Weimarko Errepublika: Jatorria, Krisiak eta Hitlerren Gorakada

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,06 KB

Weimarko Errepublika Ahula: Jatorria eta Krisiak

Alemaniak Lehen Mundu Gerra galdu ondoren, behin-behineko gobernu bat eratu zuten, eta gobernu hark aurre egin behar izan zion espartakisten altxamenduari. 1919ko iraultza-ahalegin haiek komunismoa ezarri nahi zuten Alemanian, baina porrot egin zuten.

Handik pixka batera, hauteskundeak egin ziren biltzar konstituziogile bat eratzeko. Biltzar horrek, 1919an Weimar hirian elkartuta, konstituzio bat onartu zuen. Horren bidez, aurrerantzean Alemania errepublika demokratikoa izango zen. Alderdi Sozialdemokratak gehiengoa zuen Alemaniako parlamentuan, eta gobernua bere esku zuen.

Baina, hasieratik, demokrazia berri hark muturreko talde politikoen aurkaritza izan zuen. Muturreko ezkertiarrentzat erregimen hura oso moderatua zen, eta talderik kontserbadoreentzat, berriz, erregimen berri hark saldu egin zuen Alemania, Versaillesko Ituna onartuta.

Hitler eta Alderdi Naziaren Gorakada

1919an, Adolf Hitler Alemaniako DAP alderdiko kide egin zen; alderdi hori gero Alemaniar Langileen Alderdi Nazional Sozialista (NSDAP) bihurtu zen. Hitlerrek alderdia eraberritu eta talde paramilitar bat sortu zuen: Eraso Saileko (SA) taldea, alderdiak antolatzen zituen ekitaldietan ordena mantentzeko.

1923an, Hitlerrek, ordurako Alderdi Naziaren buru zela, estatu-kolpe bat eman zuen (Municheko Putsch-a). Baina porrot egin zuen, eta Hitler kartzelan sartu zuten. Han idatzi zuen Mein Kampf (Nire Borroka) liburua; bertan faxismoaren ezaugarrietako asko bildu zituen:

  • Arrazismoa
  • Arraza arioaren nagusitasunaren gorespena
  • Bizi-espazioaren teoria

Hitler Boterera Nola Iritsi Zen

1920ko hamarkadan, Alemaniak izandako egoera ekonomiko larriak tentsio soziala areagotu zuen. Gerrarengatiko zorrak ordaindu ahal izateko, gobernuak txanpon asko jaulki behar izan zituen, eta horrek hiperinflazioa eragin zuen, hau da, prezioak etengabe igotzea.

1924an, sozialdemokratek eta zentristek osatutako gobernu berriak ekonomia suspertzea lortu zuen. 1925ean, Hindenburg mariskala aukeratu zuten errepublikako presidente, eta tentsio politikoa baretu egin zen, itxura batean.

Baina Alemania izan zen 1929ko krisialdiak gehien jotako herrialdeetako bat. Langabezia izugarri igo zen, eta krisiari aurre egiteko ezarritako austeritate-politikek are eta gehiago pobretu zituzten langileak. Tentsio sozialak areagotu egin ziren. Testuinguru hartan, langileak eta erdi-mailako klaseak Alderdi Komunistaren eta Alderdi Nazionalsozialistaren alde egiten hasi ziren, hurrenez hurren.

Horrez gain, iraultza baten beldur, industrietako eta bankuetako jabeek Alderdi Nazionalsozialista babestu zuten, hura baitzen ordena berrezarri eta beren interesak babestu zitzakeen bakarra.

1932ko azaroko hauteskundeetan, sozialistek eta naziek jaso zituzten boto gehien. Baina haietako inork ez zuen gehiengo absolutua lortu, eta, ondorioz, inork ezin izan zuen gobernua bakarrik osatu.

Entradas relacionadas: