Espainiako Biztanleriaren Banaketa eta Desorekak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Geografía
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,95 KB
Espainiako Biztanleriaren Banaketa eta Lurralde Desorekak
Espainiako biztanleriaren bolumena 46,65 milioi pertsona zen 2018an, Europar Batasuneko bosgarrena. Biztanleria-dentsitatea handituz joan da denborarekin, eta 92,33 biztanle/km²-ra heldu da, Europar Batasunaren batez bestekoa baino apalagoa. (Azken zentsua 2011n egin zen, hamar urtean behin egiten baita).
Banaketa aztertuz gero, ezaugarri nagusia lurraldeen arteko desoreka da. Dentsitate handiko eremuak Madrilen, periferian, Balear Uharteetan, Kanarietan, Ceutan eta Melillan daude. Dentsitate txikiko eremuak penintsularen barrualdean daude. Bestalde, eremu guztietan handiagoak dira hiri-dentsitateak landakoak baino, eta itsasertzeko zerrendetakoak barrualdekoak baino; balio apalenak mendietakoak dira.
Banaketaren Bilakaera eta Desorekaren Arrazoiak
Biztanleriaren gaur egungo banaketa hainbat faktorek eragindako bilakaera baten ondorio da.
Industriaurreko Garaia
XIX. mendearen erdialdera arte, ekonomiaren ardatza nekazaritza zenez, naturarekin lotutako faktoreek pisu handia izan zuten biztanleriaren banaketan. Horrenbestez, dentsitate handieneko eremuak erliebe lau eta altitude txikikoak, klima epel edo beroak, eta itsasotik edo ibaietatik hurbilekoak ziren. Eremu horiek Levanteko kosta, Atlantikoko haranak, penintsulako barrualdeko ibai-haranak eta Balear Uharteak ziren.
Baina giza faktoreek ere eragina zuten, ekonomiaren eremu dinamikoenetara erakartzen baitzuen biztanleria. Hala, XVI. mendean, Amerikaren aurkikuntzak aberastasuna ekarri zion Gaztelari, eta lurralde hori penintsulako jendetsuena bihurtu zen. XVII. mendean, krisi ekonomiko eta demografikoak periferiarako migrazioak eragin zituen, itsas merkataritzara bideratuz. Ondorioz, XVIII. mendean dentsitate handienak kostaldeko lurretan eta uharteetan zeuden, eta txikienak penintsularen barrualdean.
Industrializazio Garaia
XIX. mendearen eta 1975eko krisiaren artean, ekonomia industriala eta hiritarra finkatu zen, eta, beraz, naturarekin lotutako faktoreek indarra galdu zuten. Aldaketak areagotu ziren. Garrantzi handiagoa hartu zuten Madrilek eta periferiako eskualdeek, batzuetan hazkunde natural handia izan zutelako (Galizian, Andaluzian eta Murtzian), eta, beste batzuetan, leku horietan biztanleria erakarri zuten ekonomia-jarduera ezarri zelako (Asturiasen, Euskadin eta Katalunian...). Bien bitartean, barrualdeko eskualdeetan dentsitatea txikia izaten jarraitu zuen.
Garai Postindustriala
1975eko krisiaz geroztik, desorekak arindu edota areagotu dituzten beste faktore batzuk agertu dira. Batetik, 1975eko industria-krisiak itzulerak eta barne-migrazioak gelditu zituen; eta, bestetik, gaur egun biztanleria eta ekonomia-jarduera batzuk espazioan sakabanatzeko joera dago. Eta desorekak indartu ditu, berriz, garapen-faktore berriak (zerbitzu aurreratuak eta teknologia) eta atzerriko immigrazioa Madrilen eta Mediterraneoko eta Ebroko ardatzean are gehiago kontzentratu izanak.