Erreakzio Kimikoak: Mota, Faktoreak eta Kalkulu Estekiometrikoak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Química
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,5 KB
Masaren Kontserbazioaren Legea (Lavoisier-en Legea)
Materia ez da sortzen ezta desagertzen ere, eraldatu egiten da.
Erreakzio kimiko guztietan, erreaktiboen eta produktuen masen batura berdina da.
Doikuntza
Masaren kontserbazioaren legea betetzeko, konposatu bakoitzari dagokion koefiziente estekiometrikoa idazten da, elementu bakoitzaren atomo kopuru bera egon dadin erreaktiboetan eta produktuetan.
Talken Teoria
- Bi substantziek erreakzionatzeko, talka egin behar dute.
- Talka egiteaz gain, erreakzioa gertatzeko, molekulen orientazioak eta abiadurak egokiak izan behar dira.
- Gainera, talka egitean, molekulen arteko lotura zaharrak hautsi eta lotura berriak sortzeko nahikoa energia egon behar da. Honi aktibazio-energia deritzo.
Erreakzioaren Abiaduran Eragiten duten Faktoreak
- Erreaktiboen kontzentrazioa: Partikula gehiago egotean, talka gehiago gertatzen dira, eta, beraz, abiadura handitu egiten da.
- Erreakzioaren tenperatura: Tenperatura altuagoetan, talka gehiago gertatzen dira, eta energia handiagoarekin; ondorioz, abiadura handitu egiten da.
- Katalizatzaileak: Katalizatzaileek ez dute erreakzioan parte hartzen, baina erreakzioaren abiadura aldatzen dute, erreakzioa gertatzeko beharrezko aktibazio-energia kopurua aldatuz.
Katalizatzaile motak
- Positiboak: Aktibazio-energia gutxitu, eta abiadura handitzen dute.
- Negatiboak (inhibitzaileak): Aktibazio-energia handitu, eta abiadura txikitzen dute.
Erreakzioaren Energia
Erreakzio kimiko bat gertatzean, atomoen arteko lotura batzuk hautsi eta berriak eratzen dira.
- Loturak haustean, energia kontsumitzen da.
- Loturak eratzean, energia askatzen da.
Erreakzio motak energiaren arabera
- Erreakzio endotermikoak: Energia xurgatzen dute bero moduan, loturak hausteko behar den energia lotura berriak sortzean askatzen dena baino handiagoa delako.
- Erreakzio exotermikoak: Energia askatzen dute bero moduan, loturak hausteko behar den energia lotura berriak sortzean askatzen dena baino txikiagoa delako.
Erreakzio Kimiko Motak
Erreakzio kimiko mota asko daude. Gure inguruan ikus ditzakegun erreakzio kimiko ugarienak errekuntza-erreakzioak dira.
- Errekuntza-erreakzioak ez dira espontaneoak; txinparta bat behar dute hasteko. Behin hasita, ordea, errekuntzak bere kabuz jarraitzen du.
- Errekuntza-erreakzio guztiek eskema bera jarraitzen dute. Prozesuan, energia asko askatzen da; beraz, erreakzioa exotermikoa da.
Erregaia (s/l/g) + O2(g) → CO2(g) + H2O (g) + Energia
Beste Erreakzio Mota Ezagun Batzuk
- Oxidazio-erreakzioak: Korrosioa eta metalen oxidazioa oso fenomeno arrunta da.
- Neutralizazio-erreakzioa: Azido batek (pH < 7) base batekin (pH > 7) erreakzionatzen du, gatz bat (pH = 7) eta ura sortuz.
Kalkulu Estekiometrikoak
Ekuazio kimiko doituek substantzia bakoitzak zein proportziotan parte hartzen duen erakusten digute.
Kalkulu estekiometrikoen bidez, erreakzio kimiko zehatz batean substantzia bakoitzaren zer kantitatek parte hartzen duen jakin dezakegu.
Konposatuen arteko erlazio molarra hartzen da kontuan edozein kalkulu estekiometriko egiteko.