Euskal Literaturaren Historia: XVI. Mendetik Gaur Egunera

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 5,09 KB

Euskal Literaturaren Historia: Oztopoak eta Garapena

Liburugintzaren historia ardatz hartuta, euskal literatura idatziak historian zehar hainbat oztopo izan ditu:

  • Hizkuntza-egoera: Euskara ez da Euskal Herriko biztanle guztien hizkuntza izan, eta bizitza sozial eta ofizialetatik aldendua egon da, beste hizkuntzen menpe.
  • Banaketa Politikoa: Euskal Herriaren banaketa politikoak literaturaren garapen desberdina ekarri du. Hegoaldean, literatura Iparraldean baino 250 urte beranduago garatu zen.
  • Euskalkien Muga: Batasun politiko ezak euskalkien mugak areagotu zituen. Euskara Batua ez zen 1970eko hamarkadatik aurrera arte indartu.
  • Faktore Soziopolitikoak: Banaketa politikoak, euskalkien bereizketak, euskal eskolen faltak eta gorabehera soziopolitikoek literaturaren garapen zatikatua eragin edo moteldu dute.

XVI. Mendea: Lehen Urratsak (1545)

Euskaraz idatzitako lehen liburua Lingua Vasconum Primitiae (Bernart Etxepare) izan zen, 1545ean. Hogei urte geroago, Joanes Leizarragak Testamentu Berria euskaratu zuen. Duela gutxi arte, hauek ziren XVI. mendeko euskal idazle bakarrak, biak Iparraldekoak eta elizgizonak. Hala ere, duela gutxi Lazarraga idazle arabarrak idatzitako liburu berri bat aurkitu zen. Lazarraga Hegoaldekoa zen, laikoa, eta ez zituen gai erlijiosoak jorratu.

XVII. Mendea: Lapurdiko Loraldi Klasikoa

Mende honetan, literaturak loraldi bat izan zuen, Lapurdin kokatua. Hego Euskal Herrian idazleak erlijio-irakatsiak itzultzen saiatzen ari ziren bitartean, Lapurdin literatura indartsua zegoen.

Sara-Donibaneko Eskola

Mugimendu honi Sara-Donibaneko Eskola deitu zitzaion, eta egoera ekonomikoarekin oso lotua zegoen. Donibane eta Ziburu Euskal Herriko herririk handienak eta garrantzitsuenak ziren garai honetan. Portu garrantzitsuak zituzten, eta Ternuan arrantzan zebilen arrantzale asko bertara joaten zen. Euskal kostalde guztiko euskaldunak elkartzen ziren, eta lehen aldiz, euskara batu baten beharra sentitu zuten.

Mugimendu hau elizgizon eta herritar ikasi batzuek sortu zuten. Eskola horretako ezagunena Axular izan zen, 1643an Gero idatzi zuena, euskal literatur klasikoaren eredua. Beste kide aipagarri bat Arnaut Oihenart izan zen. Lazarragaren idatzia agertu arte, Oihenart apaiza ez zen lehen idazlea izan, baina bere obrak ez zuen eragin handirik izan, bere ideiak ez zirelako ongi onartu.

XVIII. Mendea: Hegoaldeko Ilustrazioa eta Larramendi

Manuel Larramendi izan zen mugimendu honetako protagonista nagusia, euskal kulturaren bultzatzailea. Euskaraz oso gutxi idatzi bazuen ere, bere idatziek kontzientzia eta bokazioa sortzen zuten. Lider kulturala zen, hizkuntzaren apologia egin zuen eta polemika sortzailea izan zen.

Larramendi politikoki foruen babeslea zen, eta abertzaletasuna euskararen inguruan zentratu zuen. Bere asmo nagusia hizkuntza bihurtzea zen. Larramendiren jarraitzaile nagusiak Agustin Kardaberaz eta Sebastian Mendiburu izan ziren.

XVII. mendeko euskal literatura Ipar Euskal Herrian kokatzen bazen, XVIII. mendekoa Hegoaldean kokatu zen, garai zaila izan arren.

XIX. Mendea: Erromantizismoa eta Berpizkundea

Literatur mugimendua nabarmenki indartu zen. Hego Euskal Herrian mendearen lehen zatia oso aberatsa izan zen, eta Iparraldean mende amaieran berrindartu zen.

Garai honetan, Louis-Lucien Bonapartek hizkuntzaren azterketa sakona egin zuen, eta Antoine d’Abbadiek diruz lagundu zituzten euskal poesia topaketak.

Poesia Herrikoia eta 76ko Belaunaldia

Erromantizismoaren garaian, poesia herrikoi asko sortu zen. Ezagunenak Iparragirre eta Bilintx izan ziren, eta aipagarria da baita ere Etxahun.

76ko Belaunaldia mende bukaeran kokatu behar da. Euskal Foruak kendu zirenean, jendea kezkatzen hasi zen, eta literatur kontzientzia zabaltzen hasi zen. Belaunaldi honetako ezagunak: Toribio Altzaga, Resurrección María de Azkue eta Sabino Arana.

XX. Mendea: Gerra, Isiltasuna eta Euskara Batua

XX. mendeko euskal literatura bi zatitan banatzen da: XIX. mendean hasi zen hizkuntza literarioaren jarraipena (1936ko Gerra bitarte) eta Gerra ondorengoa.

Gerra Ondorengo Literatura (1939-1957)

1939tik 1957ra bitartean, euskal literatura isilpean landu zen:

  • 1939-1949: Isiltasun osoa. Literaturan idazten zen guztia erbestean egiten zen.
  • 1949-1957: Egoera bigundu zen, eta hiru korronte nagusi sortu ziren:
    1. Gerra aurreko korronte tradizionala.
    2. Korronte tradizionala aldatzen ari zen beste bat.
    3. Ideologikoki heterodoxoa eta literalki berritzailea zena.

1960ko Hamarkada eta Loraldia

1960ko hamarkadan, Euskal Herria ideiaz eta bizimoduz aldatzen hasi zen. Bizitza soziokultural iraultzailea zen. Gazte mugimenduak molde berriak ekarri zituen, garbizalekeria kritikatuz eta Euskara Batua bultzatuz. Loraldia gaur egun arte luzatzen da.