Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude eta Arrazoimenaren Erabilera
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,32 KB
Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
“Zer da Ilustrazioa?” galderari erantzuna Sapere Aude saiakeran ematen du Kantek: “Ilustrazioa gizakiaren irteera da bere erruzko adingabetasunetik. Adingabetasuna besteren gidaritzarik gabe nor bere adimenaz baliatzeko ezintasuna da.”
Kantek dio gizakia bere adingabetasunaren errudun dela, ez baitu bere kabuz besteren gidaritzarik gabe pentsatzeko kuraiarik. Adingabetasuna, gizakion ezintasuna da inoren gidaritzarik gabe gure erabakiak hartzeko, eta bere erruzkoa da, adingabetasunaren arrazoia ez baita erabakiak hartzeko gaitasun falta. Kanten ustez, gizakiaren emantzipazioaren alde borrokatu behar da. Horretarako, adingabetasun horren bai kanpoko bai barruko zergatiak deuseztatu behar dira.
Adingabetasunaren Zergatiak
Alde batetik, kanpoko zergatiak (tutoreak) daude, gurasoak, elizak, instituzioak, legeak (bidegabekoak), eta abar direla. Hauek gizakiak zuzentzen dituzte eta askeak izaten oztopatzen diete. Haien helburua subjektu (hiritar) mantsoak eta obedienteak izatea da, maneiatzeko errazak direnak.
Beste aldetik, barruko zergatiak daude (alferkeria eta koldarkeria):
- Alferkeria: Nork bere kabuz pentsatzeak ahalegina dakar (erosoagoa da gainerakoak guregatik erabakitzea).
- Koldarkeria: Tutoreengandik askatzeko eta nork bere erabakiak hartzeko beldurra da.
Adingabetasunetik Irteteko Pausoak
Adingabetasunetik irteteko pauso hauek jarraitu behar ditugu:
- Lehenengo, askatasunerako kanpoko oztopoak baztertu behar dira.
- Gero, adin nagusitasuna eskuratu behar da (bere kabuz pentsatzen ausartzen denean).
- Eta azkenik, benetako askatasuna eskuratu behar da (bere bizitza autonomiaz zuzendu).
Hau eginda, Ilustrazioa lortuko da. Baina Ilustrazioa ez da ezagutza arazo hutsa, jarrera praktikoa baizik, guztiok egin beharreko zerbait: “Sapere Aude”, ausart zaitez pentsatzera, zure adimenaz baliatzera besteren gidaritzarik gabe. Ausart zaitez erabakitzera, zure bizitza zure gain hartzera, hori baita gure eskubidea eta, aldi berean, gure eginbeharra ere.
Arrazoimenaren Erabilera Publikoa eta Pribatua
Kanten ustez, Ilustraziorako baldintza askatasuna da, baina ez askatasun mugagabea, guztien artean kaltegabeena baizik: askatasuna beti eta edozein lekutan arrazoimenaren erabilera publikoa egiteko.
Arrazoimenaren bi erabilera bereizi zituen Kantek:
- Erabilera publikoa: Pertsona batek, aditu bezala, publiko baten aurrean, gai baten inguruan duen iritzia adieraztea da (pentsamendu, iritzi eta adierazpen askatasuna). Horren helburua gizartearen hobekuntzarako kexak edo proposamenak egitea da. Guztiz askea da (ezin da mugatu).
- Erabilera pribatua: Kargu bat, funtzio publiko bat edo postu zibil batean gauzatzen dena da. Horren helburua gizartearen ordena eta zuzentasuna bermatzea da. Ezin da askea izan (mugatua izan behar du).
Adibideak eta Ondorioak
Hau azaltzeko, hiru adibide erabili zituen Kantek:
- Armadako ofiziala: Agintariek eskatzen dietena bete behar du (erabilera pribatua). Hala ere, aginduen onuraz edo kalteez argudiatu dezake (erabilera publikoa).
- Herritarra: Ezin dio uko egin zergak ordaintzeari (erabilera pribatua). Nolanahi ere, zerga-sistema kritikatu dezake (erabilera publikoa).
- Apaiza: Elizaren aginduak jarraitu behar ditu (erabilera pribatua). Hala ere, elizarekin dituen desadostasunak adierazi ditzake (erabilera publikoa).
Arauak edo legeak bete nahi ezean, armada, gizartea edo apaizgoa uztea da duten aukera bakarra. Arrazoimenaren erabilera pribatuan ez dago askatasunik, Kanten arabera.
Hala eta guztiz ere, askatasunaren erabilera pribatua mugatzeak ez du Ilustrazioa oztopatzen, arrazoimenaren erabilera publikoa bermatzen bada. Horregatik, Kantek Frederiko II.a Handia printze ilustratutzat hartzen du, bere ustez Ilustrazioaren izpiritua adierazten baitu inork baino hobeto hau esanez: “Arrazoitu nahi duzuen guztia eta nahi duzuen guztiaz, baina obeditu.” Esaera hau Ilustrazioaren adierazgarria da: arrazoimenaren erabilera publiko (arrazoitu) eta pribatuaren (obeditu) arteko dialektika (tentsioa edo gatazka) adierazten du.