Lehen Industria Iraultza: Kausak, Garapena eta Ondorioak

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,07 KB

Lehen Industria Iraultza: Kausak eta Oinarriak

Lehen Industria Iraultza hiru aldaketa nagusiren ondorioz sortu zen: biztanleriaren hazkundea, nekazaritzaren hedapena eta ekonomia-pentsamoldearen aldaketa.

Demografia Iraultza (XVIII. mendearen amaiera)

Jaiotza-tasa altua mantendu zen, baina heriotza-tasa murriztu egin zen. Horren ondorioz, biztanleria azkar hazten hasi zen, eta horri demografia iraultza deritzo. Kontsumoak gora egin zuen.

Nekazaritza-Hedapena XVIII. Mendean

Ekonomia-aldaketak lehen sektorean hasi ziren:

  • Nekazaritza teknikak hobetu ziren: Laboreen txandaketa, burdinazko goldearen erabilera, ureztatze-sistemak hobetzea, makina berrien sorrera eta ongarri kimikoen erabilera.
  • Abeltzaintza eraldatu zen: Laborantza-lurrak abereentzako bazka ekoizteko erabiltzen ziren, estabulazioa garatu zen, eta haragia ez zen soilik aberatsen esku geratu.
  • Nekazaritza-egiturak aldatu ziren: Jabetza pribatua nagusitu zen. Burgesek lursailak erosi zituzten, kapitala eratu zuten, aurreztutakoa industrian inbertitu zuten, eta lanesku soberakinak sortu ziren. Nekazari askok hirietara emigratu zuten fabrika berrietan lanean hasteko.

Industria Iraultza (1780-1860)

Bi sektore nabarmendu ziren hasieran: ehungintza eta siderurgia.

Industrializazioaren Ezaugarriak

Industrializazioak ondorio hauek izan zituen:

  • Leku jakin batzuetan kontzentratu zen.
  • Lanaren banaketa ezarri zen (ordutegi finkoa).
  • Langileek makinek ezarritako erritmoan lan egin behar zuten.
  • Produktibitateak gora egin zuen, baina ekoizpen-kostuek behera egin zuten, eta, ondorioz, produktuen prezioak jaitsi egin ziren.

Britainia Handia, Industrializazioaren Gune Nagusia

Britainia Handian hasi zen prozesua, ekonomia-hazkunderako baldintza egokiak zituelako:

  • Nahikoa lanesku eta merkatu zabala.
  • Burdin meategiak eta ikatz mineral ugari zituzten.
  • Pentsamolde liberala oso hedatua zegoen.

1820tik 1840ra, Frantzia, Alemania eta Belgikak jarraitu zizkioten urratsak. Gainerako herrialdeetan, eskualde jakin batzuetan soilik izan zuen eragina.

Puntako Sektoreak: Ehungintza eta Siderurgia

  • Kotoiaren ehungintza: Kotoia kolonietatik ekartzen zen. Ehungailu mekanikoa erabili zen. Ehun britainiarrak merkeak eta kalitate onekoak ziren.
  • Industria siderurgikoa: Garapen handia izan zuen. Ikatz minerala erabiltzeak labe garai modernoak eraikitzea eragin zuen. Burdinaren eskaria oso handia zen, batez ere trenbide-sarea eraikitzeko erabiltzen zelako.

Garraioen Iraultza

Lehen garraio-berrikuntzak nabigazioan izan ziren:

  • 1807an, lurrun-motorrez propultsatutako itsasontzien lehen linea komertziala sustatu zen.
  • 1830etik 1880ra, burdinazko kroskoak jartzen hasi ziren. Propultsatzeko helizeak erabiltzen hasi ziren.
  • 1870ean, hotz-ganberez hornitutako itsasontzi bat heldu zen.

Aurrerapen batzuek distantziak laburtu zituzten; adibidez, 1869an Suezko kanala ireki zen.

Trenbidearen Aroa

Trenbidea industria-iraultzaren aurrerapen nagusietako bi batuz sortu zen: burdina eta lurrun-makina.

  • 1814an lurrun-lokomotora egin zen.
  • 1825ean zama-trenbideko lehen linea ireki zen.
  • 1830ean, bidaiarientzako lehen trenbidea Liverpool eta Manchester artekoa izan zen.

Trenbideak ugaritu egin ziren, kontinente arteko lineak ere diseinatu ziren, eta zeharkatutako lurraldeetan industrializazioa bizkortu egin zen.

Garraioen Iraultzaren Ondorioak

  • Merkataritzak hazkunde handia izan zuen, iraupena eta kostuak murriztu zirelako.
  • Munduko ekonomia espezializatu egin zen: herrialde industrialak produktu manufakturatuetan espezializatu ziren, eta koloniek lehengaiak saldu zizkieten.
  • Dieta hobetzeko aukera sortu zen, elikagai galkorrak garraiatu ahal zirelako, eta emigrazioa erraztu zen.

Entradas relacionadas: