ATParen Sintesia eta Aminoazidoen Metabolismoa
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Biología
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,87 KB
ATParen sintesia: Fosforilazio motak
ATPa sortzen da ADP molekulari fosfato bat lotzean; prozesu hau endergonikoa da, hau da, energia behar du. Bi motatakoa izan daiteke:
Substratu mailako fosforilazioa
Erreakzio exergonikoei akoplatuta gertatzen da: fosforilatuta dagoen molekula batek transferitzen dio fosfato taldea ADPari, eta hidrolizazio horretan askatzen den energia erabiltzen da fosforilazioa egiteko. Kinasa entzimek katalizatzen dituzte mota honetako erreakzioak; adibidez, glukolisian gertatzen direnak.
Fosforilazio oxidatiboa
Elektroien garraio-kateari uztartuta gertatzen da eta ATP sintetasa entzimek katalizatzen dute. H+-en fluxuak gradientearen alde zeharkatzean askatzen den energia baliatzen dute ADPa fosforilatzeko. Mitokondrioetan eta kloroplastoetan (fotosintesiaren argi-fasean) gertatzen da.
Aminoazidoen metabolismoa
Transaminazioa
Transaminazioan, aminoazido baten α-amino taldea zetoazido bati ematen zaio; hortaz, aminoazidoa dagokion zetoazido bihurtzen da eta zetoazidoa dagokion aminoazido. Adibidez: Alanina + α-zetoglutaratoa → Pirubatoa + Glutamatoa.
Desaminazioa
Desaminazioan, aminoazidoak amino taldea galtzen du deshidrogenasa entzimak katalizatuta, eta NH3 eta zetoazido bihurtzen da. NH3 oso toxikoa denez, kanporatu egin behar da. Hiru estrategia daude horretarako:
- Urearen bidez: izaki ureotelikoak (ugaztunak eta anfibioak).
- Azido urikoaren bidez: izaki urikotelikoak (hegaztiak eta narrastiak).
- Amonioa zuzenean uretara: izaki amonikotelikoak (arrainak, adibidez).
Mitchellen hipotesi kimiosmotikoa
Fosforilazio oxidatiboa: Arnas katearen elektroien garraioak protoiak ponpatzen ditu mitokondrioaren mintzen arteko gunera hiru puntutan (I, III eta IV konplexuetatik). Horrek protoien gradiente elektrokimiko oso energetikoa eragiten du, mintz arteko gunea matrizea baino positiboagoa baita.
Protoien itzulera matrizera soilik ATP sintetasaren bidez egin daiteke; orduan, ATP sintetasak konformazioa aldatu eta aktibatu egiten da, ADPa fosforilatuz ATP bihurtzeko. Prozesu biak uztartuta gertatzen direla azaltzen duen hipotesiari Mitchellen hipotesi kimiosmotikoa deritzo.
Arnas katera heltzen den NADH + H+ bakoitzak bi elektroi ematen ditu, eta hauen garraioak 6 H+ ponpatzeko adina energia askatzen du. FADH2-ak emandako elektroiekin, aldiz, soilik 4 H+ ponpatzen dira. Matrizera itzultzen diren bi H+ multzo bakoitzeko, ADP bat fosforilatzen da.