Azalpen Testuak: Gida Osoa Egitura, Atalak eta Motak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,53 KB
Zer da Azalpen Testu bat?
Azalpen-testuen helburu nagusia informatzea da: hartzailea testuinguruko zerbaiten jakitun egin edota horri buruzko azalpenak ematea, hala gertakari zein prozesu batena, nola tresna baten ezaugarriena. Azalpen-testuek, beraz, nagusiki funtzio erreferentziala betetzen dute.
Azalpen Testuaren Ezaugarriak
Azalpen batek, egiaz adierazgarria izateko, hiru ezaugarri nagusi bete behar ditu:
- Argia izatea: Azalpenak ulergarria izan behar du. Horretarako, ideiak ondo egituratuta aurkezteaz gain (koherentzia), ideien arteko lotura ondo adierazi behar da (kohesioa).
- Zehatza izatea: Hitz eta esapide bakoitzak bere esanahi zehatza izan behar du azalpenetan. Azalpen zientifiko-teknikoek zurrunki betetzen dute baldintza hau: guztiz lexiko denotatiboa erabiltzen dute.
- Objektiboa izatea: Norberaren iritziek ez dute leku handirik mota honetako testuetan, helburua ez baita konbentzitzea, baizik eta informazioa eskaintzea.
Azalpen Testuaren Atalak
Azalpen testuek, normalean, hiru atal nagusi izaten dituzte:
- Sarrera: Sarreran gaiaren aurkezpena egiten da: zein den gaia, zein den helburua... Horrek guztiak hartzaileari testuaren mamiari buruzko ideia bat egiten laguntzen dio. Sarrera, behin baino gehiagotan, hartzailearen interesa erakartzera bideratuta ere egoten da.
- Gorputza: Gaiarekiko lotura duten ideien garapenak osatzen du atal hau. Informazioaren mamia atal honetan biltzen da.
- Bukaera: Testua amaitzeko modu desberdinak daude: esandakoaren laburpen bat eginez, esandakotik ondorioztatzen dena agertuz... Batzuek ez dute atal bereizgarririk, hala nola, hiztegietako artikuluek edo kazetaritzako albiste laburrek.
Azalpen Testu Motak
Testua osatzen duten ideien hurrenkerari eta loturari erreparatuz gero, azalpenak era desberdinetan antolatuta aurki ditzakegu:
- Azalpen sekuentziala: Gertakariak denboraren ikuspegitik antolatzen ditu.
- Azalpen deskribatzailea: Gauzak nolakoak diren deskribatzen duen azalpen-mota da.
- Azalpen konparatiboa: Alderaketetan oinarritzen da.
- Kausa-ondorio motako azalpena: Ideien arteko lotura kausen eta ondorioen azalpenean oinarritzen da.
- Arazo-konponbide motako azalpena: Arazoa aurkeztu eta gero, horren konponbidea zein izan daitekeen azaltzen da.