Euskal Maileguak: Jatorria eta Egokitzapenak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,67 KB
Euskal Maileguak: Jatorria eta Egokitzapenak
Hizkuntza ororen lexikoan bi talde bereizi behar dira: batetik, ondare zaharreko hitzak; bestetik, maileguak. Euskaraz, ondare zaharreko hitzak dira antzinagoko euskaratik datozenak (Erdi Aroko euskaratik, etab.). Maileguak, berriz, nagusiki latinetik eta lau erromantzetatik (gaztelania, nafar erromantzea, gaskoiera eta frantsesa) datozen hitzak dira.
Ez dago kalkulu zehatzik zein proportzio duen talde bakoitzak. Bi muturretako iritziak zabaldu dira: badira euskaraz berrogei bat mailegu baino ez direla uste dutenak, baita lexikoaren erdia baino gehiago mailegatutako hitzek osatzen dutela uste dutenak ere. Dudarik gabe, gertuago gaude bigarrenetik: ondare zaharreko hitzak oso gutxi dira (edo nahi baino gutxiago dira), eta metodoak zenbat eta gehiago zorroztu, orduan eta gutxiago aurkituko ditugu.
Euskal Maileguen Jatorri Anitza
Euskal maileguak hizkuntza eta garai ezberdinetakoak dira, baina oparoenak eta ezagunenak azken hogei mendeetan sartu dira, gorago esan bezala, latinetik lehendabizi, auzo erromantzeetatik gero. Latin eta erromantzeetatik datozen maileguak, ordea, ez dira bakarrak. Baliteke erromatarren aurreko garaiko alboko hizkuntzetako maileguren bat ere egotea, zeltatik (zehatzago, zeltiberieratik edo galieratik) eta iberieratik, baina orain arte eremu horiek ez dute emaitza ziurrik lortu. Era berean, baliteke V. mendetik aurrera mailegu germaniarrak eta VIII. mendetik aurrera arabiarrak sartu izana, baina hemen ere ez da frogatu mailegu zuzenik dagoenik; izan ere, badirudi denak edo gehienak erromantzeen bitartez iritsiak direla.
Maileguen Egokitzapena Euskaran
Maileguak normalean egokitu egiten zaizkio hizkuntza hartzailearen egitura fonologiko eta morfologikoari. Hortaz, egokitzapenaz hitz egin behar dugu. Jarraian, alor bakoitzean euskal maileguek jasan dituzten egokitzapenak aztertuko ditut.
Egokitzapen Fonologikoak
Fonologia mailan, hots arrotzak hizkuntza hartzailearen hots hurbilenarekin ordezkatzen dira. Hotsez gain, egitura fonologiko arrotzak ere hizkuntza hartzailearen fonotaktikaren galbahetik igarotzen dira. Hona hemen euskarari dagozkion zenbait adibide:
- /f/ hotsa: Euskal fonologian halako hotsik ez zegoen garaian, badirudi euskarak bortitz/ahul oposaketa zuela. Hori dela eta, /b/-rekin ordezkatuta azaltzen zaigu, horixe baitzen ezpainkarietan hurbilena, /f/-ren ahultasunari begiratuta. Adibidez: lat. ficu > biku. Geroago, herskarietan ahostun/ahoskabe oposaketa gailendu zenean, /p/-rekin ordezkatu zen, /f/-aren ahoskabetasunari begiratuta. Adibidez: paltsu, peria, pesta, inpernu…
- Muta cum liquida taldeak: Euskarak ez zuen kontsonante-bilkurarik onartzen, eta horiek ekiditeko estrategia desberdinak erabiltzen zituen.
- Batetik, epentesia erabil zezakeen, kontsonante-bilkuraren eskuinean zegoen bokal berbera txertatuz. Adibidez: libru > liburu; gratia > garazi; fronte > boronte; granu > garau.
- Bestetik, hitz hasierako kontsonante-bilkuretan herskariak gal zitzakeen: Adibidez: gloria > loria; claru > laru.
Nolanahi ere, hedadura handiko, denbora luzeko eta harreman estuko ukipen-egoeretan, fonema berriak sor daitezke hizkuntza hartzailean. Hots, haren fonema inbentarioa aldatzera irits daiteke, baita haren fonotaktika ere. Euskararentzat proposatu ditugun bi adibideak, hala /f/ nola muta cum liquida taldeak, biak onartu egin dira gerora, nahiko bakan eta bazterreko badira ere. Euren onarpenaren kronologia aztertzeko dagoen arren, ematen du azken mendean egin dutela sarbide gehiena.
Egokitzapenaren Aldaerak
Bestalde, maiz gertatzen da hitz bat era batera eta beste bat bestera egokitu izana, baita batzuetan hitz beraren egokitzapen desberdinak egotea ere. Ikus ditzagun zenbait adibide:
- Latineko /f/-k hitz hasieran emaitza oso desberdinak ditu euskaraz, are hitz berean ere: lat. filu > eusk. piru, phiru, firu, biru, iru…
- Lat. cruce > eusk. gurutze, gurutz, kurutze, krutze, kurutxe, krutxe, kurtxe, kutze, kutxe, gurtze, grutze…
Arrazoiak bi dira:
- Batetik eta nagusiki, garai ezberdinetako maileguak dira, hau da, garaian garaiko egokitzapenak jasan dituztenak.
- Bestetik, batzuk ahoskeran oinarrituak izan daitezke, eta beste batzuk idazkeran.