Euskal Nazionalismoa eta Langile Mugimendua XIX. Mendean
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 7,32 KB
Euskal Nazionalismoa eta Bilboko Euskaldun Batzokia
Testuaren egitura: Batzokiaren estatutuak zortzi artikulutan banatuta daude.
Testuaren ideia nagusia: Bilboko Euskaldun Batzokiaren fundazioa.
Ideia eta Kontzeptu Nagusiak Artikuluetan
- EAJren konfesionalitatea: Jaun Goikoa (1. artikulua); aisialdirako zentroa, bere izaera politikoa mozorro honekin estalita.
- Bizkai Buru Batzar: Alderdiak lurraldekako antolamendua du (Bizkaiarena) (2. artikulua).
- Bizkaia katolikoa: Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango da. Alderdiaren konfesionalitatea edozein ekintzatarako (3. artikulua).
- Foruak: Lege Zaharra edo foruak, arbasoen usadioak askatasunezko legeak zirenak (4. artikulua).
- Euskal arrazako familiak: Osagai etnikoa, batzuen ustetan arrazista (4. artikulua).
- Euskara: Hizkuntza ofiziala, eta agian bakarra (4. artikulua).
- Bizkaia, arkadia bat: Bizkaia, arkadia bat, non erlijioa eta politika harmonian biziko diren (5. artikulua).
- Erlijioaren eta politikaren bereizketa: Horien gainetik Bizkaia dago (6. artikulua).
- Lege zaharrak eta Jainkoa: Lege zaharrak eta Bizkaia Jainkoaren menpe kokatzen da (7. artikulua).
- Konfederazioa: Bizkaitarren arraza, hizkuntza, fedea, izaera eta ohiturak kontuan hartuta, konfederazio bat bilatuko du Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Zuberoarekin, bere autonomia murriztu gabe (8. artikulua).
Euskal Nazionalismoaren Testuingurua
Sabino Aranak defendatutako nazionalismoa bat-bateko aldaketa sozial, kultural eta politikoen aroan jaio zen. Sabino Aranaren aroan euskal gizartea aldatzen ari zen. Aldaketen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Antzinako Erregimenaren erorketa.
- Ideia liberal-zentralisten eta laikoen loraldia.
- Jauntxokeria eta sistema demokratikoaren ustelkeria.
- Karlismoaren krisialdia, porrot militarraren ostean.
- Foruen galera; nazionalismo espainiarraren krisia eta haren berragerpen saiakera.
- Politika kolonialak eta horien emantzipazio prozesua.
- Teoria arrazisten hedapena.
- Industrializazioaren hasiera eta langile mugimenduen sorrera (anarkismoa, sozialismoa).
Euskal nazionalismoa 1876ko Foru Abolizioarekin lotuta dago. Estatuak zentralismora abiatu zenean, Bizkaian eta Estatuko beste zonaldeetan ere, tokiko identitateetan hasi zen ikertzen. Ikerketa hauek lore-jokoetan (juegos florales izenekoak) plazaratzen ziren, non lan onenak saritzen baitziren. Sabino Aranak Euskal nazionalismoari koherentzia eman zion hausnarketa pertsonalaren ondoren. Hasierako asmoa foruak berreskuratzea zen euskal probintzietako lurraldeetan, probintzia bakoitzak bere berezitasuna gordetzen bazuen ere.
Langile Mugimendua Bizkaian eta Industrializazioa
Sarrera: Berrezarkuntza Garaia eta Langile Mugimendua
Testu hau Berrezarkuntza Garaian kokatzen da, Langile Mugimenduaz ari dela. Alfontso XIII.a zen errege, adinez txiki oraindik, jaio bezain pronto egin baitzuten errege. Cánovas eta Sagastak txandakako sistema mantendu zuten zutik, sistemak iraun zezan; baina, 1898an, Cánovas erail zuten Arrasaten, eta Sagastari ere urte gutxi geratzen zitzaizkion.
Berrezarkuntzako sistema tinko mantendu zen bi buruzagi horiek indarrean egon ziren bitartean; baina, garai honetarako, sistema krisian sartzen ari zen, oposizioa indartzen, eta beti lekurik hartu ezinik ibili ziren alderdiek ahotsa altxatu nahian… Eta horietakoak ziren langileen taldeak.
Langile Mugimenduaren Analisia
Lehen paragrafoan Bizkaiko meatzariek maiatzaren 1ean egindako manifestazioaz hitz egiten da. Bigarren paragrafoan 1890ean egindako grebaz hitz egiten da. Haien eskariak, besteak beste, lanaldiak murriztea eta derrigorrezko barrakoi eta dendak kentzea ziren.
Ondoren, lehengo egoera berean zeudela dio, barrakoietan biziz, derrigorrezko dendetan erosiz… Bizkaian, lana lortu ahal izateko, beharrezkoa omen zen baldintza horiek betetzea.
Gobernua kontra izango bazuten ere, meatzetako langileek grebara joango zirela zioen bukaeran, aurreko hori dena desagerrarazteko xedean. Industrializazioa gehiagora joan zen, eta horrek langile kopuru handiagoa ekarri zuen; arazoak pilatu ziren, eta protestak ere bai. Hortik sortu zen Langile Mugimendua.
Industrializazioaren Testuingurua Bizkaian
Industrializazioaren lehen fasean, labe garaiak eraikitzen hasi ziren (Boluetako Santa Ana, adibidez). Horietan egur-ikatza erabiltzen zen. Bizkaiko minerala lantzen hasi ziren, baina oraindik ez zen industrializazio prozesuan sartu. Lortutako ekoizpenak ez ziren oso handiak izan, ezta produktibitatea ere; izan ere, nahiz eta fabrika berri hauek burdinolak baino handiagoak izan, teknika zaharkituak erabiltzen jarraitu zuten. Erregai gisa egur-ikatza erabiltzen zuten. Egur-ikatzak bero-ahalmen txikia zuen harri-ikatzarekin alderatuta, eta, gainera, prozesu luze eta garesti baten bidez lortzen zen. Horren ondorioz, ezin zuten lehia egin Ingalaterrarekin.
Aipatzekoa da 1856tik 1861era produkzioak ezagutu zuen hazkundea. Eragina izan zuen harri-ikatza erabiltzen hasteak (Leongoa eta Asturiasekoa), baina ez zen kalitate oso onekoa. Geroago, Bessemer bihurgailuaren zabalkundeak Bizkaiko mearen beharra areagotu zuen; izan ere, altzairua egiteko fosforo gutxiko burdina behar zen (Bizkaian eta Suedian, adibidez). Bizkaikoa, ordea, klima eta kokapenagatik interesgarriagoa zen atzerritarrentzat, eta horrek gora egin zuen Meatzeei buruzko Oinarri Legea kaleratu zenean (1869an politika librekanbista bultzatzen zen garaian).
Espainia garai hartan krisian zegoen, eta horrek meatzeetan inbertitzea zailtzen zuen; baina Bizkaiko labe garaien jabeak kapital europarren artean sartu ziren. Bestalde, langabezia-tasa altua zegoen, batez ere landa-eremuan, eta, beraz, jendea Bizkairantz hurbiltzen joan zen, meatzeetan langileak behar zirelako. Izan ere, ustiatutako mea guztia salduta zegoen, lana aseguratuta egonda.
Kanpotarrak ziren gehienak, eta, beraz, ezin ziren lanaldia bukatu ondoren etxera itzuli; gainera, meatokiak ez zeuden herrietatik hurbil. Arazoa nolabait konpontzeko, barrakoiak sortu zituzten meatokien ondoan, lo egiteko egoitza moduko batzuk, edota denda batzuk jarri zituzten. Jabeek, ordea, etekin handia ateratzen zietela ikusi zuten, eta, beraz, derrigorrezko bihurtu zituzten; hau da, langile guztiak bertan bizi eta bertan erosi beharko zuten. Barrakoi horietan topa zitezkeen bizi-baldintzak, gainera, oso kaskarrak eta higiene gutxikoak ziren, lo egiteko bakarrik erabiltzen zirelako. Helburua, meatokietatik hain hurbil egoteak, bertan igarotzen ez zuten denbora lanean igarotzea zen. Horrela, meatzari baten lana bidegabea eta oso gogorra bihurtzen zen.
Egoera hori ikusita, Alderdi Sozialista eta UGT langileekin antolatzen hasi ziren, beren eskubideak babesteko; besteak beste, soldata igotzea, igandean jai eguna, lanordu-murrizketa eta gizarte-segurantza bezalakoak aldarrikatu nahi zituztelako. Bilkura eta antolamendu horien emaitza greben etorrera izan zen. Horren harira, 1890. urtean lehen manifestazio handia egin zen, eta 1892an beste bat. Hala ere, lortutakoak ez zuen aurrerapen handirik ekarri.