Gabriel Aresti: "Nire aitaren etxea..." poemaren analisia

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,23 KB

1. Kokapena: Idazlearen eta obraren zehaztasunak

Poesia hau lehenengoz 1964. urtean argitaratu zen, Harri eta Herri poema bildumaren barruan.

Bere egilea, Gabriel Aresti Segurola (1933–1975), Euskal Literatura berriaren sortzaile-eragileetako bat dugu. Poesia arloan, hain zuzen, garrantzi eta oihartzun handiena lortu zuena izan zen. Jaiotzez bilbotarra izanik, Arestik euskara bere kabuz ikasi behar izan zuen, sakontasunez ikasi ere. Euskalkiak ikasiz eta klasikoak landuz, bere lanik helduenetan artean finkatu gabe zegoen literatur hizkuntza eredua eskaini zuen, gaur egungo Euskara Batuara asko hurbiltzen zena.

Arestiren poemagintzaren lehen emaitza Maldan Behera (1960) izan zen, Jon Miranderen poesia landuaren eraginez sinbolismoaren bidetik abiatu zen poema liburua. Baina poetak, bere lehen emaitzaren arrakastarik eta oihartzunik eza ikusita, bere poemen tankera erabat aldatzea erabaki zuen, herriarengana errazago eta zuzenago iristeko asmotan, “poesia soziala” deiturikoa idazteari ekin zion.

Bigarren bolada honetakoak ditugu, besteak beste:

  • Harri eta Herri (1964)
  • Euskal Harria (1967)
  • Harrizko herri hau (1970)
  • Azken Harria (1976)

“Nire aitaren etxea...” hasiera duen poeman —izenik ez baitu— idazleak bere ideien eta asmoen azalpen sutsua egiten digu, lehen pertsonaren erabilerak ematen dion indarraz lagundurik eta beti ere jarrera eginkor eta tonu irmoa agertuz.

2. Edukiaren maila: Gaia eta mezua

Euskaldunen eskubide eta askatasuna, Euskal Herria bera, kolokan ikusten ditu poetak. Kolokatasun hau gaitzat harturik, era guztietako galerei eta lapurretei —materialak zein espiritualak— aurre egiteko prest ageri zaigu bere Herria (“Aitaren etxea”) defendatzeko.

3. Adierazpen maila: Egitura eta baliabideak

Barne-egitura

Gaiaren garapenean egileak aditzera ematen dituen edukiak honela sailka eta izenda genitzake:

Poemaren atalak (Lerroka)

  1. (1–2 ler.) Poemaren tesia dugu, sarrerako agerpen nagusia, poetaren asmoen eta jokabidearen adierazpena.
  2. (3–9 ler.) Bidegabekeria guztien kontrako defentsa.
  3. (10–18 ler.) Galera materialei —lapurretak— eusteko asmoa.
  4. (19–30 ler.) Heriotzarainoko eskubideen defentsa.
  5. (31–36 ler.) Poetaren heriotzaren ondoren ere, aldarrikapenaren iraupena.

Honez gainera, zati bakoitzaren egiturak —lehenengoarenak izan ezik— halako bikoiztasuna du bere barnean, denek azaltzen baitute hasierako oztopo bat, amaieran gainditzen dena. Oztopoaren gainditzearen seinalea “Nire aitaren etxea defendituko dut” esaldiak ematen digu.

Beraz, egitura gardena ageri zaigu: tesi nagusitik abiaturik, tesiaren garapen desberdinak egiten dira, berriro ere tesira itzultzeko. Aipagarria da tesien garapenek eduki aldetik beren artean duten progresioa, aipatzen dituzten gauzen garrantzia gero eta handiagoa delarik:

  • Galera materialetatik (soloak, pinudiak...)
  • Gorputzaren atalak galtzera,
  • Gero bizitza bera eta,
  • Azken buruan, arima galtzera.

Prozesuak arima galtzera garamatza, aitaren etxeak zutik iraungo duelarik orduan ere.

Kanpo-egitura

Aztertzen dihardugun testua poesiatzat hartu arren ere, esan dezakegu ez duela ez errimari ez neurriari dagokion eskema finkorik betetzen, nolabait neurri libreko poema osatzen duelarik.

5. Ondorioa: Metafora eta sinbolismoa

Bukatzeko, poema osoa metafora bat dela ere (alegoria osatuz) esan behar da: orain arte aztertu dugun guztia hutsala izango litzateke testuaren hitzak beste maila batean ulertuko ez bagenitu.

Izan ere, “Nire aitaren etxea” ez baita eraikin bat, beste zerbaiten sinboloa baizik. “Nire aitaren etxea”k “gure arbasoen herria” sinbolizatzen du, Euskal Herriak —Arestiren garaian bereziki— pairatu izan dituen zapalkuntza eta bidegabekeria guztiekin.

Egoera hau salatzeko Arestik hartutako bide sinbolikoak, beraz, baliabide honek dituen zirraragarritasunaz gainera, zapalkuntzazko egoerari erantzuten dio, zentsurari ihes eginez irakurlearengana iritsi ahal izateko.