Adin Piramidearen Azterketa: Egitura eta Zahartzea
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Geografía
Escrito el en
euskera con un tamaño de 5,37 KB
Adin piramidearen iruzkin honetan, biztanleria bi irizpideren arabera banatuta agertzen da: horizontalki, bost urteko tarteko kohorteetan, adinaren arabera; eta bi kolore ezberdinetako zutabeetan, sexuaren arabera. Iruzkin hau gertakari demografiko garrantzitsuenekin amaituko dugu, sargune eta irtenguneek adierazten digutena aztertuz.
Egitura, sexuaren arabera
Orokorrean, grafiko nahiko simetrikoa ikusten dugu, izan ere, sexu-ratioa 100 emakumeko 96,5 gizonekoa da. Hala ere, asimetria apur bat nabaritzen da oinarrian eta erpinean. Baina alderantzizko joera dute: jaiotzean, maskulinitate-indizea beti izaten da altuagoa, beraz, gaztaroan mutil gehiago daude neskatoak baino. Helduen artean oreka batera iristen dira kohorteak. Adinean gora egin eta zahartzarora iristen garen heinean, emakumezkoen kohorteak luzeagoak ageri dira. Ohikoa izaten da gizonezkoen bizi-itxaropena baxuagoa izatea. Adin batetik aurrera, lan gogorrak, trafiko-istripuak, gaixotasunak, bizi-kalitate eskasa izan dutenak, etab., lehenago hiltzen dira. Eta, orokorrean, gizonezkoak izan ohi dira, emakumezkoak baino lehenago hiltzen direnak. Horren ondorioz, feminitate-tasaren nagusitasuna ikusten da helduen eta zaharrenen artean.
Egitura, adinaren arabera
Grafiko honek kutxa-forma du: oinarria estua da, erdialdera zabaldu egiten da, eta berriro estutzen da erpinean. Grafikoa aztertuz, lehen hiru kohorteek %15 inguruko proportzioa ematen digute. Gaztetasun-indizea %35era iristen ez denean, biztanleria ez dela gaztea baiezta dezakegu. Eta erpina aztertuz gero, antzeko ondorioa atera dezakegu: 65 urtetik gorako kohorteen baturak %18,4 ematen digu. Hau da, zahartasun-indizea %12tik gorakoa denez, argi eta garbi, biztanleria zaharra daukagu (Espainiakoa, 2015ean).
Zahartze prozesuaren kausak
Zahartze prozesu honen kausak askotarikoak dira:
- Jaiotza-tasaren jaitsiera bortitza 1975az geroztik.
- Bizi-itxaropenaren hazkundea.
- Garai bateko gazteen eta egungoen emigrazioa, immigrazioak orekatu ez duena.
Eremu geografikoen arteko desberdintasunak
Hala ere, alde nabariak daude eremuen artean. Immigrazio-tasa altuenak eta ohitura eta kultura tradizionalagoak dituzten lurraldeetan, gaztetasun-indizea altuagoa da: Madril, Murtzia, Andaluzia eta Mediterraneoko itsasertzeko zenbait alderdi. Ceuta eta Melilla ere azpimarragarriak dira. Bestalde, garai batean emigrazioa pairatu zuten eta ondoren, krisia izan duten eremu industrialak ditugu. Horrela, zahartze-indize altuenak Galiziatik hasi eta Frantziako mugaraino ditugu, baina goi-lautadetan ere. Azpimarratzekoa da, orokorrean, zahartze-indize altuenak eta maskulinitate-indize altuenak landa-eremuan izatea, emakume gazteen hirirako emigrazioa dela eta, gaur egun ere gertatzen jarraitzen duena.
Zahartzearen ondorioak
Zahartzeak ondorio demografiko, ekonomiko eta sozialak eragiten ditu:
- Demografikoak: jaiotza-tasa jaistea eta heriotza-tasa igotzea.
- Ekonomikoak: pentsioetako gastuak handitzea, gaur egun krisi politikoan eragin zuzena izaten ari dena, hain zuzen ere.
- Sozialak: mendekotasuna eta bazterkeria bezalako arriskuak gure gizartean.
Zahartzearen aurkako konponbideak
Honen guztiaren aurrean, konponbideak ez dira errazak. Hauek izan daitezke batzuk:
- Immigranteak erakartzea, gastuak aurrera eramateko diru-sarreren bermea litzatekeena.
- Jaiotza-tasa igotzen laguntzea.
- Etorkizunean, lanean egongo direnen kohorteak zabaltzea.
- Zaharren bizi-kalitatea hobetzeko neurriak hartzea: osasuna hobetzeko neurriak, prebentzioa, etab.
Sargune eta irtenguneen analisia
Piramide honetan ageri diren sargune eta irtenguneek garai konkretuetako fenomenoak adierazten dizkigute.
Adinekoen kohorteak
- Goitik hasita, bigarren kohortean, Gerra Zibilean hildako eta desagertuak ditugu.
- Lau kohorte beherago, gerra hartan jaio gabekoen belaunaldia eta 1928ko gripearen eragina ikusten dira.
- Horren azpikoan, hau da, 70-74 urtekoen kohortean, gerraostean jaiotako gutxi horiek irudikatzen dira.
- Lau edo bost kohorte jaitsi behar ditugu kohorterik zabalenak ikusteko. Belaunaldi hori industrializazio garaian kokatu behar dugu. Baby boom delakoan jaiotakoak ageri dira bertan, nahiz eta garaiko emigrazioak efektua arindu.
- Hurrengo bi kohorteetan, ekonomia industriala eta hiritarra bizi izanagatik, jaiotakoen kohorte zabalek egungo langileen proportziorik handienak eskaintzen dizkigute.
Aipatutako kohorte hauek jubilazio-adinera iristen direnean, zahartze-prozesuan azaldutako konponbideak txiki geratuko dira.
Gazteenen kohorteak
- Industrializazio garaiaren ondorengo krisi-urteetatik aurrera, jaiotza-tasa drastikoki jaitsi zen, eta oinarria etengabe estutzen doa.
- Estutze maximoa behetik hasita, laugarren kohortean atzematen dugu.
- Baina milurteko aldaketarekin suspertzea gertatu zen berriro, eta egoera ekonomiko paregabeak eta immigrazioak oinarria berriro zabaltzea ekarri zuten.
- 2008ko krisitik aurrera, aldiz, berriro estutzea ekarri du; horren ondorioz, jaioberrien kohorteak gero eta estuagoak izaten ari dira berriro.