Euskararen Ezaugarri Gramatikalak: Bizkaiera eta Aditz Moduak

Lengua y literatura4,61 KB

Bizkaieraren Ezaugarri Gramatikalak

Aditza

  1. Aditz laguntzailean -o- bokalaren aldeko aukera du egina: dot, dozu...
  2. Aditz-pluralgilea, beste euskalkietan tartekaturik doana usuenik, Bizkaieraz azken puntuan doa eta -z da beti. Adibidez: (Euskara Batua) dauzkagu / (Bizkaiera) daukaguz.
  3. Iraganean, hirugarren pertsonaren morfema-ezaugarria (z-) galdu egiten da: (EB) zegoen / (B) egoen.
  4. Datiboekin agertzen diren formak (nori pertsona-morfemari eta predikatiboari dagokienean) oso bereizten dira Euskara Batutik.
    • Nor-nori: zait, zaik/-n, zaio, zaigu / (B) jat(a), jak(a)/-n, jako, jaku...
    • Nor-nori-nork: dit / (B) deust.

Aditzondoa

Aditzondoak sortzeko euskarak erabiltzen dituen hainbat atzizkitatik (-ka, -ki, -ro...), -to atzizkia oso berea du Bizkaierak. Adibidez: (h)obeto, txarto, ondo, ederto, polito...

Joskera

  1. Erakuslea eta aditzondoak sarritan izenaren aurrera ekartzen ditu: (h)a etxea (etxe hura).
  2. Bi zenbakaria izenaren aurrean zein ondoan: Gizon (h)aundi bi etorri dira.
  3. Izenordain indartuak ageri dira berori galdegai denean: Zeuk gura dozuna egingo dogu. Zeuk esan legetxe egingo dogu.

Ezaugarri Lexikalak

Bere-bereak dituen hitz asko ditu, hainbatean dagoeneko eskolaren eta komunikabideen bitartez euskaldun eskolatuetara ere zabaltzen ari direnak: neba, ulertu, jazo, lar/larregi, laga, lepo, gutxi, bere (=ere), bage, barik, legez (=bezala), jagon, eroan, ostera...

Baldintza (Indikatiboa)

Baldintza Erreala

Guztiz gertagarria delako deritzo erreala. Adibidez: “Etortzen bazara, ikusiko duzu.” “Mendira joan behar banuen, goiz ibili behar nuen.”

Baldintza Alegiazkoa

Bi motatakoa izan daiteke:

Etorkizunekoa

Hipotetikoa izan arren, betegarria gerta daiteke. Oraindik ere gertakizun delako darama etorkizuneko -ko (-go) atzizkia. Adibidez: “Zurekin joango banintz, garaiz iritsiko nintzateke.” Hipotetikoaren ondorioa erabiltzen da euskaraz desira-perpausak egiteko: “Ongi etorriko litzaidake atseden pixka bat.”

Iraganekoa

Hipotesia izateaz gain, erabat irreala gertatzen da, sekula beteko ez dena. Aditzak ez darama -ko (-go) atzizkia, baizik partizipio burutua. Adibidez: “Garaiz etorri (izan) balitz, ikusiko zukeen (zuen).”

Baldintzazko Indikatiboaren Erabilera Okerrak

Modu irrealak eta errealak nahastea eta baldintzaren ondorio ustela ematea.

Agintera (Imperatiboa)

Aginteraren Ezaugarriak

Aginduak emateko erabiltzen den aditz-modua da. Ia beti bigarren pertsonakoa, aurrean daukan hartzaileari/-ei bakarrik eman baitiezaieke agindua igorleak. Beti orainaldian eta normalean, perpaus-hasieran. Adibidez: “Ibil hadi azkar. Joan zakizkit hemendik.”

Hirugarren Pertsonako Agintera

Euskaraz hirugarren pertsonan ere erabiltzen da agintera. Adibidez: “Etor dadila zure erreinua (dadin + -la).” “Ekin diezaiogun lanari” (agintera zentzua 1. pertsona denean). “Joan nadin hemendik astakeriak esaten hasi baino lehen” (agintera zentzua, 1. perts.).

Agintera Aditz Partizipioarekin

Aditz-partizipioarekin ere (aditza jokatu gabe) euskaraz aginduak eman daitezke. Eguneroko hizketan horrela egiten da. Adibidez: “Ibili azkar. Joan hemendik.”

Forma Trinkoa eta Perifrastikoa

Hainbat aditzekin agindu bera modu bat baino gehiagotara eman daiteke: forma trinkoz eta forma perifrastikoz.

  • Forma Trinkoa: Habil azkar. Zoazkit hemendik. Betor zure erreinua. Bihoaz/Doazela albait azkarren. Noan (goazen) hemendik astakeriak esaten hasi baino lehen.

Beraz, hainbat aditzekin agindu eta mezu berbera forma bat baino gehiagotara eman daiteke: aginteraz (forma trinkoz eta konposatuz) eta subjuntiboz.

  • 1. pertsona: goazen / joan gaitezen.
  • 2. pertsona: zatoz / etor zaitez.
  • 3. pertsona: betor / etor bedi / datorrela / etor dadila.

Aginteraren Beste Erabilerak

Aginduak emateko ez ezik, besterako ere erabiltzen dira aginte-adizkiak; aholku eta erreguak egiteko, esate baterako. Adibidez: “Ez ezazu jan hori, gaixotu egingo zara eta!” “Etorri laguntzera, mesedez!”

Descargar

PDF Word HTML