Primo de Riveraren Diktadura eta Monarkiaren Erorialdia
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,55 KB
1. Sarrera
Primo de Riveraren diktadura 1923. urtean hasitako etapa politikoa izan zen, 1931. urtera arte luzatu zena. Diktadura honek Alfontso XIII.aren babesa izan zuen, eta babes horrek erregearen ospea eta fidagarritasuna kaltetu zituen. Berrezarkuntza eta Alfontso XIII.aren erregetza 1931. urtean amaitu ziren, buruturiko udal hauteskundeetan indar errepublikarrek irabazi zutenean.
2. Diktaduraren Hasiera
Militarrek boterea hartu zuten, Espainiari egonkortasuna eta ohorea itzultzeko aitzakiarekin. Primo de Riverak ordenaren berrezarletzat aurkeztu zuen bere burua, hain zuzen ere Annualgo Hondamendiaren inguruko ikerketa txostena (Picasso espedientea) Parlamentuan aurkeztu behar zen unean.
Oposizioa geroz eta indartsuagoa zen, eta demokraziaren eta aldaketaren aldeko aldarrikapenak gizartearen sektore ezberdinetara zabaltzen hasiak ziren. Langileen protestak, iraultzaren aldarrikapenak eta anarkisten ekintzak ere ohikoak ziren. Honi frenoa jartzea eta Espainiako elite burges, elizkoi eta militarrek “bere betiko agintea” mantentzea izan ziren benetako helburuak.
Alfontso XIII.ak Primo de Riveraren kolpea onartu eta gobernua militarren esku utzi zuen. Errege izaten jarraitu zuen, diktadura militarra onartu eta babestuz. Diktadura militarra bi etapatan bereiz daiteke:
2.1. Direktorio Militarra (1923-1925)
Instituzio eta erakunde guztiak militarren esku gelditu ziren. Erregimen konstituzional eta parlamentarioa bertan behera gelditu, eta erregimen diktatoriala ezarri zen. Hainbat erabaki hartu ziren garai honetan, esate baterako, Marokoko egoera kontrolatzea. Espainiak garaipena lortu zuen matxinoen aurrean, tropa frantsesen laguntzaz. 1925ean, Alhucemasen tropak porturatu ondoren, Rifeko Errepublikaren gunea berenganatu zuten berriz ere.
Hartutako beste erabakietako bat Unión Patriótica izeneko alderdia eratzea izan zen. Honetan, militar eta zibil kontserbadore batzuk bildu ziren (lurjabe handiak, burges industrial batzuk, nobleziaren elitea, elizaren goi karguak, tokian tokiko kazikeak…). Alderdi honek diktaduraren gidaritza politikoa izan zuen 1925. urtetik aurrera. Ez zuen ideologia zehatzik; diktadura eta “behin betiko ordena” (soziala, ekonomikoa zein politikoa) mantentzea ziren bere helburu nagusiak, herri masa kontrolatua izanik.
2.2. Direktorio Zibila
Primo de Riverak gobernu aldaketa agindu zuen. Kargu publiko gehienak zibilen esku utzi zituen, baina hauek ez ziren hauteskunde bidez aukeraturikoak izan, eta ez ziren modu demokratikoan aritu, autoritarioan baizik (Primo de Riveraren, militarren eta eragin handiko eliteen eraginpean).
Direktorio Zibila, funtsean, diktadura kamuflatzeko modua izan zen. Garai honetan diseinatuko den estatuak Italiako Mussoliniren sistema (aldi berean gertatzen ari zena) izango du eredutzat, sistema korporatiboa oinarri hartuta. Besteak beste, honelako ezaugarriak izango zituen:
- Parlamentua Asanblada Nazionala izeneko erakunde batek ordezkatu zuen. Bertako hautagaiak udal ordezkari eta erakunde garrantzitsuenetako buruzagien botoen menpe gelditu ziren.
- Sistema korporatiboa abian jarri zuten estatuaren indar guztiak batzeko xedearekin. Doktrina korporatibista Mussolinik aplikatu zuen Italian, eta aurrerago faxisten oinarri bihurtu zen. Primo de Riverak, ideia horiei jarraiki, alderdi eta sindikatu bakarra eratu zituen. Sindikatu honetan langileak eta ugazabak batu ziren, eta langile mugimenduaren gehiengoa legez kanpo gelditu zen.
- Bozka sisteman ere aldaketak egon ziren. Bozka indibiduala bozka korporatiboa bihurtu zen. Parlamentario batzuk estatu erakundeen barruan aukeratuko ziren (armadaren barruan, Elizaren barruan, Unión Patrióticoaren barruan, etab.). Beste hautagaiak ez ziren modu librean aurkeztuko, Estatuak aukeratuko zituen.
- Ekonomiari dagokionean, aipatzekoa da Primo de Riveraren garaian hazkunde ekonomikoa bizitu zela. Hau politika ekonomiko protekzionista eta interbentzionistaren bidez lortu zen. Estatuak obra publiko asko sustatu zituen garai honetan (errepideak, urtegiak, trenbideak…), hazkunde ekonomikoa ekarri zuena. Honez gain, diru publikoarekin sortutako enpresa monopolioak eratu ziren: Campsa, Telefónica…
3. Primo de Riveraren Erorketa eta Diktatblada (1930-1931)
1925. urtetik aurrera, oposizioa berriz ere antolatzen hasi zen. Errepublikarrak, sozialistak, nazionalista katalanak eta anarkistak klandestinoki antolatzea lortu zuten. Katalunian ezker joerako nazionalistak mugitzen hasi ziren, Francesc Maciàk gidatuta. Anarkisten artean zatiketak egon ziren, eta batzuek ekintzak gogortu eta ugaritzearen aldeko talde berria sortu zuten: FAI.
Militar batzuen artean ere diktaduraren kontrako jarrerak eta ekimenak egon ziren, nagusiena 1926. urteko estatu kolpe saiakera izanik (San Juanada izenarekin ezagutua), zenbait politikari eta oligarken babesa izan zuena. Militar kolpistek huts egin zuten, eta Primo de Riveraren erregimenak zigorrak aplikatu zizkien.
Zentsura indarrean egon arren, geroz eta gehiago ugaritu ziren diktadorearen eta erregearen kontrako paskinak eta idazkiak. Oposizioa eta kritikak nagusituz joan ziren garai honetan, Alfontso XIII.ak Primo de Riverari bere dimisioa aurkezteko eskatu zion, zehazki 1930. urtean. Jada, iritzi publikoa diktadorearen kontra adierazten hasia zen, eta herri masa kontrolatzeko beharra zegoen.
1923. urtean behin-behineko egoera baten moduan hasitako direktorio militarra bete-beteko diktadura bihurtua zen. Oposizioaren beldur, erregeak Primo de Riveraren dimisioa eskatu zuen (ez zuen diktadura horren konplize agertu nahi herriaren aurrean). Diktadoreak, ejertzitoaren babesik ez zuela ikusirik, kargua utzi zuen.
Une horretan Alfontso XIII.ak aukera bikaina izan zuen hauteskunde orokorrak deitu eta herri subiranotasuna martxan jartzeko. Hau, ordea, arriskutsua zen oso, eta diktadore berri bati eman zion gobernuaren buruzagitza: Dámaso Berenguer jeneralari. Hau aldaketaren eta konstituzioa indarrean jarriko zuen agintaritzat aurkeztu zen, garai berri bati hasiera emango ziona. Aldaketak, ordea, ez ziren iritsi, eta orduko iritzi publikoak “diktablanda” izenarekin deskribatu zuen ustezko garai berria.
Oposizioak, erregea benetako eraldaketa bat bultzatzeko prest ez zegoela ikusirik, Donostiako Hitzarmena sinatu eta Jakako estatu kolpea antolatu zituzten (errepublikarrek, sozialistek eta militar batzuek babestua). Estatu kolpean huts egin arren, argi gelditu zen oposizio zibila eta militarra jada Alfontso XIII.aren monarkia onartzeko prest ez zegoela. Tentsio giro honetan, Berenguerrek bere dimisioa aurkeztu, eta Alfontso XIII.ak Aznar izeneko militarra izendatu zuen gobernu buru.
Hauteskundeak deitzeko eskaerak han eta hemen zabaldu ziren, baina Alfontso XIII.a hauek deitzeko beldur zen. Izan ere, herriak jada diktaduraren konplizetzat hartzen zuen, eta hortaz, indar errepublikarrek garaitu ezkero, bere errege kargua arrisku bizian egon zitekeen. Hauteskunde orokorrak deitu ez, eta herriaren nahiak asetuko zituelakoan, udal hauteskundeak deitu zituen 1931ko apirilaren 12an. Hiri nagusienetan indar errepublikarrek irabazi zuten argiki, eta II. Errepublikaren aldarrikapenak bazter guztietara zabaldu ziren. Honen aurrean, Alfontso XIII.ak abdikatu eta erbesteratu egin zen.