Zelula: Osagaiak, Funtzioak eta Antolaketa Motak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Biología
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,79 KB
1. Zelula: Oinarrizko Osagaiak eta Funtzioak
Zelula izaki bizidunen oinarrizko unitatea da. Zelulak funtsezko osagai hauek ditu:
- Mintz Zelularra: Zelula inguratzen duen egitura oso aktiboa da. Zelularen osagaiak sistematik irtetea eta galtzea eragozten du, hau da, zelulak zelula izateari uztea. Horrez gain, zelularen barnealdearen eta kanpoaldearen arteko substantzia mugimendua erregulatzen du.
- Zitoplasma: Barneko ingurune jariakorra da, kimikoki aktiboa. Entzimek katalizatutako erreakzio metabolikoen bidez, energia handiko elikagaiak erabiltzen ditu, funtzio hauek betetzeko:
- Zelularen osagaiak sortzea eta berritzea.
- Kanpoko eta barneko aldaketei erantzutea.
- Material Genetikoa (Azido Nukleikoa): Bikoizteko eta zelularen hazkuntza kontrolatzeko ahalmena duen polimero molekula batek edo batzuek osatzen dute, eta zelula haztea eta ugaltzea ahalbidetzen du.
Zelularen Bizi Funtzioak
Zelula makromolekula eta organulu zelularren multzo erabat antolatua da, eta makromolekula zein organulu horiek biziari lotutako funtzio guztiak betetzen dituzte:
- Nutrizio Funtzioa: Zelulari ingurunearekin materia eta energia trukatzea ahalbidetzen dioten prozesuak barne hartzen ditu. Truke hori erreakzio kimikoen bidez (metabolismoa) gauzatzen da eta bizia bermatzen du.
- Erlazio Funtzioa: Zelularen barneko zein kanpoko ingurunean gertatzen diren aldaketak antzemateaz arduratzen da, eta aldaketa horiei erantzun egokia ematen die, baldintza zelularrak egokiak eta ingurunearekin orekatuak izan daitezen (homeostasia).
- Ugalketa Funtzioa: Zelularen kopiak sortzea ahalbidetzen du. Prozesu hori ezinbestekoa da Lurreko bizia hedatzeko.
1.1. Teoria Zelularra eta Postulatuak
XIX. mendearen erdialdean, Matthias Schleiden alemaniar botanikariak eta Theodor Schwann eta Rudolf Virchow alemaniar medikuek Teoria Zelularra adierazi zuten. Teoria horren arabera, zelula izaki bizidunen unitate egiturazkoa, funtzionala, ugalketakoa eta genetikoa da.
Teoria Zelularraren postulatuak:
- Egiturazko Unitatea: Zelula izaki bizidun ororen oinarrizko unitatea da.
- Unitate Funtzionala: Zelula oro sistema ireki bat da. Sistema horrek materia eta energia truka ditzake ingurunearekin eta bizirik iraun dezake, bizi funtzioak betez.
- Ugalketa Unitatea: Zelula oro aurretiko beste zelula bat zatitzean sortzen da.
- Unitate Genetikoa: Zelula bakoitzak bere baitan darama bere garapena eta funtzionamendua erregulatzeko behar duen informazio hereditario guztia, baita informazio hori zelula-kumeei transmititzeko behar duena ere.
2. Antolaketa Zelularra: Motak
2.1. Zelula Prokarioak
Zelula prokariotek ez dute endomintz sistemarik eta, hortaz, ez dute ez mintzez inguratutako barne organulurik, ez nukleorik. Peptidoglikanozko zelula pareta dute. DNA zirkularra eta biluzia da, hau da, ez dago histonei lotuta. Zitoplasmaren erregio garden eta zentral samar batean kokatuta dago; erregio horri nukleoide deritzo. Bakterioen zelulak dira.
2.2. Zelula Eukariotak
Zelula eukariotek endomintz sistema dutenez, mintz bakun batek mugatutako organuluak dituzte, eta batzuetan baita mintz bikoitz batek mugatutakoak ere (mitokondrioak eta kloroplastoak). DNA lineala da, histonei lotuta dago eta kromatina eratzen du. Nukleo baten barruan kokatuta dago, eta nukleo hori mintz nuklear bikoitz batek bereizten du zitoplasmatik.
Zelula eukariotak bi motatakoak izan daitezke:
- Animalia-zelula Eukariotak: Metabolismo heterotrofoa dute. Animaliek, protozooek eta onddoek dituzte horrelako zelulak. Onddoek, gainera, kitinazko zelula pareta dute, mintz plasmatikoa kanpotik estaltzen duena.
- Landare-zelula Eukariotak: Metabolismo autotrofoa dute (fotosintesiaren bidez). Landareen eta algen zelulak dira. Zenbait desberdintasun dituzte (adibidez, fotosintesiaz arduratzen dira) eta oso bakuola garatuak dituzte. Horrez gain, ez dute ez zentrosomarik, ez lisosomarik; eta zelulosazko zelula pareta dute, mintz plasmatikoa kanpotik inguratzen duena.
Eukarioten Ezaugarri Nagusiak
Zelula eukariotak prokariotak baino handiagoak eta konplexuagoak dira. Ezaugarri nagusiak:
- DNA nukleoa osatzen duen mintz batez inguratuta dago.
- Organulu ugari dituzte (3 motatakoak):
- Mintz gabeak: Erribosomak, zentrioloak, mikrotubuluak.
- Mintz bikoitz batez inguratuak: Nukleoa, mitokondrioak, kloroplastoak.
- Mintz bakar batez inguratuak: Lisosomak, bakuolak, Erretikulu Endoplasmatikoa, Golgi aparatua.