsuneak dira.
  • Kostaldeko uhartetxoak (farailoiak): Garai bateko lurmuturren hondarrak dira.
  • Zabalguneak: Itsaslabarraren gaineko terrazak dira.

Hondartzako Harearen Jatorria

Oinarrizko bi mekanismoren bidez sortzen da:

  • Olatuak: Olatuak itsasertzera iristean lehertzen dira, materialak hondartzara herrestan ekarriz eta berriro itsasora eramanez. Prozesu horretan, harea-aleak biribildu eta txikitu egiten dira. Materialek sigi-saga egiten dute aurrera.
  • Itsasbazterreko jitoa: Kosta-lerrotik hurbil, itsasoko ura kosta-lerroarekiko paralelo mugitzen da haizeari eta olatuei esker, eta horrek materialak garraiatzen laguntzen du.

Itsas Sedimentazioaren Formak

  • Hondartzak: Kosta-lerroan bertan sortutako harea-metaketak dira.
  • Barrak: Kosta-lerroarekiko paraleloan uharte luzangak eratzen dituzten harea-metaketak dira.
  • Geziak edo fleitxak: Mutur bat kostaldeari lotuta duten barrak dira.
  • Tonboloak: Uhartetxo bat kontinentearekin lotzen duten metaketak dira.
  • Albuferak: Barra baten bidez itsasotik guztiz edo partzialki banatuta dauden kostaldeko aintzirak dira.
  • Padurak: Kostaldeko hezeguneak dira.
  • Deltak: Ibai baten bokalean egindako metaketak dira.

Entradas relacionadas: