Neokolonialismoa eta Munduko Desoreka
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Geografía
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,23 KB
Neokolonialismoa: Definizioa eta Jatorria
Neokolonialismoa: Deskolonizazioa 1945-1975 bitartean gertatu zen, eta ia ehun estatu berri sortu ziren prozesu horren ondorioz. Hala ere, haietako askorentzat emantzipazio prozesua oso neketsua izan zen, eta askapen gerra odoltsuak egin behar izan zituzten independentzia lortzeko (adibidez, Vietnam, Aljeria, Kongo...).
Kolonizatutako herrialdeek ez zuten independentzia ekonomikoa lortu independentzia politikoarekin batera. Izan ere, estatu berri gehienetan metropoli ohiek beren interes ekonomikoei eutsi zizkieten. 1970eko hamarkadaren amaieratik, harreman kolonial ohien ordez neokolonialismoa nagusitu zen.
Menderatze forma berria zen neokolonialismoa: estatuen subiranotasun politikoa errespetatzen zuen, baina menpekotasun ekonomiko handia sorrarazten zuen estatu aberatsenekiko, munduko ekonomian nagusi diren herrialde horiekiko.
Kolonialismoaren osteko munduan, herrialde aberatsen eta herrialde pobretuen arteko desoreka betikotu egin da. Herrialde aberatsek punta-puntako teknologia eta kapitala monopolizatzen dituzte, eta herrialde pobretuak, berriz, gero eta urrunago daude herrialde aberatsetako biztanle bakoitzeko errenta mailatik eta munduko ekonomiako fluxu nagusietatik kanpo daude neurri handi batean.
Menpekotasun Formak
Menpekotasun Komertziala
Hirugarren Munduko herrialde askok lehengaiak esportatzen dituzte, prezio baxua dutenak, eta herrialde aberatsek egindako produktuak inportatzen dituzte, garestiagoak direnak. Horri truke desorekatua deritzo, eta Hirugarren Munduko herrialdeei ezinezkoa suertatzen zaie kapitala metatzea eta ekonomia hazkundea sustatzea.
Menpekotasun Teknologikoa
Teknologia modernoa eta hori lortzeko bitarteko propiorik ez dutenez, herrialde teknologikoki aurreratuei erosi behar dizkiete. Hori dela eta, royalty garestiak ordaindu behar dituzte.
Menpekotasun Finantzarioa
Kapitala ez izatearen ondorioz, herrialde horiek atzerriko inbertsioen, herrialde garatuetako bankuen maileguen eta nazioarteko erakundeen mende daude. Horren ondorioz, kanpo zor handia dute. Askotan betikotu egiten dira maileguak, beti dolarretan eman eta itzuli behar direlako.