Progresisten Biurtekoa (1854-1856)

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,84 KB

1854an, progresistek, moderatu aurreratuek eta demokratek ekimen bateratu baten bidez, aldarazi egin zuten Espainiaren Gobernuaren joera politikoa. Faktore hauek bultzatu zuten aldaketa:

1854ko aldaketaren faktoreak

  • Manzanaresko Manifestua. Manifestu horretan, moderatu puritanoek (Alderdi Moderatua baino ezkerragorako taldea, progresistekiko adostasuna bilatzen zuena) eskatu zuten zergak murriztea eta hauteskunde eta inprimatze lege berriak onartzea.
  • Uztaileko Jardunaldiak. Batzorde Iraultzaileak eratu ziren Bartzelonan, Valentzian, Zaragozan eta beste hiri batzuetan.
  • “Vicalvarada” jazarraldia, O’Donnellek gidatua.

Esparteroren Gobernua eta erreformak (1854-1856)

1854ko azaroko hauteskundeetan gehiengo progresista nagusitu zen Gorteetan. Esparteroren Gobernuak, berriro presidente izendatuak, askatasun politiko zabalagoak onartu zituen, baita hauteskunde partaidetza zabalagoa ere. Garapen ekonomikoa sustatzeko, 1855ean Burdinbideen Lege Orokorra onartu zuen, Madozen desamortizazioa bultzatu zuen, eta 1856an Kredituko Sozietate Anonimoen Legea onartu zuen.

Madozen Desamortizazioa

Esparteroren ministro Pascual Madozek 1855ean hasitako desamortizazioa zabalagoa izan zen Mendizabalena baino. Klero sekularraren (apaizak) ondasunak desamortizatu zituen, baita Estatuaren eta Udalen jabetzak ere. Estatuak aurreko desamortizazioarekin baino askoz ere diru-sarrera handiagoak lortu zituen.

Desamortizazio prozesuak garrantzi handiko ondorioak izan zituen:

  • Estatuak ondasun nazional bihurtu zuen Elizaren eta Udalen ondare amortizatua (esku hilen erregimenaren mende zeudenak) eta merkatutik kanpo zeuden ondasunak.
  • Aukera eman zuen ereiteko lursail gehiago eskuratzeko, eta horrek nekazaritza ekoizpena igoarazi zuen. Aldiz, murriztu egin zen Udalen larre eta baso kopurua, lur gehiago luberritu ahala, eta horrek kalte egin zion abelzaintzari eta basogabetzea ekarri zuen.
  • Ez zen sortu lurjabe txikien klaserik, eta finkatu egin zen aldez aurretik indarrean zegoen lurraren egitura. Andaluzian, Extremaduran eta Gaztela-Mantxan, ugaritu eta handitu egin ziren latifundioak (jabego handiak). Herri lurrak erabiltzeko aukerarik gabe geratu ziren.
  • Hirien tankera aldatu zen.
  • Aldarazi egin zituen landa eremuko lan harremanak, gora egin baitzuen jornalari modura ari ziren nekazari kopuruak.

Biurtekoaren amaiera

Progresistek 1856ko Konstituzioa prestatu zuten, baina ez zen indarrean sartu; horregatik deritzo, hain zuzen, non nata konstituzioa. 1856an, Esparterok O’Donnell izendatu zuen ordezko. Dekretu baten bidez, 1845eko Konstituzioa ezarri zuen berriro indarrean. Berriro aldatu zen legedia, joera kontserbadoreagora lerraturik.

Entradas relacionadas: