Erribosomak: Definizioa, Kokapena, Egitura eta Funtzioak

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,27 KB

Definizioa

Mintzik gabeko partikula azpizelularrak dira, aletxo esferikoen formakoak, mikroskopio elektronikoarekin baino ezin dira ikusi.

Kokapena Zelulan

Erribosomak zelula guztietan egon daitezke, espermatozoideetan izan ezik. Hala ere, globulu gorrietan oso urriak dira.

Modu desberdinetan egon daitezke erribosomak:

  1. Aske, zitosolean (isolatuta edo polisoma edo polirribosoma izeneko taldeetan).
  2. Sare endoplasmatiko zimurreko mintzaren kanpoaldera atxikita.
  3. Kanpoko mintz nuklearreko alde zitoplasmikora atxikita.
  4. Aske, mitokondrien matrizean eta kloroplastoen estroman.

Erribosoma Motak

Bi mota daude:

  1. Erribosoma prokariotoak: 70 S-ko sedimentazio-koefizientea dute. Azpiunitate handiak 50 S-ko koefizientea dauka, eta txikiak, 30 S-koa.
  2. Erribosoma eukariotoak: 80 S-ko sedimentazio-koefizientea dute. Azpiunitate handiak 60 S-ko koefizientea dauka, eta txikiak 40 S-koa. Mitokondrietako eta kloroplastoetako erribosomek prokariotikoen antzeko tamaina dute.

S unitatea (Svedberg)

S unitatea: Ultrazentrifugazioaren eraginpean (abiadura handiko zentrifugazioa) dagoen osagai zelular bat sedimentatzeko abiadura adierazten duen neurria da. Svedberg (S)-tan neurtzen da.

Egitura eta Ultraegitura

Erribosoma prokariotikoek eta eukariotikoek antzeko egitura dute. Euren proteinekin eta ARNarekin osaturiko bi azpiunitate dituzte (bata handia eta bestea txikia); horiek zitosolean bananduta daude, eta erribosomak ARNm-a irakurri behar duenean baino ez dira batzen.

Osagaiak

Erribosomak honako hauekin daude osatuta:

  • Proteina erribosomikoekin.
  • ARN erribosomikoarekin.
  • Ur kantitate handiarekin (%80).

Funtzio Nagusiak

Proteinaren sintesia erribosometan gertatzen da, bai zelula prokariotoetan eta bai eukariotoetan.

Proteinen sintesirako, azpiunitate handi bat eta txiki bat lotu behar dira. Proteinen sorkuntza amaitu ondoren, bi azpiunitateak banandu egiten dira.

ARN kate bat zenbait erribosomek (5etik 40ra bitartean) itzultzen dute, eta horrek polisoma edo polirribosoma eratzen du.