Mussoliniren diktadura: Italiako faxismoaren bilakaera

Enviado por Aitortxu y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,66 KB

Aldi parlamentarioa (1922-1925)

1922tik 1925era bitarteko urteak erabakigarriak izan ziren erregimen liberaletik diktadura faxistara igarotzeko. Hasieran, Mussolini lehen ministro zenean, erregimen liberala errespetatuko zuela zirudien. Koalizio-gobernu bat eratu zuen, faxistek, liberalek, kontserbadoreek eta popularrek osatua; eta Parlamentuaren onespenarekin, botere bereziak lortu zituen.

Hauteskundeak eta Matteotti auzia

Hauteskunde-lege berria onartu zen, eta 1924. urteko hauteskundeetan, faxistek eta gobernuaren aldekoek botoen %64 eta 404 aulki lortu zituzten.

1924an, faxismoaren krisirik larriena sortu zen, talde faxistek Matteotti diputatua eta sozialisten buruzagia erail zutenean. Diputatu horrek hauteskundeen emaitzak baliogabetzat jotzea eskatzen zuen, faxismoak indarkeria erabili zuelako eta beldurra eragin zuelako. Mussoliniren erantzuna diktaduraren ezarpena bizkortzea izan zen. Horretarako lehen urratsa sozialistei Parlamentuko aulkiak betetzen ez uztea izan zen, indarrez.

Diktadura faxista

1925-1926tik aurrera, Mussolinik ez zuen inolako aurkaritzarik; horrenbestez, lege guztiz faxistak ezarri zituen, eta haien bidez, zenbait neurri hartu zituen:

  • Delitu politikoetarako auzitegi bat sortu zuen.
  • Ezkutuko polizia politiko berria eratu zuen.
  • Gainerako alderdi politikoak eta langileen sindikatuak deuseztatu zituen.
  • Prentsaren zentsura ezarri zuen.

Gainera, ordutik aurrera, Mussoliniren botereak mugagabeak izan ziren, eta erregearen aurrean soilik zuen erantzukizuna.

Estatu totalitarioa eta Letrango Itunak

Estatua faxista bihurtzean, alderdi bakarreko erregimen totalitarioa ezarri zen. Baina alderdia organo burokratiko hutsa zen, eta propagandaz eta masen kontrol ideologikoaz soilik arduratzen zen. Benetako boterea Mussolinik zuen, Kontseilu Faxista Handiaren laguntzaz. 1938an, Diputatuen Ganbera deuseztatu zen eta Fascien eta Korporazioen Ganberak ordezkatu zuen.

1929an, Letrango Itunak sinatu zituen Eliza Katolikoarekin, eta itun horien bidez, erregimena sendotu egin zen. Horrela amaitu ziren Italiako estatuaren eta Elizaren artean Italiako lurraldeen bateratzea gertatu zenetik izandako tirabirak, eta Vatikano Hiriko Estatua ofizialki sortu zen. Elizazko ezkontza onartu zen, katolizismoa estatuko erlijio bakarra bihurtu zen eta eskoletan erlijioa derrigorrez irakasten hasi ziren. Horren truke, Vatikanoak estatu faxista onartu zuen, baita Erroma hiriburu izatea ere.

Entradas relacionadas: