Rembrandt eta Vermeer: Pintura Barroko Nederlandarraren Jeinuak

Clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,49 KB

Rembrandt (1606-1669): Barrokoaren Maisua

Rembrandt pintore, grabatzaile eta marrazkilari bikaina izan zen. Pintura barroko nederlandarra unerik gorenera eramatea lortu zuen. Velázquez bezala, artearen historian egon den jeinuetako bat izan zen.

Estiloa eta Argiaren Erabilera

Bere pintatzeko estiloa tenebrismoan oinarritzen da, baina, argi eta itzalen arteko kontrastearen muga zehatzaren ordez, ertz difuminatuagoak erabili zituen. Bere obran argia da elementu nagusia; argia da koadroaren sakonera adierazten duena. Argia era antinaturalean erabili zuen, objektuetatik edo pertsonaiengandik sortzen baitzen.

Generoak eta Berrikuntzak

Genero guztiak landu zituen: erretratuak (batez ere autoerretratuak), Itun Zaharreko eszenak, paisaiak, bodegoiak eta mitologia gaiak.

Erretratu konbentzionalarekin apurtu zuen Gaueko erronda obran ikusten den bezala. Bertan, erretratuak ez daude kokatuta hierarkiaren arabera, baizik eta pintorearen interes praktikoaren arabera. Pertsonaiak ez daude erretratu tradizionaletan bezala, baizik eta konpainiaren zeregin arrunt batean, “erronda” egiteko prest eta itxurazko desordenean.

Lan garrantzitsuenak

  • Gaueko erronda
  • Anatomia ikasgaia
  • Sindikoen oihaldunak

Vermeer de Delft (1632-1675): Intimitatearen Pintorea

Bere koadroetan elementu garrantzitsuenak kolorea (horia eta urdina nagusitzen dira), argia eta burgesen barne-espazioak dira. Gai erlijioso gutxi margotu zituen.

Giro Intimistak eta Konposizioa

Giro intimistak pintatu zituen, etxe burgesetako artistarik garrantzitsuena izanik. Konposizio soiletan irudikatu zituen pertsonak, eguneroko lanetan. Kanpoko argiaren modulazio xumearekin lortutako giro atsegin eta lasaia irudikatzen zuen.

Normalean, eskuinaldeko leihotik sartzen da argia; argi xumea, ia poetikoa, espazioa definitzen duena eta koloreen tonalitatea aldatzen duena. Eguneroko bizitzaren objektuak (aulkiak, mahaiak, oihalak, pitxerrak...) aurpegiak tratatzen dituen bezalako interesarekin irudikatuta daude.

Paisaia eta Obrak

Paisaia ederrak ere pintatu zituen, nahiz eta genero honetan M. Hobbema eta Ruysdael nabarmentzen diren.

Lan garrantzitsuenak

  • Pintorea bere tailerrean
  • Emakumea eskutitza irakurtzen
  • Delft-eko paisaia
  • Esne-saltzailea

Entradas relacionadas: