Korronte elektrikoen arteko indarrak eta Amperearen definizioa
Clasificado en Física
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,31 KB
Korronte elektrikoen arteko indarren zergatia
Badakigu mugitzen ari den karga batek eremu magnetiko bat sortzen duela, kargaren balioaren, abiaduraren eta distantziaren menpekoa dena (Biot-Savart-en legea). Korronte elektriko batek ere eremu magnetiko bat sortzen du, korrontea higitzen ari diren karga elektrikoen multzoa baita.
Bestetik, eremu magnetiko batek higitzen ari den beste karga baten gainean indar jakin bat eragiten du, Lorentzen indarra: F = q (v x B).
Eremu magnetikoaren barruan korronte-elementu bat dagoenean, eremuak indar magnetikoa eragiten dio korronteari, higitzen ari diren karga-multzoa baita korronte hori.
Korronte paraleloen edo antiparaleloen arteko indarrak
Noranzko bereko bi korronte daudenean erakarpen-indarrak sortzen dira, eta aurkako noranzkoko bi korronte daudenean, aldiz, aldarapen-indarrak.
Demagun bi hari eroale, paralelo eta infinitu dauzkagula, d distantziara jarrita:
- Noranzko bereko bi korronte paraleloek elkar erakartzen dute.
- Aurkako noranzkoko bi korronte paraleloek elkar aldaratzen dute.
1. korronteak eremu magnetiko bat sortzen du bigarrena dagoen tokian, eta horrek 2. eroalearen gainean indarra eragiten du. Indarraren modulua honako hau da:
F12 = (μ0 / 2πd) · (I1 · I2 · l)
Modu berean, 2. korronteak eremu magnetiko bat sortzen du lehenengoa dagoen lekuan eta, ondorioz, 1. eroalearen gainean indar batek eragiten du. Indar horren modulua eta norabidea F12-ren berdinak dira, baina bere noranzkoa aurkakoa da, akzio-erreakzio indarrak direlako.
Eroaleek luzera-unitateko jasaten duten indarra kalkulatzeko, aurreko adierazpenean F/l egitea baino ez dago.
Amperearen definizioa
Amperea korronte-intentsitatearen unitatea da SI sisteman. Amperea definitzeko korronteen arteko indarra erabiltzen da:
Hutsean eta metro bateko distantziara dauden bi eroale zuzen paralelo eta mugagabetatik zirkulatzen ari den korronte-intentsitatea ampere batekoa da, baldin eta luzera-metro bakoitzeko erakarpen edo aldarapen indarra 2·10-7 N-koa bada.