Pertsiarren Manifestua: Absolutismoaren Aldarrikapena (1814)
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,24 KB
Sarrera
1814ko apirilaren 12an argitaraturiko eta “Pertsiarren Manifestua” izenez ezaguna den hirurogeita hamar orrialde baino gehiago dituen testuaren hiru paragraforen aukeraketa bat ikus dezakegu.
Izaera politikoko dokumentu historikoa da, eta bertan, Cadizko Gorteetatik zetorren estatu-eredu berriaren kontra zeudenek gerra aurreko egoerara itzultzea eskatzen diote erregeari: absolutismora eta gizarte estamentalera, zehazki. Egilea kolektiboa da, 69 diputatuk izenpetu baitzuten; eta eskaera Fernando VII.a erregeari zuzentzen zaion arren, nazio osoari helaraztea du helburu.
Aztertzen ari garen une historikoan kokatzen denez, eta Gorteak osatzeko hautatutako diputatuek landu zutenez, lehen mailako iturri historiko zuzena dela esan dezakegu. Idatzi honek agerian uzten du sektore atzerakoienen erreakzio azkarra; aldi berean, hurrengo hamarkadetako Espainiaren bilakaera markatuko duen gatazka ideologikoaren hasiera adierazten du.
Testuaren analisia
Frantzian preso egon ondoren, Fernando VII.aren itzulera eragin zuen Valençayko Itunak. Aurrean dugun testuak itzulera honek eragindako berehalako erreakzioa azaltzen du. Cadizen onartutako estatu-eredu berria kritikatzen dute sinatu dutenek, beraz, dokumentua ideia liberalak defendatzen zituztenen eta eredu tradizionalari eutsi nahi ziotenen artean sortutako liskarra ulertzeko baliagarria da.
Aurkezten zaigun testua hiru paragrafotan egituratuta dago, eta paragrafo bakoitza oso garrantzitsua da aurkezten duen edukia dela eta.
Lehenengo paragrafoa: Pertsiarren ohituraren aipamena
Lehenengoak dokumentuari izena ematen diona da. Bertan gogoratzen da zein zen antzinako Pertsiako jokatzeko modua erregea hiltzen zenean (horrek ematen dio izena idatziari). Izendapen berria egin arte gordetzen zen bost eguneko tartean, populazioaren abusak sortutako anarkia zela eta, biztanleria bera agertzen zen errege berri bat izendatzearen alde, inolako dudarik gabe. Pertsiarren bost eguneko denbora tarte hori Independentzia Gerran emandako desordenarekin eta gobernu ezarekin konparatzen du. Legeak eta ordena bermatzen zituen bakarra erregearen aitortza da, Hobbesen teoria politikoa gogorarazten digu, baita monarkia absolutua justifikatzen duen «homine homini lupus» delakoaren planteamendua ere. Honek esaten baitzuen erregea beharrezkoa zela mundu baketsu bat ahalbidetzeko.
Bigarren paragrafoa: Absolutismoaren defentsa
Bigarren paragrafoak, Hobbesen hariari jarraituz, absolutismoaren ontasunak eta bertuteak garatzen ditu. Arrazoimenaren eta adimenaren ondorio den eredu gisa definitzen du, eta Jainkoaren legearen mende jartzen du. Subiranotasuna hasieran eta borondatez erregeari ematen zaiola planteatzen du, edo, bestela, “baimenezko” konkista gisa hartzen du, eta ikuspegi teozentriko batetik, Jainkoaren borondatearen obratzat hartzen du. Alegia, Erdi Aroaren hasieratik lurreko boterea zerutiarrarekin lotzen duen «per gratia dei» ospetsura itzuliz, hau da, errege izendatzen zituztenak Jainkoari esker zen. Ideia hori funtsezkoa da absolutismoan, izan ere, gogoratu behar dugu botere guztiak erregearen esku uzten dituen gizarte-eredu bat dela, eredu estamentala, eta Jainkoak lurrean duen ereduari, Elizari, joka-molde erabakigarria ematen dio.
Hirugarren paragrafoa: Cadizko Gorteen deuseztapena eskatzea
Hirugarren paragrafoan, bukatzeko, sinatzaileek beharrezko irtenbidea zabaltzen dute: aurreko bi paragrafoetan egindako aipamenetatik eratorritakoa. Bertan, diputatu-taldeak erregeari Cadizko Gorteek babestutako erreforma liberalak indargabetzeko eta sortutako injustiziak zuzentzeko tradizioaren bideari berriro jarraitzeko eskatzen dio. Gorteetarako deialdi berri bat proposatzen dute, baina Antzinako Erregimeneko Gorteetara itzultzeko deialdia, hau da, estamentuen ordezkaritzan oinarritutakoak, eta «subiranotasuna», «sufragioa» edo «nazioa» bezalako kontzeptu berri eta arriskutsuetatik aldenduz.
Testuingurua
Espainia okupatzea ez zen lan erraza izan frantsesendako. Altxamendu eta gerrilla ugariren jardunak, gainera, zaildu egin zuen Jose I.a iritsi berriaren erregealdia. Napoleonek berak laster esku hartu behar izan zuen okupatzaileen aurkako erreakzioa ahultzeko, nahiz eta espainiarrak errege gabe egon, frantsesen okupazioa zailtzeko asmo guztiarekin azaldu baitziren hasieratik. Hurrengo bi-hiru urteetan frantsesek hiri eta herri garrantzitsu gehienak kontrolatu bazituzten ere, aipatutako gerrillen aurkakotasunari laster gehitu zitzaien junta ezberdinen lana eta ejertzito anglo-portugaldarraren laguntza, gerraren norabidea aldatuz.
1812an frantziarrek Salamancako Arapiles herrian egindako porrotaren ondoren, Bonaparteren armadak itzulera gabeko bidea hasi zuten, eta 1813an Gasteizko eta Irungo guduen ondoren kanporatuak izan ziren. Hortaz aparte, Napoleonen Grande Armée-k Errusian jasandako porrotaren ostean, ez du izango Jose I.arenak laguntzeko gaitasunik, eta Espainiako gerra, oztopo bat baino, saihestu beharreko mehatxuan bihurtuko da Frantziarentzat. Hego-mendebaldeko fronte irekia, Wellington buru zuen armada hispano-anglo-portugaldarrak Frantzirako sarbide bihurtu zuen eta Tolouseraino iritsi ahal izan ziren. Horregatik, Napoleonek berehala bilatu zuen Espainiaren neutraltasuna nazioarteko testuinguruan, eta hor kokatu dezakegu okupazioaren amaiera eta Fernando VII.ari Espainiako koroa itzuliko dion Valençayko Ituna.
Fernando VII.a erregea itzuli zen Espainiara. Frantses okupazioak iraun zuen bitartean, Espainia konstituzio liberalen bidetik abiatu zen eta liberalismoaren oinarri nagusiak bilduko zituen Estatu garaikideari forma ematen saiatu zen. Errege berriak, ordea, berehala erakutsi zuen bere benetazko nahia: izaera liberaleko elementuak indargabetu eta absolutismoa berrezartzea. Horrela, berehala bere egin zituen 69 diputatu kontserbadoreek manifestu honetan adierazitakoak. Gauzak horrela, 1814ko maiatzaren 4an, bere mendean onartutako guztia indargabetuko zuen dekretua argitaratu zuen eta bere erregealdiaren lehen zatiari hasiera emango zion: Seiurteko Absolutista.
Bere erregealdiaren lehen zati honetan, Inkisizioa balitzan, Espainia modernizatu baten alde parte hartu zuten liberalen jazarpen, erbesteratze edo exekuzioari ekin zitzaion. Urte zailak izan ziren. Estamentu eskubide eta pribilegioak, gremioak, Mesta, Inkisizioa eta Antzinako Erregimenaren gainerako erakundeak berrezarri ziren. Hala ere, estatu-eredu berria abian jarria zen, eta sektore atzerakoienak hura geldiarazten saiatu baziren ere, pilatutako esperientziak sektore liberalenek, erbestetik edo klandestinitatetik, gerran garaian sortu ziren eskubide eta askatasunak berrezartzeko lanean jarraitzeko balio izan zuen.
Garrantzia
Dokumentu honek neurri liberalen kontra zeuden talde kontserbadoreenen erreakzio azkarra eta arrakastatsua uzten du agerian. Errege berriaren eredu absolutistaren berrespenari lagungarri izan zitzaion eta, nolabait, mende osoan zehar luzatuko den espainiarren arteko liskar ideologikoaren lehen kapitulua islatzen du. Bi Estatu ereduen arteko liskarra, kontinente osoan iraultza eta kontrairaultza pasarteak sortuko zituena.
Espainiaren kasuan, talka hau ia XIX. mende osoan zehar luzatu zen eta “Karlistaldiak” izeneko hainbat gerra zibil eragingo zituen.