Industria Iraultza: XVIII. eta XIX. mendeak

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,55 KB

GAIA - INDUSTRIA IRAULTZA

Nekazaritza eta abeltzaintza agertu zirenetik, giza edo animalia energiaren bidez funtzionatzen zuten tresnak erabili zituen gizakiak.

Industria Iraultzak erabateko aldaketa ekarri zuen Ingalaterran XVIII. mendearen bigarren erdian. XVIII. mendearen amaieran, lehen makinak agertu ziren, eta industria modernoa sortu zen.

XIX. mendearen azken laurdenean, Bigarren Industria Iraultza gertatu zen. Industria iraultzek eraldaketa prozesu sakona bideratu zuten ekonomian, gizartean, teknologian eta politikan.

LEHEN INDUSTRIA IRAULTZA

a) Ezaugarriak:

  • Prozesu dinamikoa, bizkorra eta geldiezina izan zen; XVIII. mendearen erdialdera hasi zen, eta 1870era arte iraun zuen. Britainia Handia izan zuen abiapuntua, baina handik beste herrialde batzuetara hedatu zen XIX. mendearen hasieran.
  • Tailerretatik fabriketarako jauzia gertatu zen, eta ondasunak eskulanaren eta manufakturen bidez ekoitzi ordez modu masiboan eta bitarteko mekanikoen bidez ekoizten hasi ziren eskala handian.

b) Faktoreak:

  • XVIII. mendean Ingalaterran bat egin zuten zenbait faktoreri esker hasi zen Industria Iraultza lurralde hartan.

Demografia Iraultza: XVIII. mendearen bigarren erdian, biztanleriaren hazkunde iraunkorra hasi zen Britainia Handian. Nekazaritza ekoizpena handitzea, higienean eta medikuntzan egindako aurrerapenak, izurriak deuseztatzea eta ezkontzen adina aurreratzea izan ziren hazkunde horren eragile nagusiak. Eragile horien ondorioz, gora egin zuten eskulanak eta kontsumoak.

Nekazaritza Iraultza: XVIII. mendean, nekazaritza iraultza gertatu zen Britainia Handian, eta horrek aldaketak eragin zituen lurraren jabetzan, baita berrikuntza teknikoak ere. Lurraren jabetzari dagokionez, jabetzaren sistema juridikoa aldatu zen. Ordura arte, bi sistema nagusi erabili ziren lurrak ustiatzeko: openfield (lursail irekiak) eta commonfield (herri lurrak). Legeen bidez, lurrak hesituz joan ziren pixkanaka. Lurrak hesituta ekoizpena handitzea bilatzen zuten.

ONDORIOAK:

  • Lursail oso txikien jabeek nekazari aberatsei saldu behar izan zizkieten lurrak.
  • Jornalari pobreek, herri lurrak desagertzearen ondorioz, hirira emigratu zuten lan bila.
  • Produktibitateak gora egin zuen.
  • Herri lurren aprobetxamenduan oinarrituriko nekazaritza ekonomiaren ordez, eskuratutako soberakinak merkaturatzera bideratutako nekazaritza ekonomia ezarri zen.

Garraiobideen Iraultza (ezaugarriak): XVIII. mendearen bigarren erdian, gobernuak eta ekimen pribatuak berealdiko bultzada eman zioten errepideen eta kanalen eraikuntzari. Ingalaterrako klima euritsuak eta orografiak erraztu egin zuten ibaien arteko kanalen eraikuntza, eta horrek bizitasun handia eman zion merkataritzari, bolumen handiagoak garraiatzeko aukera ematen zuelako.

Merkatua eta finantza sistemaren garapena: Britainia Handiak bere produktuak saltzeko barne merkatu sendoa lortu zuen, ezaugarri hauei esker: biztanleriaren hazkundea eta komunikazio bide egokiak. Aldi berean, Europa eta Ipar Amerika britainiar industrietako produktuak eskatzen hasi ziren, eta, bide horretatik, kanpo merkatura ere hedatu ziren. Horri guztiari esker, lehengaiak erosi, produktuak saldu, kapital pribatuak metatu eta kapital horiek merkataritza sozietate edo konpainietan inbertitzen hasi ziren britainiarrak. Merkatu horiei sendotasuna eman zien, gainera, Ingalaterrako Bankuak eta lehen aseguru etxeen sorrerak.