Mundu Gerren Kausak eta Stalinen Planifikazio Ekonomikoa

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,63 KB

1. Lehen eta Bigarren Mundu Gerretarako bideak: Desberdintasunak

Lehen Mundu Gerraren kausak

Lehen Mundu Gerraren aurretik, Europan tentsioa etengabe handitzen joan zen. Gerraren kausa nagusiak bost izan ziren:

  • Inperialismoaren kontraesanak.
  • Aliantza diplomatikoen lehia.
  • Armagintza-lasterketa.
  • Nazionalismoaren eta militarismoaren hedapena.
  • Diplomazia-krisialdiak, batez ere Balkanetan.

Azken txinparta 1914ko ekainaren 28an gertatu zen, Franz Ferdinand artxidukea Sarajevon hil zutenean. Horrek gerra-deklarazioen kate bat eragin zuen eta Lehen Mundu Gerra hasi zen.

Inperialismoak potentzien arteko lehia areagotu zuen, bereziki Alemaniaren eta gainerako potentzien artean. Aldi berean, Europa bi bloketan banatu zen: Aliantza Hirukoitza (Alemania, Austria-Hungaria eta Italia) eta Entente Hirukoitza (Frantzia, Errusia eta Britainia Handia). Gainera, armamentuaren hazkundeak eta nazionalismoaren indartzeak gerra-giroa elikatu zuten.

Bigarren Mundu Gerraren bidea (30eko hamarkada)

Bigarren Mundu Gerrara eramango zuen bidea, berriz, 1930eko nazioarteko politikarekin lotzen da. Versaillesko Itunaren ondorioek Alemania oso kaltetuta utzi zuten, eta horrek mendeku nahia eta ezegonkortasuna sortu zituen. Horri 1929ko krisi ekonomikoa gehitu zitzaion, langabezia eta pobrezia handituz, eta horrek muturreko ideologien gorakada erraztu zuen, hala nola nazismoa Alemanian eta faxismoa Italian. Herrialde horietan diktadurak ezarri ziren, politika oldarkorra bultzatuz.

Bestalde, Nazioen Elkartea ez zen gai izan bakea bermatzeko eta ez zituen gerra-ekintzak geldiarazi (adibidez, Japoniaren eta Italiaren hedapena). Azkenik, Alemaniaren berrarmaketa eta hedapen politikoa (Renania, Austria eta Txekoslovakia bezalako lurraldeak) gerra bideratu zuten, eta 1939an Poloniaren inbasioak Bigarren Mundu Gerra piztu zuen.

Desberdintasun nagusiak

Desberdintasun nagusiei dagokienez, Lehen Mundu Gerra batez ere inperialismoaren, nazionalismoaren eta aliantza-sistemen ondorio izan zen, eta oreka militar eta diplomatiko baten barruan sortu zen. Bigarren Mundu Gerra, berriz, Versaillesko Itunaren ondorioek, krisi ekonomikoak eta diktadura totalitarioek eragin zuten, eta izaera ideologiko eta oldarkorragoa izan zuen. Azken batean, lehenengo gerra tentsio klasikoagoen ondorio izan zen, eta bigarrena, berriz, lehenengoaren ondorioek eta 30eko hamarkadako krisi politiko eta ekonomikoek eragindakoa.

2. Sobietar Batasuneko planifikazio ekonomikoa Stalinen garaian (1927–1941)

NEParen amaiera eta zentralizazioa

1927 eta 1941 bitartean, Stalinen garaian, Sobietar Batasunean ezarri zen planifikazio ekonomikoa sistema ekonomiko guztiz zentralizatua izan zen, NEParen (Politika Ekonomiko Berria) amaierarekin abiatuta eta estatuaren kontrol osoan oinarrituta.

1926tik aurrera, NEParen jarraipena zalantzan jarri zen, industriaren hazkunde eskasa bermatzen zuelako eta botere politikoaren zentralizazioa eskatzen zuelako. Horren ondorioz, 1927an planifikazio ekonomiko zentralizatua ezarri zen, eta ekonomia estatuaren zuzendaritzapean jarri zen. Ezarri zen planifikazio ekonomikoaren oinarria jatorrizko metaketa sozialista izan zen. Horrek esan nahi du nekazaritzatik ateratako baliabideak estatuak hartu eta industriara bideratzen zituela (energia, altzairua eta makinak); helburua herrialdea azkar industrializatzea eta autarkia ekonomiko bat sortzea zen.

Bost Urteko Planak eta kolektibizazioa

Sistema honen ezaugarriak hauek izan ziren: ekonomia estatuak guztiz kontrolatzen zuen, ekonomia itxia zen, kontsumo pribatua oso txikia zen, eta inbertsio gehienak industriara bideratzen ziren. Horretarako, Bost Urteko Planak erabili ziren:

  • Lehenengoa: 1928-1932
  • Bigarrena: 1933-1937
  • Hirugarrena: 1938-1942

Lehen bost urteko planean nekazaritza kolektibizatu zen. Bi sistema sortu ziren: Sovkhoz (estatuaren etxaldeak) eta Kolkhoz (kooperatibak). Helburua nekazaritza kontrolatzea eta soberakinak industriara bideratzea zen, baita nekazari asko hirietara eramatea ere.

Ondorioak eta industrializazioa

Prozesu gogorra izan zen: jende askok erresistentzia egin zuen, baina estatuak errepresioa erabili zuen. Horren ondorioz, gosete handiak egon ziren eta milioika pertsona hil ziren. 20 milioi nekazari hirietara joan ziren. Hala ere, industria asko hazi zen eta Sobietar Batasuna 1930eko hamarkadan munduko hirugarren potentzia industriala bihurtu zen.

Entradas relacionadas: