Lurreko erliebea eta harrien zikloa: geologia orokorreko oinarriak
Clasificado en Geología
Escrito el en
euskera con un tamaño de 7,85 KB
Lurreko erliebea
Lurreko gainazalak elementu geografiko ugari ditu: mendikateak, haranak, goi-ordokiak, lautadak eta abar.
Erliebe-motak
- Mendikateak: plaka tektoniko baten konbergentziak sortuak.
- Lautadak eta ordokiak: eremu lau-lauak edo gorabehera gutxikoak. Lautadak itsas mailatik altitude jakin batera daude; goi-ordokiak altuera handiagokoak dira.
- Sakonuneak: inguruko elementuak baino beherago dauden eremuak.
- Plataforma kontinentalak: kontinenteen itsasoko urpean dagoen jarraipena da, 200 metroko sakoneraraino.
- Dortsalak: jatorri bolkanikoa duten itsaspeko erliebe zabalak dira. Dortsalen erdialdean rift sakonune bat dago.
- Ordoki abisalak: ozeano-hondoko lur eremu zabalak, sedimentu geruzez estaliak.
- Fosak: sakonera handiko sakonune luzeak eta estuak.
- Uharteak eta mendi bolkanikoak: itsaspeko sumendiek jaurtitako produktuak pilatuz sortuak.
Erliebearen eraketa eta eraldaketa
Erliebea denboran zehar aldatzen da. Eragile nagusiak bi dira: barruko energia (endogenoa) eta eguzki-energia (exogenoa).
Barruko energia (endogenoa)
Lurraren barruan sortzen da eta mendiak sortzeko prozesuak eragiten ditu.
Eguzki-energia (exogenoa)
Grabitatearekin batera, eguzki-energiak atmosfera eta hidrosfera dinamizatzen ditu, eta mendiak higatzen ditu. Prozesu exogenoak hauek dira:
- Meteorizazioa: lurrazaleko harriak aldatu eta deskonposatzen dira atmosferaren, uren eta izaki bizidunen eraginez.
- Higadura: ur-jario, ibai, glaziar eta haizeek harriak gastatzen dituzte.
- Garraioa: meteorizazioaren eta higaduraren produktuak sorlekutik jalkitze lekuraino eramatea.
- Sedimentazioa: higadurak ekarritako materialak arro sedimentario batean pilatzea.
- Diagenesia: sedimentuak harri sedimentario bihurtzen dituen prozesua.
Meteorizazioa
- Meteorizazio fisikoa: izozketa, tenperatura aldaketak eta izaki bizidunen eragina.
- Meteorizazio kimikoa: atmosferak, urak eta izaki bizidunek eragindako aldaketa kimikoak. Harriak erreakzio kimikoen bidez desegiten dira: oxidazioa, disoluzioa, karbonatazioa eta izaki bizidunen eragina.
Harri sedimentarioak eta erregai fosilak
Harri sedimentarioak arroetan jalkitako sedimentuak eraldatzean sortzen dira. Geruza paraleloak osatzen dituzte. Geruza zaharrenak beheko aldean daude; presio eta tenperatura handiagoa jasaten dute, eta diagenesiaren bidez harri sedimentario bihurtzen dira: trinkotu eta zimendatu.
Ikatza eta petrolioa organismoen hondakinetatik sortzen dira, erregai fosilak dira eta baliabide berriztaezinak dira.
- Ikatza: deltetan eta aintziretan, sedimentuek estalitako hondakin begetalek sortua.
- Petrolioa: itsasoaren hondoan sedimentuek estalitako itsas organismoen hondakinetatik sortua, bakterioen eraginez.
Fosilak
Fosilak aurretik bizi izandako organismoen hondarrak edo aztarnak dira. Sedimentuen artean lurperatu eta harri sedimentario bihurtzen dira. Aurreko organismoen ezaugarriak gordetzen dituzte eta eboluzio prozesuak ulertzeko balio dute.
Lurraren barnealdea eta lurrikarak
Bi uhin sismiko nagusi daude: P uhinak, azkarrak, solidoetan eta likidoetan hedatzen direnak, eta S uhinak, motelagoak, solidoetan bakarrik hedatzen direnak.
- Mohorovicic-en gainazala: lurrazala eta mantua bereizten dituen etena.
- Gutenberg-en gainazala: mantua eta nukleoa bereizten dituena. Nukleo kanpoko likidoa da.
- Litosfera: geosferaren goreneko geruza, lurrazala eta mantuaren goreneko zatia osatzen dituena. Litosfera zati handietan banatuta dago: plaka tektonikoak, hiru motako mugekin: konbergentea, dibergentea eta pasiboa (irristaketa).
Lurrikarak intentsitate eta magnitudearen bidez neurtzen dira. Intentsitatea pertsonek sentitutako astinduraren arabera neurtzen da, hamabi gradutako eskalan. Magnitudea lurrikara batek askatzen duen energia kantitatea da, Richter eskalaren bidez.
Sumendiak
Sumendiak geosferaren barruan harriak urtu eta magma sortzen denean eratzen dira. Magmak lurrazalera igotzen dira eta sumendiak sortzen dira.
- Ganbera magmatikoa: magma biltzen den lekua.
- Tximinia bolkanikoa: magma igotzen den bidea.
- Krater: material urtuak irteten diren zuloa.
- Laba koladak: sumendiko magaletan behera doazen materialak.
- Kono bolkanikoa: kanporatutako produktuek eta koladek pilatuz sortzen den mendia.
- Piroklastoak: bolkanikoak diren material solidoak, hala nola, bomba bolkanikoak (bloke handiak), lapillia (zati txikiagoak) eta errauts bolkanikoa (partikula oso finak).
- Labak: azalera iristean gas gehienak galtzen dituen magma.
Sumendiak plaken ertzetan (konbergenteak eta dibergenteak) edo plaken barruan sor daitezke. Plaken barruko sumendiak mantuaren sakonetik magma igotzearen ondorioz eratzen dira.
Harri magmatikoak
Magmak mineral urtuen nahasketak dira; silikatoz osatuak daude eta kristal solidoak eta gasak dituzte. Magmak hoztu eta mineralak kristaltzen direnean harri magmatikoak sortzen dira.
- Harri plutonikoak: lurrazalaren barruan astiro hoztean sortzen dira. Kristal handiak eta ondo eratuak dituzte (ehundura pikortsua).
- Harri bolkanikoak: magma lurrazalera irtenda laba bihurtzen denean sortzen dira. Azkar hozten direnez, kristal txikiak eratzen dira.
- Ehundura porfidikoa: kristal handiak matrize baten barruan kristal txikiekin.
- Ehundura beirakara: labak bat-batean hoztuta sortua.
Harri metamorfikoak
Metamorfismoa litosferaren barruko gune sakon edo plaken ertzetan gertatzen da, presio eta tenperatura handiek harriak eraldatzen dituztenean, egoera solidoan.
- Metamorfismo dinamikoa: bi plaka tektoniko talka egiten duten eremu zabaletan gertatzen da, presio eta tenperatura altuen eraginez.
- Metamorfismo termikoa: magmek ematen dituzten tenperatura altuen eraginez, urtutakoaren inguruan harri metamorfikoen aureola sortzen da.
- Ehundura eskistosoa: mineral orri-egituradunak paraleloki antolatuak.
- Ehundura granoblastikoa: norabide zehatzik gabe egituratzen diren mineralak.
Harrien zikloa
Geruzek elkarren artean energia trukatzen dute prozesu endogeno eta exogenoen bidez. Aldaketa horiek harrien zikloa edo ziklo litologikoa osatzen dute, eta hiru harri-talde nagusiak (magmatikoak, metamorfikoak eta sedimentarioak) elkarri eratorriak dira:
- Mendikatea sortzen da.
- Tenperatura altuek magma sortzen dute.
- Magma hoztu eta solidotu egiten da, harri magmatikoak sortuz.
- Gainazaleko urek, itsasoko urek, izotzek eta haizeek erliebea higatzen dute.
- Higaduraren produktuak ozeanoraino garraiatzen dira.
- Sedimentu geruzak jalkitzen dira.
- Leku sakonetan, sedimentuak harri sedimentario bihurtzen dira.
- Plakak talka egiten dute, presio handia sortuz eta tenperatura igoz; harri magmatikoak eta sedimentarioak harri metamorfiko bihurtzen dira.
- Plaken arteko talkaren ondorioz, harri mota guztiak dituen mendikatea sortzen da.