Teknikarien pentsamoldea eta lan-egoera gaur egungo gizartean
Clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,27 KB
Teknikarien pentsamoldea
Teknikarien bereizgarrietako bat beren pentsamoldea da. Teknikariengandik espero den lehen gauza zientzia-ezagutza menderatzea da. Ez dio hainbeste axola zenbat dakiten, zer jakintza-maila duten edo zenbateraino espezializatuta dauden; haien ezagutzaren izaerak du garrantzia: aurretiaz esan dugunez, haien jakintza zientifiko-teknikoa da; zientzia dute funts eta oinarri, arazo konkretuei trebeziaz eta iaiotasunez irtenbidea aurkitzeko.
Badakigu zientziaren ezaugarri behinena metodoak direla; metodoak zientifikoak badira, zientifikoa da ezagutza. Ikaste-prozesua luzea izan ohi da, eta planteamendu ordenatua eta sistematikoa eskatzen du. Hortik dator teknikari gehienek hezkuntza-maila altua jaso izana, unibertsitate-mailakoa orokorrean.
Teknikariek mugimendu berbera islatzen dute (hots, zientziaren eta pentsamolde zientifikoaren barneratzea gizartearen baitan), funtzio berbera dute (mugimendu zientifikoak eragindako aurkikuntzak landu eta aplikatzea), eta halaber kultura zientifiko-tekniko berbera dute: balore berberak dituzte eta arrazionaltasuna ulertzeko pentsaera berri bat dute.
Teknikarien lan-egoera
Teknikariek lan-egoera berri eta jakin bat ere bereizgarri dute. Lan-egoera hori, funtsean, erakunde handi baten barnean beren zerbitzu profesionalak praktikan jartzean datza:
- Soldatapeko lana: Teknikariek, gehienbat, ez dute beren buruarentzat eta libreki lan egiten; soldatapean dihardute enpresa pribatu nahiz publiko batentzat.
- Talde-lana: Egungo teknikariak ez dira jada, beren kasa isolatuta, zoriaren edo beren jenialtasunaren zain ikertzen ziharduten zientzialari klasiko haien tankerakoak. Talde bateko kide izaten dira, ondo antolatutako eta bitarteko asko dituen talde bateko kide, eta elkarlanean burutzen dituzte ikerketak.
Teknikari profesionalen lan-egoeraren berezitasun horien eragilea, neurri handi batean, zientziaren konplexutasun biziki hazkorra da, zeina, noski, geroz eta garestiagoa baita. Egungo gizartean teknikariak duen eginkizun berria eta garrantzi hazkorra bat datoz erakunde handien garapen eta hedapenarekin; erakunde handien eta teknikarien artean, beraz, korrespondentzia da nagusi.