Bizkaiko meatzarien egoera XIX. mende amaieran: Analisia eta testuingurua

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 5,74 KB

1. Sailkapena

Aurrean daukagun testua 1896ko maiatzean La lucha de clases astekari sozialistan argitaratu zen, eta urte bereko maiatzaren 1ean (langileen eguna) Bizkaiko langileei banatutako panfleto bat da. Izaerari dagokionez, testu historikoa da; formari dagokionez, literarioa; eta edukiari dagokionez, sozio-politikoa.

Panfleto hau 1896ko maiatzaren 23ko astekariko alean argitaratu bazen ere, ziur aski maiatzaren 1a baino lehenago idatzia izango zen langile guztien artean banatzeko. Testuaren egilea ezezaguna da, baina ideologia sozialisten eta langileen eskubideen defendatzaile bat izango zen.

Artikuluaren helburu nagusia meatzeetako langileen bizimodu gogorra salatzea da, bereziki barrakoien (egoera higieniko txarretan bizi ziren langileen etxebizitzak) eta kantinen (langileak bertan erostera behartzen zituzten dendak) egoerak azpimarratuz.

Espainiako Berrezarkuntzan (1875-1923) kokatzen da, Maria Kristinaren erregeorde-aldian, gobernu kontserbadorea agintean egondako urteetan zehazki (1895-1897), eta Bizkaiko industrializazioa gertatzen ari zen garaian.

2. Azterketa

XIX. mende amaierako bizkaitar meatzarien bizi baldintza gogorren salaketa da testu honen gaia. Panfleto honen helburua La lucha de clases egunkari sozialistaren bitartez meatzariek zuten egoera Bizkaiko langile guztiei (hauei zuzentzen zaie artikulua) ezagutaraztea eta beraien aldarrikapenak ezagutaraztea zen.

2.1. Aldarrikapenak eta egoeraren salaketa

  • 1. paragrafoa: Testuak proposatzen dituen aldarrikapenak 1896ko maiatzaren 1ean, langileen egunean, Gallartako frontoian defendatu zirela azaltzen da. Meatzeetako jabe eta langileburuek (“erregetxoek”) mantentzen zituzten barrakoien eta kantinen aurka deia egiten zuten. Langileek batzorde bat eratu zuten botere publikoei hauen desagerpena eskatzeko.
  • 2. paragrafoa: 1890ean egindako greba orokorra gogoratzen da, non aldarrikapen nagusiak lanaldi 10 ordutara murriztea eta barrakoien eta kantinen desagerpena ziren.
  • 3. paragrafoa: 1896ko egoerari egiten dio erreferentzia. 1890eko grebaren ondoren lortutako lanaldiarekin (10 ordu) jarraitzen zuten, baina barrakoiei eta kantinei dagokienez, oraindik ere greba aurreko egoera tamalgarri berberarekin jarraitzen zuten.
  • 4. paragrafoa: Meatzetan lan egin ahal izateko, langileak jabeen barrakoietan bizitzera eta kantinetan erostera behartuak jarraitzen zutela gogorarazten da.
  • 5. paragrafoa: Aurreko egoera salatzen da, garaiko osasun eta higiene legeen aurkakoa zela esanez eta ideologia liberalaren aurkakoa zela adieraziz, “gizakiaren aurkako zapalkuntza” bezala aurkeztuz.
  • Azken paragrafoa: Gobernuak eta agintariek “esklabotza berri” honekin ez bazuten bukatzen, langileek greba egiteko zuten eskubidea aldarrikatzen da.

3. Testuinguru historikoa

XIX. mende amaieran, industrializazioak eta immigrante ugarien etorrerak Euskal Herriko egitura sozio-ekonomikoa erabat aldatu zuen. Langileek denbora behar izan zuten antolatu eta egoera berri horri irtenbidea emateko. Horrela sortu ziren Euskal Herriko lehen langile mugimenduak, adibidez, ideologia sozialistak defendatzen zituzten elkarteak.

Testuinguru honetan kokatu behar dugu komentatzen ari garen testua. Bizkaian, 1886an Facundo Perezagua Madriletik etorri zen lehen elkarte sozialistak sortzeko helburuarekin. Berehala Bizkaiko zona industrialean elkarteak sortu ziren: Bilbo, Ortuella, La Arboleda...

Ez da harritzekoa langile mugimenduak Bizkaiko langileen artean arrakasta izatea, langileria oso kontzientziatua baitzen eta lan baldintzak oso gogorrak baitziren:

  • Lan oso gogorra meatzaritzan.
  • Enpresek soldatak ez zituzten dirutan ordaintzen, bonotan baizik. Ondorioz, langileek bono hauek nagusiek zituzten kantinetan gastatu behar zituzten eta soldatak berriro jabeen eskuetara itzultzen ziren (egoera honen salaketa egiten du testuak).
  • Lanordu asko, segurtasun neurririk ez, elbarritasun, gaixotasun, istripu, asegururik ez, zerbitzu minimoa ere ez zuten etxebizitzak (alderdi hau ere salatzen du testuak), hilkortasun handia, etab.

Sozialismoaren indarra 1890ean egindako greban (“Greba Nagusia”) nabarmen geratu zen. Greba honen ondorioz langileek 10 orduko lanaldia eta kantinetan erosteko eta barrakoietan bizitzeko obligazioaren bukaera lortu zuten. Baina patronalak ez zituen akordioak bete: testuak 3. paragrafoan (8-10 lerroak) azaltzen digun bezala, 10 orduko lanaldia bai, baina barrakoien eta kantinen bukaera ez.

Horregatik, 1910 urtera arte lan greba orokorrak egongo ziren Bizkaian. Aipatutakoaren ondorioz, bizkaitar sozialismoa Estatu osoko indartsuena eta erradikalenetakoa zen.

4. Ondorioa

Bizkaiko meatzarien bizimodu gogorra salatzeko 1896ko maiatzean La lucha de clases egunkarian azaldutako artikulu honen komentarioarekin bukatzeko, bere interes historikoa nabarmendu nahiko genuke. Garrantzi bereziko aldarrikapenak egiten baitira, aurrerago langileen bizi baldintzak hobetzen lagunduko dutenak.

Testuaren ideia nagusiak analizatu eta komentatu ondoren, gure iruzkin ondorio labur batzuekin bukatuko dugu:

  • Testuak hasieran aipatzen dituen meatzarien manifestazioak, industrializazioak bultzatutako klase borrokaren adibide bat besterik ez dira. Kasu honetan, langileen borroka patroien aurka zen, azken hauek meatzeen jabe ez ezik, etxebizitza eta dendaren jabeak ere baitziren.
  • Meatzarien lan egoera tamalgarria eta hauek jasaten zuten “esklabotza” egoera, ideologia liberalarekin kontraesanetan zegoen.
  • Meatzarien egoera XX. mende hasiera arte ez zen hobetu, euskal burgesak meatzeen jabe egin ziren arte.