Kanten Ilustrazioa eta Ezagutzaren Teoria
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 6,48 KB
"Ausartu zaitez pentsatzera": Kanten Ilustrazioaren Definizioa
"Ausart zaitez pentsatzera", "izan adore zeure kabuz arrazoia erabakitzeko". Horrela laburbiltzen du Kanten pentsamendua "Zer da Ilustrazioa?" galderari erantzuna artikuluan. Horazio izan zen lehena esaldi hori erabiltzen. Orduz geroztik, topiko bihurtu da literaturan, eta lelotzat hartu dute hainbat unibertsitatek, tartean Huelvako Unibertsitateak.
Kanten Ustez, Autonomia da Giza Ezaugarri Nagusia
Kanten iritzian, autonomiak bereizten ditu gizakiak; erabaki pertsonalak hartzeko gaitasunak bereizten gaitu beste izakietatik. Era autonomoan jarduteak, adingabetasuna atzean utziz, gizakia heldutasunera iritsi dela adierazten du, hau da, gizabanakoa bere kabuz pentsatzen ausartzen dela. Era autonomoan jarduteak heteronomia atzean uzten dela esan nahi du.
Ilustrazioa: Gizakiaren Adingabetasunetik Irteera
Kanten ustez, Ilustrazio-garaia gizadiaren adingabetasuna atzean uzteko garaia da, gizakia bere kabuz pentsatzen hastekoa. "Ilustrazioa, gizakiaren irteera da bere erruzko adingabetasunetik". Adingabetasuna, besteren gidaritzarik gabe nor bere adimenaz baliatzeko ezintasuna da. Norberaren erruzkoa, nor bere buruaz besteren gidaritzarik gabe erabakitzeko gaitasun eta kuraiarik ezean baizik. Beste horiek tutoreak dira (itsu-itsuan jarraitzen badira), zeintzuengandik askatu beharko den gizakia Ilustrazioaren bidean aurrera egiteko.
Aurreiritziak eta Ilustrazioa
Baina posible da aurreiritziekin elikatuta izan direnen artean ezin izatea ilustratzea. Aurreiritziak zabaltzea oso kaltegarria dela dio Kantek; azkenean, zabaldu zituztenen kontra mendekatzen direlako.
Iraultza eta Pentsamendu Askea
Astiro-astiro bakarrik lor daiteke aurrerapena bideratuko duen pentsamendu askea. Kantek Frantziako Iraultzan burutuko ziren herri errebolten berriak gogoz jarraitzen zituela badakigu, zilegizkoa iruditzen zaiola aurreko lege-egitura hobetzen duelako. Hala ere, gizarte iraultza batek dituen arriskuez mintzatzen da: Iraultza batek beharbada tirano diruzale eta botere-zale zapaltzaile batekin amaitzeko baliagarria izan daiteke, baina sekula ere ez du pentsaeraren benetako berrikuntzarik ekarriko. Iraultzek aurreiritzi berriak jarriko dituzte zaharrak zeuden lekuan.
XIX. Mendeko Joera Filosofikoak: Arrazionalismoa eta Enpirismoa
XIX. mendeko bi joera filosofiko aurkitu daitezke: Arrazionalismoarentzat ezagutzerako iturri gisa arrazoia buruzkia da. Enpirismoarentzat, berriz, ezagutza iturria zentzumenak dira, esperientzia sentsiblea. Modernitateko bi korronte filosofiko hauek elkar kontrajartzen dira, baina biek ezagutza prozesuan subjektuaren papera zein den ikertu zuten.
Kanten Kritisizmoa: Arrazionalismoaren eta Enpirismoaren Uztarketa
Kantek, Humen lanak irakurri ondoren, arrazionalismoaren dogmatik askatzean, arrazionalismoa eta enpirismoa uztartu zituen. Horren emaitza da kritisizmo kantiarra. Kant ezagutzaren mugak zeintzuk diren azaltzen saiatu zen, horretarako arrazoiaren ahalmen eta mugak aztertu zituen. Ezagutza zientifikoaren esparrua zein zen zehaztu nahi zuen, eta metafisika zientzia gisa hartu ote zitekeen argitu nahi izan zuen. Lanketa hau "Arrazoi hutsaren kritika" liburuan burutu zuen.
Arrazoia eta Esperientziaren Arteko Harremana
Kantek interes handia zuen arrazoimenaren eta esperientziaren arteko harremanean. Bere ustez, bi ikuspegiak garrantzitsuak ziren, eta ezagutza osoa eta egiazkoa lortzeko biak bateratu beharra zegoen. Kanten arabera, arrazoia mundua ulertzen laguntzen diguten kontzeptu unibertsalak lantzeko gai da. Baina kontzeptu horiek esperientzian oinarrituta badaude bakarrik dute balioa.
Ezagutzaren Prozesua: Esperientzia eta A Priori Formak
Gakoa, arrazoiaren dogmatismotik askatzearekin batera, enpirismoaren eszeptizismoa gainditzea zen. Kantek dio ezagutza oro esperientziarekin hasten dela, baina ez esperientzian bertan amaitzen. Ezagutzaren prozesuan, esperientziatik eratorritako materia edo informazioari subjektuak berarekin daramatzan a priori formak gehitzen dizkio. A priori formak beharrezkoak dira errealitatearen ezagutza lortzeko. Hauek gizaki guztiok ditugun kontzeptu edo ulermen egiturak dira. Ez datoz esperientziatik, gizakiarengan daude, berezkoak ditu gizakiak. Kanten arabera, badaude esperientziarenak ez diren kontzeptu batzuk (a priori formak) ezagutza lortzeko beharrezkoak. Baina hauek beti ere, esperientziari ezarri behar zaizkio, bestela arrazoia ilusio transzendentalean eroriko da, enpirikoki frogatu ezinezko ideia hutsetan.
Sentsibilitatearen Formak: Espazioa eta Denbora
Kantek dio zentzumenen datuak ulertzeko subjektuak horiek antolatu egin behar dituela. Lehen pausua a priori forma zehatz batzuk eranstea da zentzumenen datuei, zehazki sentsibilitatearen formak: espazioa eta denbora. Espazioa eta denbora ez daude objektuengan. A priori forma hauek subjektuarengan daude, eta hark ezartzen dizkie zentzumenek jasotako materiari. Zentzumenetatik datozen datuak espazioan eta denboran kokatuta fenomenoa sortzen da. Kantek dio gizakiak soilik fenomenoa ezagutu dezakeela.
Adimenaren Kategoriak eta Ezagutza
Ondoren, fenomenoari zentzua eta esanahia ematea ahalbidetzen duten adimenaren a priori formak gehitu behar zaizkiola aipatzen du. Horiek kategoriak dira. Fenomenoari kategoriak aplikatuta errealitatea ulertzera eta ezagutzera iritsi daiteke subjektua.
Fenomenoa eta Noumenoa: Metafisikaren Ezintasuna
Kanten ustez, beharrezkoak dira a priori formak zentzumenen bidez jasotako informazioari aplikatzea ezagutzeko. Ezagutu daitekeena fenomenoa da, eta ez noumenoa (gauza bere baitan edo gauza berez den bezala). Horregatik, gaineratu zuen metafisika ezin dela zientzia izan, esperientziaren mugak gainditzen dituelako.
Ezagutza: Subjektuaren eta Objektuaren Arteko Sintesia
Ezagutza, orduan, subjektuaren eta objektuaren arteko sintesia da; objektuak emaniko baldintza enpiriko batetik, eta subjektuak jarritako baldintza formalak bestetik. Esperientziak ezartzen dio muga ezagutzari eta a priori formek unibertsaltasuna eta beharrezkotasuna. A prioriko formei esker lortzen ditugu fenomenoak eta horien inguruko legeak. Lege natural horiek subjektuak eraikitzen ditu. Ez dugu errealitatearen argazkia egiten, betaurreko modukoak diren a priori formen arabera eraldatzen eta margotzen dugu mundua. Kantek horri bira kopernikarra deitu zion.