Elikadura eta Nutrizioa: Mantenugaiak eta Beraien Funtzioak

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,63 KB

Elikadura eta Nutrizioa: Mantenugaiak

Izaki bizidunek, beren materia sortzeko eta bizi-funtzioak betetzeko behar dituzten materia eta energia lortzeko, zenbait prozesu baliatzen dituzte; prozesu multzo horri nutrizioa deritzo.

Nutrizioa prozesu ez-borondatezkoa eta oharkabekoa da. Energia lortzeko eta gure gorputza sortzeko baliatzen ditugun substantzia kimikoei mantenugaiak deritze. Mantenugai horiek elikagaietatik lortzen ditugu. Elikagaiak, dituzten mantenugaien eta horien kantitatearen arabera bereizten dira.

Izaki bizidunok elikaduraren bidez hartzen ditugu elikagaiak. Elikagai horiek gure dieta osatzen dute eta gure nutriziorako beharrezkoak dira.

Mantenugai Motak

Mantenugaiak bi motatakoak izan daitezke: ez-organikoak eta organikoak.

Mantenugai Ez-organikoak

Ura

Ura izaki bizidunen osagairik ugariena da. Pertsona baten gorputz-pisuaren %60tik %80ra bitartean ura izaten da. Funtzio ugari ditu, besteak beste:

  • Erreakzio metabolikoen ingurunea da.
  • Substantziak garraiatzen ditu.
  • Gorputzeko tenperatura erregulatzen du.

Zuzenean edateaz gain, elikagai gehienetatik ere eskuratzen dugu ura; bereziki, fruituetatik, barazkietatik, esnetik eta zukuetatik.

Gatz Mineralak

Gatz mineralak elementu metalikoei lotutako elementu ez-metalikoz osatutako mantenugaiak dira. Elikagaien bidez sartzen ditugu organismoan. Gehienek funtzio erregulatzailea dute, prozesu metabolikoetan parte hartzen baitute. Batzuek egiturazko funtzioa dute: hezurrak, hortzak eta abar eratzen dituzte. Elikagai guztietan daude, gutxi-asko, baina fruituetan eta barazkietan bereziki ugariak dira.

Mantenugai Organikoak

Gluzidoak

Organismoa berehalako energiaz hornitzea dute funtzio nagusia. Sinpleenek zapore gozoa dute; glukosa eta sakarosa dira aipagarrienak. Konplexuenak molekula handiak dira. Adibidez: zelulosa eta almidoia. Patatan, zerealetan eta lekaletan aurkitzen dira.

Lipidoak

Lipidoak uretan disolbatzen ez diren mantenugaiak dira. Energia emateaz gain, funtzio hauek dituzte:

  • Egiturak eratzea.
  • Isolatzaile gisa jardutea.
  • Animaliengan energia-erreserbak osatzea.

Landare jatorrikoak likidoak dira, eta olioak deritze (oliba-olioa, ekilore-olioa eta abar). Animalia jatorrikoak solidoak dira eta gantz edo koipeak deritze (urdaia, gurina eta abar). Gantzek deskonposatu eta gantz-azidoak eta glizerola sor ditzakete.