XVIII. Mendeko Euskal Literatura: Iparralde eta Hegoaldeko Idazleak

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 5,7 KB

XVIII. Mendea Iparraldean: Sarrera

Gehienak elizgizonak dira oraingoan ere. Baina ez dago Sarakoaren moduko talde esanguratsurik. Mendea gorabehera handikoa suertatzen da. Borboien agindupean jarraituko du Ipar Euskal Herriak. Baina ehun urte horietan aldaketak daude Frantziako Iraultza bortitzaren ondorioz. Gerrak, alde batetik, foruen deuseztapena eta, bestetik, Estatu frantses berriaren antolamendu bateratua ezarriko zaie hiru probintziei. XVIII. mendea Ilustrazioaren garaia, jakinmin orokorraren eta Entziklopediaren sasoia dugu. Arrazoiaren nagusitasuna aldarrikatzen da; gizabanakoaren balioa azpimarratzen; zientzia eta teknikaren ahalmena sinesten. Ideia berriok gutxitan izango dute oihartzuna Iparraldeko euskal idazleen artean. Argitaratzen diren obrarik gehienak elizgizonak moldatuak ditugu eta erlijioaren betiko ildotik ari dira.

Joanes Etxeberri Sarakoa (1668-1749)

(Ez zen erlijiosoa, lapurtarra zen) Jesuitekin ikasi ondoren, medikuntza karrera burutu zuen. Jaioterrian, Saran, ekin zion sendagile lanari, baina gerora Hego Euskal Herrira etorri zen. Azkoitian ibili zen. Kultua eta oso euskaltzalea zen. Aurreko gizaldietako idazleen lanak irakurrita zituen. Sarako erretorea buruzagitzat eta aitzindaritzat zeukan eta haren lanari jarraipena eman nahi zion. Bere idazlan guztiak euskararen gainean egin zituen:

  1. Lau Urduri Gomendiozko Karta edo Gutuna. Ordurako gauzatuak zituen liburuak argitaratu ahal izateko, laguntza eskatu zion Etxeberrik Lapurdiko Biltzarrari. Inprimaturiko liburuxka honetan bere egitasmoa azaldu zuen. Baina biltzarkideek ez zioten jaramon handirik egin eta horregatik ezin izan zituen bere lanak plazaratu.
  2. Eskuaren Hastapenak. Ez datoz jatorri kontuak soilik. Gure hizkuntzaren gorazarre sutsua dugu, hegoaldeko apologistek ez bezala euskaraz moldatua.
  3. Euskarazko Hastapenak Latin Ikasteko. Garai hartako kultur hizkuntza latina zen oraindik. Euskaldunak, baina, gaztelaniazko edo frantsesezko ikasbideetara jo behar izaten zuen latinaz jabetzeko.

Bizi izan artean lehenengo liburuxka bakarrik kaleratu zuen Etxeberrik. Bigarrena eta hirugarrena XIX. mendearen hasiera arte lotan egon ziren. Laugarren obra bat ere bazegoen: hiztegia, euskaraz, latinez, frantsesez eta gaztelaniaz atondua. Larramendik ezagutu eta erabili zuen, baina badirudi betiko galdua dela.

XVIII. Mendea: Hegoaldeko Idazleak

Agustin Kardaberaz (1703-1770)

Hernaniko seme honek Jesuiten ikasketak burutu eta gero, Bilbo, Oñati eta Loiolako egoitzetan bizi izan zen; irakaskuntzan jardun zuen batzuetan, baina batez ere herririk herri sermoigintzan. Osasun aldetik makaldu zenean, Loiolako komentutik ia irten gabe egon zen hamabi bat urtetan. Orduan idatzi zituen bere euskarazko libururik gehienak. Ez zitzaion zahartzaro lasaia egokitu. Jesuitak egotzi zituzten bere erreinuetatik eta Italiara jo behar izan zuten; hara iritsi eta laster hil zen. Kardaberazek moldatu zituen lanik gehienek bere lanbidearekin zeukaten zerikusia; horregatik, eliz gaiei buruz idatzi zuen batik bat. Dozenatik gora liburu erlijioso utzi zigun; gipuzkeraz gehienak, baina bizkaieraz ere bai. Arlo horretatik kanpo gelditzen den lan txiki bat ere badu: Euskararen Berri Onak. Apaizei eta eskolako maisuei eskainia, euskaraz ondo irakurri, idatzi eta hitz egiteko erregelak ikas ditzaten. Larramendiren eragina garbi nabaritzen zaio.

Sebastian Mendiburu (1709-1782)

Oiartzungo jesuita hau Nafarroa eta Gipuzkoan aritu zen sermogintzan, Kardaberaz bezala Italiara atzerriratu zen arte. Euskaraz garai hartako hizlari dotorenetzat zeukaten, bere etorri eta mintzamolde garbiarengatik. Jesusen Bihotzarekiko zaletasuna hedatzea zen bere helbururik nagusiena.

  1. Jesusen Bihotzaren Deozioa: beste batek idatzitako liburuaren moldapena. Larramendiren hitzaurre gogoangarri bat darama.
  2. Jesusen Amore-nekei Dagozten Zenbait Otoitz-gai. Mendibururen lanik mardulena da, 88ko Ugartez (erreflexiorako gai) izenekoa.
  3. Euskaldun Onaren Biziera ere otoitzbide bat dugu.

Jesuitak atzerriratu ondoren, asko urrutu zen Hegoaldeko produkzioa. Ubillos.

Pedro Ignazio Barrutia (1682-1759)

Nahiz eta Arabako Aramoian jaio, Arrasaten bizi izan zen Barrutia ia bere bizitza osoan. Eskribaua izan zen lanbidez. Antzerki lan bitxi honen eskuizkribua utzi zigun. Gaia Gabonetako misterioa izan arren, Arrasate ere sarritan azaltzen zaigu, leku-denbora aldetiko nahasketa arraro samarra baina polita gauzatzen delarik. Hori Grazioso edo Barregarriaren papera jokatzen duen pertsonaiaren bitartez lortzen du Barrutiak.

Prosa Erlijiosoa

Aurreko mendeko tradizioaren jarraipen gisa, literatura eliztarrak fruitu pilatxoa eman zuen. Gehienetan ez ziren lan originalak, moldapenak eta itzulpenak ziren.

Lan Ez-Erlijioso Batzuk

Mende honetako lanik originalenak inprimatu gabe geratu zirenak dira beharbada. Jusef Egiategi maisu zuberotarraren eskuizkribuen historia: ez ziren 1960 ingurura arte aurkitu eta hiru liburutatik bakarra dago publikaturik, Filosofo Uskaldunaren Ekheia izenekoa. Egiategiren lanaren berezitasuna filosofia herritar antzekoa izatean datza. Herritarra bai, baina ez oso irakurterraza, hizkera garbizalea erabiltzen duelako. Iparraldeko idazlea izanik ere, Larramendiren hiztegiko neologismo asko sartzen ditu.

Baionako Euskal Museoan gordetzen den koaderno txiki batean bertsoak biltzen dira. Hogeita hamar poematik gora. Kontapoesia da gehienbat: sasoi hartako gertaera, pasadizo, eztabaida, gatazka, herri eta pertsonaien albisteak ematen zaizkigu. Bertso batzuen egileak ezagutzen dira, beste asko anonimoak dira. XIX. mendearen bukaeran publikatu zen koaderno osoa.