Clara Campoamor eta Emakumeen Boto Eskubidea (1931)
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 5,73 KB
Clara Campoamorren Hitzaldia eta Testuingurua
Testua, Clara Campoamorrek 1931ko irailaren 30ean emakumezkoen bozkatzeko eskubidearen gainean hasitako eztabaidako hitzaldi batetik aterata dago. Ez dago osorik, Victoria Kentek eta beste diputatu batzuek kontrako iritzia ematen zutelako; hemen agertzen zaigun testua bere alderdiko edota ideologiako kideei zuzenduta baitago. Testu zirkunstantziala da, Espainiako Gorteetan emandako hitzaldia baita, eta eduki politikoa du. Hartzailea, beraz, kolektiboa da (gainontzeko diputatu guztiak), eta egile pribatua, Clara Campoamor. Lehen mailako informazio-iturria daukagu eta 1931ko irailaren 1ekoa da; argia da, beraz, ezkertiarren artean bera izan zela eskubide hau lortzeko ahalegin handiena egin zuena eta Konstituzioan sartzeko interes handia zuena.
Emakumeen Boto Eskubidearen Analisia
Analisia egiterakoan argi ikusten da ideia nagusia: emakumeen boto-eskubidea lortzea. Ez Europan, baina aspaldian zen Estatu Batuetako hainbat estatutan lortua. Partido Republicano Radical alderdiko kidea zen Campoamor (Lerrouxen alderdia), eta beste bi alderdi errepublikano zeuden Gorte haietan. Emakumea hautagaia izan zitekeen, baina ez hauteslea. Baziren Errepublikako Gorteetan emakume gehiago: Victoria Kent (erradikal-sozialista) eta Margarita Nelken (komunista); beren ustetan, garai hartako Espainiako emakumeak ez zeuden nahiko hezituak botoa ezkerrari emateko.
Argumentu Nagusiak eta Kontrako Iritziak
Bigarren mailako ideia indartsua agertzen zaigu ere: Konstituzioarekin bat etorriko litzatekeela (“konstituzio honen garaia eta espiritua kontuan hartuta”), eta gainera Espainiari eskubide hau arautzea prestigio handia emango liokeela, aitzindaria izango baitzen: “hau izango dela emakumearen eskubidea onartuko duen lehen latindar herrialdea”. Testuaren hasieran autoritate-argudioa erabiltzen du Aristoteles filosofoa aipatzean: “ez iezaguzue arrazoitzat aipatu izakien arteko desberdintasunaren printzipio aristoteliko zaharkitua”. Hala ere, estrategia bera erabili zuen bere aurkako iritzia zuen diputatu galiziarrak (medikua zena), Freuden emakumezkoen histeria aipatu baitzuen; beraz, ez filosofia, baizik eta argudio “biologikoa” erabili zuen besteak.
II. Errepublika eta 1931ko Konstituzioa
Testuinguruari dagokionez, II. Errepublikan kokatu behar dugu. Behin-betiko Konstituzioa idatzi behar zuten, abenduaren 9an onartu zena, eta 36. artikuluak jaso zuen azkenean: “sexu bietako hiritarrek, 23 urtetik gorakoek, beren bozkatzeko eskubidea erabili dezaketela legeak ezartzen dituen baldintzen pean”. Azken momentuan, Victoria Kentek beste sistema bat proposatu zuen eskubide hau denboran atzeratu ahal izateko, baina ez zen onartu. Abstentzio handiarekin onartu zen eskubidea Gorteetan (eskuinekoak, Indalecio Prieto eta bere jarraitzaileak, eta nazionalistak abstenitu ziren).
Errepublikaren Ezaugarriak eta Nazioarteko Egoera
Errepublikako Konstituzioak aurreratua, askatasunen aldekoa eta modernoa izan nahi zuen. Bere ikurrik garrantzitsuenak honako hauek ziren:
- Laizismoa: Eliza eta Estatuaren arteko bereiztea.
- Demokrazia: Gorteak Kongresuarekin identifikatzen ziren.
- Eskubideak: Eskubide pribatu eta publikoen defentsa.
Danimarkan, Hungarian, Kanadan, Weimarreko Alemanian eta Europa ekialdeko estatuetan 1920. urtearen inguruan lortu zen emakumeen bozkatzeko eskubidea, baina Europan, orokorrean, 40-50eko hamarkadetan lortu zen. II. Errepublikak lortu zuen eta Gerra Zibilaren osteko erregimenean debekatu; 1966. urtean baimenduko zaie emakume batzuei botoa ematea (ezkonduta zirenei). 1933ko azaroaren 19an bozkatu zuten emakumeek Espainian lehenengo aldiz.
Gizartearen Politizazioa eta Genero Aurreiritziak
Emakumeak politikan sartuta zeuden aspalditik: mitinetara joaten ziren eta alderdi desberdinetan afiliaturik zeuden. Gizartea politizatua zegoen industrializazioa hasi zenetik eta alderdi guztiek zuten emakumeen atala. Baina, inkluso ezkertiarren artean, betiko generoen arteko desberdintasuna oso sakon zegoen erroturik: emakumeak emozioak eta sentimenduak dira eta gizona, berriz, arrazoia eta pentsamendua. Gizona burua eta emakumea gorputza. Honexegatik izan zitezkeen emakumeak hautatuak (gizonek hautatzen zituzten) baina ez hautesleak, beren botoa zentzurik gabekoa izan zitekeelako edota, txarrago, eskuinari emana. Izan ere, eztabaida hau gertatu baino lehen, emakume-elkarte batek milaka sinadura aurkeztu zizkien Gorteei, Elizaren eskubideen aldeko defentsan.
Eskuineko Garaipena eta Faxismoaren Gorakada
Honela gertatu zen eta 1933ko hauteskundeetan CEDA-k (Espainiako eskuin bateratuak) irabazi zuen. Clara Campoamorren bizitza politikoa amaitua zegoen eta Europako giroa faxismora hurbiltzen zen apurka-apurka. Urte horretan irabazi zuten nazional-sozialistek Alemanian, Mussolinik Italian eta Salazarrek Portugalen.
Ondorioak: Emakumeen Borroka eta Berdintasuna
Amaitzeko, esan daiteke oso interesgarria dela testua emakumeen borrokaren jatorria ulertzeko. Ezkerreko alderdi politikoek justizia soziala eta berdintasuna eskatzen bazuten ere, bizitza publiko eta pribatuaren arteko banaketa mantentzen zen, emakumea bigarren planoan utzita beti. Emakumeak gizarteko borroka guztietako parte aktiboa izan badira ere, behin aldarrikatzen zena lortzen zenean, eguneroko bizitzan menpekotasunera eta isiltasunera itzultzen ziren. Feminismoa klase kultu edo pribilegiatuetatik eraiki da eta jarraitzen da eraikitzen, orain maila guztietatik.