Lehen Mundu Gerra: Jatorria, Garapena eta Amaiera
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,62 KB
Lehen Mundu Gerraren jatorria
Alemania bateratu ondoren, nazioarteko politikaren gidari bihurtu zen. Bismarckek aliantza-sistema bat sortu zuen Alemania, Austria eta Errusiaren artean, eta geroago, Italia ere gehitu zen. Helburu nagusiak Frantzia bakartzea eta Balkanetako orekari eustea ziren.
Bake armatua (1890-1914)
1890ean Bismarck kargutik kendu zuten eta nazioarteko harremanetan beste aldi bat hasi zen: Bake armatua. Garai honetan, Europako potentziak aurkako bi bloke militarretan banatu ziren:
- Aliantza Hirukoitza: Alemania, Austria eta Italia.
- Entente Hirukoitza: Frantzia, Errusia eta Britainia Handia.
Balkanetako arazoak zirela eta, Errusiak Alemaniarekin zuen aliantza utzi zuen. Elkarrekiko beldurrak armamentu norgehiagoka eragin zuen.
Gerraren eztanda: Sarajevoko atentatua
1914ko ekainaren 28an, Austria-Hungariako Inperioko tronuaren oinordekoak, Frantzisko Fernando artxidukeak, bisita ofiziala egin zuen Sarajevora, austriarrek Bosnian subiranotasuna zutela erakusteko. Gavrilo Prinzip nazionalista serbiarrak hil zuen atentatu batean, Bosnia Serbiara anexionatzea helburu zuela.
Ondorioz, abuztuaren 1ean Alemaniak gerra deklaratu zion Errusiari eta 3an Frantziari. Britainia Handiak, hilaren 4an, Alemaniari deklaratu zion gerra.
Gerraren garapena eta faseak
Mugimenduen gerra (1914ko abuztua)
Alemaniaren plana Frantzia azkar garaitzea eta gero Errusia erasotzea zen. Schlieffen Plana erabiliz, Frantzian ezusteko erasoaldi handi bat egin zuten Belgika zeharkatuz. Hala ere, Marneko guduan alemaniarrak geldiarazi zituzten, Paristik kilometro gutxira. Ekialdean, Errusiak presazko erasoaldi bat egin zuen, baina alemaniarrek errusiarrak garaitu zituzten Tannenbergen eta Masuriako aintziretan.
Posizioen gerra (1914-1917)
Fronteak egonkortu zirenean, alemaniarrek horiek hausteko ahalegina egin zuten Verdungo guduan (1916ko otsaila) eta britainiarrek Sommeko guduan (1916ko uztaila).
1917ko krisia eta gerraren amaiera
1917an, Errusian iraultza izan zen; tsarra tronutik kendu eta gobernu komunista ezarri zuten. Errusiak Brest-Litovskeko Ituna sinatu zuen 1918an, Alemaniari lurralde asko emanez. Bestalde, 1915ean alemaniarrek Lusitania transatlantikoa hondoratu ondoren, AEBak gerran sartu ziren. Azkenik, 1918ko azaroan amaitu zen gerra.