Kant-en Kritizismoa: Ezagutza, Etika eta Metafisika
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,76 KB
Kant-en Kritizismoa eta Hiru Galdera Nagusiak
Kantentzat, filosofia oro galdera hauei erantzutea helburu duen ekintza espekulatiboa da:
1. Zer ezagut dezaket?
Sentsibilitatea pasiboa da eta inpresioak jasotzen ditu. Adimena, berriz, aktiboa da eta ideiak nahiz kontzeptuak sortzen ditu, esperientziatik eratortzen ez direnak (hala nola substantzia, kausa, existentzia, etab.). Kontzeptu hauek esperientzia-objektuak ezagutzeko, ordenatzeko eta bateratzeko erabiltzen ditu.
Horregatik, Kanten Kritizismoaren ustez, subjektuak ez du objektuaren argazki hutsa egiten; datu sentigarriak antolatu, ordenatu eta egituratzen ditu. Beraz, gauzak ez ditugu diren bezala ezagutzen (noumenoa), garen bezala baizik; hots, subjektuak objektua eraikitzen du, ezagutza a priori-zko forma eta kategoriak ezartzen dizkion neurrian (fenomenoa).
Ezagutza ulertzeko modu berri honi ezagutzaren iraultza kopernikarra deitzen dio Kantek. Beraz, ezagutza eman dadin bi baldintza bete behar dira:
- Jatorria esperientziaren (a posteriori) datuetan oinarriturik egotea.
- Esperientzia baino lehenagoko (a priori) edukiak egotea, ezagutza posible egiten dutenak. Hauek unibertsalak eta beharrezkoak dira, subjektu guztietan amankomunak.
2. Zer egin behar dut?
Arau moral orok agindu forma du. Kanten arabera, agindu horiek kategorikoak izan behar dira; hau da, egoera guztietarako baliagarriak izan behar dira eta, horregatik, ez dute eduki zehatzik izan behar. Formulazio hau izan behar dute:
“Joka ezazu zeure jokabidea lege orokor bihurtzea nahi bazenu bezala”.
Hau da, nire ekintzak jokabide eredu unibertsaltzat hartuak izateko moduan jokatu behar dut beti.
3. Zer itxaron dezaket?
Soilik arrazoiak ahalbidetzen du zientzia egotea, eta soilik esperientzia baldin badago egon daiteke zientzia. Hortaz, Metafisika ezin dela zientzia izan azalduko du Kantek.
Lan horretan, Kantek ezagutzaren mugak aztertuko ditu eta metafisika arrazionalista kritikatuz Jainkoa, Arima edo Mundua bezalako edukiak arrazoian oinarritzeko aukera ukatu egingo du; izan ere, eduki horiei ez dagokie inolako intuizio sentikorrik. Hori dela eta, erlijio naturalaren alde agertzen da, eta erlijio horretan ikusten du garaiko erlijioen arteko gatazkaren irtenbidea.