Filosofiaren Gakoak: Kant, Marx, Arendt eta Nietzsche

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 8,87 KB

Kanten Ezagutzaren Teoria: Idealismo Transzendentala

Kanten ezagutzaren teoria, idealismo transzendentala, aurretiko tradizio filosofikoaren dogmatismoari erantzuteko sortu zen. Tradizio horrek urrunegi eraman zituen bere espekulazio filosofikoak, aurretik arrazoimenaren norainokoa eta mugak planteatu gabe.

Hume eta Arrazoimen Hutsaren Kritika

Hume irakurrita, Kantek dio honek amets dogmatikotik esnatu zuela, eta giza ezagutza-ahalmenak, giza ezagutzaren a priori printzipioak eta ezagutzaren mugak sistematikoki aztertu nahi zituen. Horrela sortu zen Arrazoimen Hutsaren Kritika.

Arrazionalismoa eta Enpirismoa Gaindituz

Teoria horrek arrazionalismoa eta enpirismoa gaindituko ditu. Nahiz eta bien arteko ezberdintasunak nabariak izan, Kantek dio biak bat zetozela zerbaitetan: bientzat subjektu ezagutzailea pasiboa da. Ezagutza-ekintzan determinatzailea objektua da, subjektua errealitatea “jasotzera” mugatzen den bitartean, pertzepzioetatik edo ideietatik abiatuta.

Kanten "Biraketa Kopernikarra"

Kanten “biraketa kopernikarra” ezagutza-eskema hori alderantzikatzean datza: subjektu ezagutzailea aktiboa da, subjektuak berak zerbait jartzen du ezagutze-ekintzan.

Ezagutzaren Egiturak: Sentsibilitatea eta Adimena

Subjektuan egiturak daude, zeinen arabera errealitatea hautematen eta pentsatzen den. Egitura horiek aplikatuak soilik dute erabilgarritasuna:

  • Lehenik, hautemandakoari forma emateko erabiltzen direnean (sentsibilitatea).
  • Bigarrenik, intuizio sentigarriak pentsatzeko edo “egituratzeko” erabiltzen direnean (adimena).

Ezagutza oro esperientziarekin hasten da, baina subjektuan ere badago esperientziaren aurreko zerbait: ezagutza-ahalmenen a priori formak. Subjektuak jarritako a priori forma horien eta esperientziaren arteko topaketatik sortzen da ezagutza.

Noumenoa eta Fenomenoa

Ez dugu errealitatea bere baitan hautematen (noumenoa), baizik eta gauzak beti agertzen zaizkigula sentsibilitatearen a priori formetan: fenomenoa.

Marx: Materialismo Historikoa eta Klase Borroka

Marxek materialismo historikoa proposatzen du; hots, errealitatea errealitate soziala da, guztiz materiala izanik. Honetan, oinarria ekonomia daukagu.

Gizartearen Egitura: Azpiegitura eta Gainegitura

Teoria hau bitan zatitzen du:

  1. Gizartearen Azpiegitura Ekonomikoa: Produkzio-baldintzak (produkzioan beharrezko elementuak) eta produkzio-harremanak (langileen eta produktuen artekoak) aztertzen ditu.
  2. Gizartearen Gainegitura: Juridiko, politiko eta ideologikoa.

Azpiegitura Ekonomikoa: Produkzio-Baldintzak eta Harremanak

Produkzio-harreman zuzenak eta zeharkakoak aurki daitezke:

  • Zuzenetan: Langileak harreman positiboa du baldintza materialekin, produkzio-bideak bereak direlako, ez beste batenak. Ondasunak berdintasunez eta justiziaz banatzen dira.
  • Zeharkakoetan: Langileak ez dira baldintzen jabe. Honek klase borroka sortzen du. Industria Iraultza garaiko kapitalismoan, proletargoa eta kapitalistak, hain zuzen.

Marxek dio historia klaseen arteko borrokaren historia dela. Honetan, aberats eta txiroen arteko gatazka sortzen da. Komunismoan, klaseak desagertu eta zuzeneko produkzio-harremanetara igaroko gara; berdintasun soziala erdietsiko da, alegia.

Gainegitura: Juridiko-Politikoa eta Intelektuala

Gainegitura bitan banatua dago:

  • Juridiko-Politikoa: Gizarteko legeak, sistema juridikoak eta antolaketa politikoa topatzen ditugu.
  • Intelektuala: Gizarteko pentsamolde guztiak dira; hala nola, kulturalak, erlijiosoak, filosofikoak, etab.

Gainegiturak azpiegitura mantentzen du pentsamolde eta juridiko-politikoen bitartez. Biek funtzionatzen dute beti, osagarriak dira. Marxek dio gainegitura ekonomian oinarritzen dela.

Klase Borroka eta Dialektika Historikoa

Klaseen arteko borrokari dagokionez, honetan egoera batetik (tesia) kontrako egoera (antitesia) ematen da. Borroka honi bukaera emateko, egoera edo gizarte berri bat sortzen da (sintesia). Sintesia lortzeko, aurreko urrats guztiak behar dira.

Azkenean, azken sintesi batera iritsiko gara, non kontraesanik ez den: komunismoa. Honetan, klaseak desagertuko dira, berdintasuna gizartean nagusituko da, eta benetako historia hasiko da.

Adibidez: komunismoa. Tesia kapitalismoa da, antitesia proletargoaren iraultza eta sintesia komunismoa. Hemen bukatuko da ordura arteko fasea, historiaurrea izango dena, eta benetako historia hasiko da.

Hannah Arendt: Totalitarismoa eta Gaizkiaren Azterketa

Hannah Arendtek, Totalitarismoaren Jatorriak (1951) lanean, gaizkia arazo politiko gisa aztertzen du, hiru zutabetan:

  • Alemania nazian Holokausto juduak sortutako ideologia aztertuz.
  • Europako inperialismo kolonialaren konnotazio antidemokratiko eta arrazistak aztertuz.
  • SESBeko Stalinen erregimena gaizkiaren ikuspuntutik aztertuz.

Filosofoa ez dator bat politika espazio publikoko ekintza gisa duen ikuspegiarekin eta ohiko teoria politikoekin, politika nagusitasun- eta tutoretza-harreman gisa ikusten baitzuten. Arendten ustez, politika elkarbizitza publikoan eta pluralean agertzen da, askatasun-testuinguru honetan pertsonak ekintzaren eta diskurtsoaren bidez garatzen dira. Etika politikoa erantzukizun zibikoan eta ekintza aske eta kontzientean oinarritzen da, aginduekiko obedientziaren aurka.

Totalitarismoaren Ezaugarriak eta "Gaitz Erradikala"

Totalitarismoa XX. mendeko gizarte atomizatuetan sortzen den fenomeno bat da, eta frustrazioa eta beldurra esplotatzen dituzten masa-mugimenduek ezaugarritzen dute, obedientzia itsuaren truke kide izatea eskainiz. Propaganda erabiltzen du errealitate faltsu bat eta beldurra sortzeko, kontrola mantentzeko, giza konfiantza suntsituz eta gizabanakoak isolatuz. Helburua giza berezitasuna ezabatzea da, pertsonak izaki otzan bihurtuz (“masa-gizonak”).

Arendten ustez, “gaitz erradikalak” pertsona juridikoa, morala eta indibiduala suntsitzea bilatzen du, gizakiei eskubideak, iritzi askeko gaitasuna eta berezitasuna kenduz, ideologia totalitario baten pean zenbaki hutsetara murriztuz.

"Gaizkiaren Hutsalkeria" eta Eichmannen Kasua

Eichmann Jerusalemen (1963) lanean, “gaizkiaren hutsalkeria” kontzeptua adierazi zuen, Adolf Eichmann burokrata naziaren azterketan inspiratua. Burokrata horrek milioika judu sarraski-eremuetara deportazioa antolatu zuen. Bere epaiketan, Eichmannek esan zuen aginduak betetzen zituela eta bere eginbeharra betetzen zuela, biktimekiko gorroto pertsonalik gabe.

Arendt txundituta geratu zen Eichmannek bere ekintzei buruzko gogoeta moralik egin ez zuelako. Pertsona arruntek gaizkian oinarritutako aginduak zalantzan jartzen ez dituztela ikusi zuen, kritikoki pentsatzeko gaitasuna galtzen duten pertsonetan bilakatzen direla. Bere obran, errepublika zibikoa defendatzen du, zeinak politikan eta aniztasunean aktiboki parte hartzea baloratzen duen, manipulazio eta menderatze autoritarioaren aurka, demokrazia modernoetan sortzen den “gizaki masaren” arriskuaren aurkako antidoto gisa azalduz. Arendten ustez, parte-hartze aktiboa eta komunitatearekiko konpromisoa ezinbestekoak dira giza askatasuna eta duintasuna babesteko.

Nietzsche: Egiaren eta Justiziaren Ikuspegia

Egiaren Kontzeptua Nietzschek Aztertuta

Nietzschek oso ikuspegi konplexua du egiaren ideiari buruz.

Bere ustez, ordura arte filosofoek bilatu duten benetako egia absolutu eta eternala moral judeo-kristauaren tradiziotik dator eta Mendebaldean eraikia da.

Nietzschek dio gaur egun Mendebaldean dugun egiaren ideia eraikia dela eta sortu eta eraiki dugula gure interesak asetzeko, eta ez benetan ezagutu nahi genuelako. Komeni zitzaigun mundu ordenatu eta antolatu bat errazagoa delako maneiatzen.

Egia boteretsuek eraiki dute.

Berak objektibotasunaren aurrean perspektibismoa planteatzen du.

Justizia Nietzschek Aztertuta

Egiaren kasuan bezala, Nietzschentzat justizia boteretsuenek eraikitako zerbait da; beraz, ez da absolutua, baizik eta erlatiboa.

Justiziari dagokionez, Nietzschek ere perspektibismoa proposatuko du.

Justizia-ekintzetan askotan mendekua ikusten du, errudunaren kontra bideratutako amorru pertsonal bat, eta hori ez zaio ongi iruditzen. Gainera, mendekua zein erruduntasuna oso lotuta daude moral judeo-kristauarekin.

Berarentzat, benetako justizia mendekua gainditzean datza.