Miles Gloriosus: Plauto eta Antzezlan Ezaguna
Clasificado en Latín
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,18 KB
Miles Gloriosus: Plauto eta bere antzezlan ezagunena
Miles gloriosus Plauto (k.a. 254-k.a. 184) idazle erromatarraren antzezlan ezagunena da. Bere jatorria edozein delarik, ospe handia eskuratu zuen idatzi zituen komedia palliataren bitartez (istorioa, lekua eta janzkera greziarrak). Horien artean ezagunak dira Miles gloriosus, Asinaria eta Mostellaria, besteak beste.
Antzezlanaren egitura eta argumentua
Miles gloriosus antzezlana Efeson kokatzen da, eta bost ekitalditan banatuta dago. Obraren protagonista Pirgopolinices dugu. Honek Atenasen Filokomasia bahitzen du eta Efesora eramaten du. Filokomasia Pleusikles atenastarrarekin maiteminduta dago, eta honen esklaboa bere bahiketaz jabetzean Efesora abiatzen da. Nolanahi ere, pirata batzuek bidean harrapatu eta Pirgopolinicesi saltzen diote.
Engainuaren prestaketa
Efeson dagoela, Palestrion esklaboak Filokomasiaren bahiketaren berri ematen dio Pleusiklesi bertara gerturatu dadin. Hala egiten du Pleusiklesek eta militarraren alboko etxean ostatu hartzen du, Periplektomeno agurearen babespean. Palestrion esklaboak bi etxeak batzen ditu pasabide baten bitartez bi maitaleak elkar ikusteko aukera izan dezaten, baina Esceledro izeneko esklabo batek Filokomasia eta Pleusikles batera harrapatzen ditu.
Engainuaren garapena
Palestrionek, maitaleak babesteko asmoz, Esceledrorentzako engainua prestatzen du eta sinistarazten dio Pleusikles musukatzen zegoen hori Filokomasiaren bikia dela. Palestrioni plan bikaina bururatzen zaio Pirgopolinices engainatzeko eta Filokomasia bere maitearekin Atenasera bueltatu dadin. Periplektomeno agurearen laguntzarekin batera, engainua abiarazten dute.
Militarraren engainua
Pirgopolinicesek hain atsegin dituenez emakume ezkonduak, Periplektomenoren "emaztea" (prostituta dena egiaz) berarekin maiteminduta dagoela adierazten diote. Orduan, Palestrionek Pirgopolinicesi esaten dio Filokomasiaz libratzeko aukera bikaina suertatu zaiola, ahizpa bikia eta ama Atenasetik etorri zaizkiolako bisitan. Militarra tranpan erortzen da eta Filokomasia eta Palestrion askatzen ditu.
Ondorioa
Ostean, bere maitale berriaren etxera doanean, Periplektomenorekin eta bere esklabo armatuarekin egiten du topo. Jipoi ederra ematen dioten bitartean, Pleusikles, Filokomasia eta Palestrion jadanik itsasoratu egin dira, Atenaserako bidean.
Pertsonaien arketipoak
Plautok komediaren figura arketipikoak maisutasunez irudikatu zituen: Pirgopolinices militar harroputza; Palestrion esklabu fidela, zeinak zinismoz eta zuhurtasunez engainu paregabea prestatzen duen; elkarrengandik banatutako amoranteak: Filokomasia gazte ederra eta Pleusikles gazte alaia; Periplektomeno, agure alai eta atsegina; Esceledro esklabu adoregabea, amoranteak batera harrapatzen dituena; Akroteleutia emagaldua, Periplektomenoren emaztea bailitzan jokatzen duena militarra engainatzeko, eta prostitutaren esklaboa Milfidipa.